«Loreek iraileko koloreak daramatzate jada» Barbara abeslari paristarrak zioen bezala. Loreak dira Greziako estatuko erakundeen zilegitasun galeraren lekuko. Loreak daude duintasunaren bila Europara datozen errefuxiatuen galga izan nahi duten alanbre-arantzadunen artean. 27 uda joan dira ere Euskalerria irratiak lizentziarik izan gabe eta udagoienaren ateetan eskuratu dute zegokiena.
Iraileko loreekin eztabaidak, aisialdia, janaria eta edaria, formazioa, liburuak itzuliko dira. Aurten arrakasta izan duten zikloak izango ditugu ostera ere –irakurle taldeak, ardo dastatzeak, ekoafariak– eta orain arte egin gabekoak izango ditugu, formakuntzan bereziki. Hementxe kontatuko dizuegu, astero, eta sare sozialetan eta harrera egingo diguten komunikabideetan.