Salgaien zerrenda

Zergatik entzun behar duzun BBBBren Ildoa landuz albuma

Bertolt Brechten poema ofizialista hartan esaten zen: gobernuari herria gustatzen ez bazaio disolba dezala eta berri bat hautatu. Eta hori egiten du Ildoa landuzek: ordura arteko entzule hilak berregin edo Gumbo ibaiertzean abestian dioten bezala: Moskuko urrea kalean bertan urtu. Eta urre urtuarekin entzuleri berri bat egin. Berregite ariketa horretan bere burua eraldatu du BBBBk.

NOLA? da afera
Soraluze herri proletarioko disketxe batean. Harrobi beltza sistematikoki landu duen Gaztelupeko Hotsakekin. Barañaingo Nabean grabatua: Iruñerriko gaztetxe eraitsien zikloaren osteko eraberritze ederretako batean.
Promoetako egutegiez paso egiten: diskoaren aurretik materiala ateratzen, gerora aldatzen, lotsarik gabe. Disko hau argazki finko bat da, eta BBBBkoak, guztiok bezala bizirik daude. Zuzenetakoetan joko dituzte abesti hauek, hauen eraldaketak eta ordurako material berria egongo da.

NOREKIN? da afera
Kontzientzia ariketa bat izan da disko hau: zerbitzari mexikar batek egin du albumeko argazkia, multi-kazetari batek soinu grabaketa, serigrafia egile bat Yolanda Barcinari maitasun-gorroto kantua egiten, sukaldari batzuk garraxi desafinatuekin, okinak bideogintzan eta diseinuan, maisuak puzka, behin-behineko lanak dituztenak abeslari. Prekariatua entxuferik gabe. Sofistikatuak dira eta zuzenak.
Munduarekin zegoen lotuta orain arte ere BBBB. Baina disko honekin Iruñerriko zera erradikal horretako alderdia bihurtu da. Karnetik eta sarrera frogarik gabeko alderdi bat: dantza egitea, mugikorrean entzutea, second linean egotea aski da. Eskuzabaltasun ariketa bilateral bat.

ZER? da afera
Abesti ederrak. Neurosiaren eta autozentrismo musikalaren garaian – goibel nago eta jakin dezala munduak – festa, aldarrikapena, disonantziak, swinga, aldarrikapena, abesti luzeak, zuzenak, soloak nahi beste, hizkuntzen eta erritmoen entsalada, groove eder bat, progresio finak, oihuak.
Ehundura aberatsak – kitarren eta baterien monotoniara ohituta dauden eskualde batean – kaxak, panderoa, ezkilak, eskuak, saxoak eta metalak nahi beste. Balerdi Balerdi edota Tijuana in Blueri keinuak, The Sustraiansi.
Egia da frikitasunaren eta politikaren izenean musika aski tamalgarria egin dela. Baina egi bera da frikitasunik – begira Wagner, Elliot, Yeats, Döblin – eta politikarik gabe – begira Beethoven, Bach, John Coltrane, Hanns Eisler, Kurt Weill, Billie Holliday, D'Angelo, Xostakovitx, Borges – ez dela artelan nabarmenik egon.

Hedoi Etxarte

Irudian Milnsbridge Socialist Brass Bandeko kideak uniformea jantzi berritan.



Gaiari buruzko artikuluak