Salgaien zerrenda

«Walden» IRUTXULOKO HITZAn

Thoreauren 'Walden' klasikoa euskarara ekarri du Danele Sarriugartek

Donostia | Kultura
2021/11/30
Xalba Ramirez

Henry David Thoreau filosofo estatubatuar ezagunaren Walden klasikoa kaleratu du Katakrak argitaletxeak, Danele Sarriugartek euskarara ekarriaz. Argitaletxeko Hedoi Etxartek adierazi duenez “klasikoa, are, sakratua” den obra bat da. “Biblia, Manifestu komunista, Ogiaren konkista edo Bigarren Sexua-ren moduan”, tradizio bakoitzak bere erreferenteak behar ditu, eta “Walden da ekologismoaren edo buruaskitasunarekin lotura duten tradizio politikoaren erreferentzietako bat”.
Etxartek gehitu duenez, “ikusten erakusten dizun liburu bat da”. Naturarekiko ikuspegi, errespetu eta garrantzia lantzen baitu Thoreauren liburuak, mundu osoko erreferentziekin nahastuta.

“Esperimentu probokatzailea”

Desobedientzia zibila teorizatzeagatik da batez ere ezaguna Thoreau gurean. Walden-en ordea, bestelako gai batzuk jartzen ditu mahai gainean. Antonio Casado da Rocha, filosofo eta hitzaurrearen egileak –eta “inguruotan dugun aditurik handiena” Etxarteren ustez–, desobedientziaren ifrentzua dela dio: “Politika bat proposatzen du hemen. Politika gertukoago bat, positiboago bat. Elkarren osagarri egiten du”.

“Esperimentu” bat eraman zuen aurrera, Sarriugartek aipatu duenez: “Bi urtez joan zen bere herri ondoan zegoen Walden lakuaren ondoko etxola batera bizitzera”. “Esperimentu politiko eta probokatzaile” gisa definitu du Casado da Rochak.

Gauza txikien politika

Sarriugartek kontatzen duenez, ez da buruaskitasun esperimentu soil bat, Robinson Crusoeren gisan, “alternatiba bat eskaini nahi zuen. Garaian sortzen ari zen industrializazio eta kontsumismo ereduei alternatiba bat”. Gehitu duenez, “abiadurari kritika egiten dio, gure garaian ezin hobe ulertzen diren kritikak”, hain zuzen. Garaikide balitz bezala irakurtzeko gonbidapena egin dute, Thoreauren ariketa oraindik baliozkoa delakoan: “Basora joan zen, bizitzaren muina zer den deskubritzera. Eta hori kontatu zuen, bere gauza on eta zeken guztiekin”.

Casado da Rochak gehitu duenez, “txikian handia topatzearen printzipioa” jarraitzen du, eta horregatik, “gauza txikien politika bat dago Walden”. Deshazkundea, burujabetza, ekologismoa eta oro har, bizitzarekiko etika bat ikusten ditu filosofoak. Casadok berak onartuta, “beste jende askori bezala, liburu honek bizitza aldatu zidan”. Azken finean, “norberak bere bidea egiteko gonbidapen bat da Walden“.



Gomendatutako liburua:

Walden

22,00 €

Badugu


Gaiari buruzko artikuluak