Salgaien zerrenda

«Urpean murgildu» DIARIO VASCOn

Lidia Txukovskaiaren ahotsa entzunarazi du berriro Josu Zabaletak

'Uretan murgildu' nobelaren itzulpena argitaratu du Katakrak-en eskutik, «memoriaz eta diskurtso publikoaren» osaketaz diharduena
Lidia Txukovskaia, data zehatzik gabeko argazkian.
N. AZURMENDI
2021eko ekainak 5

Josu Zabaleta (Legazpi, 1948) ibilbide luzeko itzultzaileak errusiera ikastea erabaki izanak, eta prozesuan errusiar literaturarekin maitemintzeak, ahalbidetu du, besteak beste, Lidia Txukovskaia (San Petersburg, 1907-Mosku, 1996) euskaraz irakurtzea.

2019an Txukovskaiaren 'Sofia Petrovna' ekarri zuen, Katakrak argitaletxearen eskutik. Berriki aurkeztu du, Katakrak-eko editore Hedoi Etxarterekin batera oraingoan ere, 'Urpean murgildu'. Nobela honetan XX. mendeko gora-beheretan hamar bat urte egin zuen aurrera Txukovskaiak, baina bete-betean eutsi zion horrenbeste buruhauste eman zizkion ikuspegi kritikoari.

Ezkutuan idatzi behar izan zuen eta sorterrian 1988ra arte argitaratu gabe egon zen 'Sofia Petrovna'-n, XX. mendeko 30eko hamarkadan Stalinen menpeko Sobietar Batasunean milioika pertsonak –besteak beste, atxilotua eta afusilatua izan zen bere senarrak– jasan zuten Terrore Handiaren testigantza jaso zuen.

'Urpean murgildu'-n, berriz, «gerraosteko lehenengo purga handia» kontatu zuen, batez ere artista eta sortzaile 'kosmopolitei' eragin ziena, are gehiago juduak baziren. «1948-49 garai hori deskribatzen du. Bemolak eduki behar ziren horretarako!», itzultzailearen ustez. Estaltzen zirenak azaleratzea eta ahots kritikoz mintzatzea ez zitzaizkion debalde atera Txukovskaiari: «Geroz eta problema gehiago izan zituen, Idazleen Elkartetik bota zuten, eta debekatu egin zuten bere izena aipatzea. Borratu nahi izan zuten historiatik».

Horregatik. Nikolas II.aren menpeko Errusian jaio eta Boris Ieltsin presidente zela hil zen Txukovskaiaren ahotsa entzunarazten den aldi oro da «emakume harrigarri eta kementsu» hil ondorengo garaipen txiki bat.

'Urpean murgildu'-k lotura zuzenak ditu 'Sofia Petrovna'-rekin, eta bi eleberriek dute zerikusia idazlearen izaerarekin eta bizitzarekin. Protagonista Nina Sergueievna itzultzailea da. Zabaletaren hitzetan, «Txukovskaiaren beraren eta Anna Akhmatovaren nahasketa bat». Ez da kasualitatea, alegia, protagonista itzultzailea izatea, «errepresio garai haietan idazle asko itzultzaile bihurtu ziren baitziren nahi zutena esan ahal izateko. Akhmatova bera, esate baterako. Nere liburuak debekatuta zeuden, baina itzultzaile bezala sariak ematen zizkioten».

Sergueievnak aukera du egonaldi bat egiteko Finlandiaren mugan dagoen idazle-etxe batean. Buruan daukan lana idazteko, bere oroitzapenetan murgildu beharra, «baina ametsetan ikusten du hil dioten senarra, eta badaki bizi den bitartean ezingo duela inork irakurri idatzi nahi duen hori».

Idazle-etxean denetariko jendea topatuko du, «olerkari judua; kazetaria; zientzia fikzioa idazten duena; herriko jendea; etxeko langileak...». Denak daude, era batera edo bestera, errepresioak ukituta, baina askok nahiago dute dauden bezala jarraitu, isilik, arriskatzea baino.

Eleberrian garrantzi handia dute protagonistak etxeko zenbait biztanlerekin, batez ere batekin, dituen harremanek; beldurra eta errepresioa ere beti daude presente. Zabaletaren ustez, baina, liburuaren gai gai nagusia beste bat da, «oso aktuala: memoria, eta nola antolatzen den diskurtso publiko sozial eta politikoa, zein baliabide erabiltzen dituen botereak bere errelatoa zabaltzeko eta denen buruetan sartzeko». Horietako baliabide bat, alegia, hizkuntza da.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak