Salgaien zerrenda

«Rote Zora» DIARIO DE NOTICIASen

Rote Zora, sistemaren kontra eztanda egin zuten emakumeak
‘Hiri-gerrilla feminista piztiaren bihotzean’ liburuan, Katakrakek talde armatu honen historia berreskuratu du
Miren Mindegia

24·09·23 | 11:08

Berlinen 1983an emakumeen indarkeriaren kontra ospatutako manifestaldi bat. Argazkia: Sybille Ostermann

Berlinen 1983an emakumeen indarkeriaren kontra ospatutako manifestaldi bat. Argazkia: Sybille Ostermann FFBIZ artxiboa

“Zergatik ez du izurik eragiten gizon batek emakumeak erosi eta saltzeak, eta bai, aldiz, gizon horren autoari su emateak? Gizarteak bidezkotzat hartzen duen biolentzia onartu egiten da eta, aldiz, baztertu egiten da haren kontrako defentsa”. Emma aldizkari feministan 1984ean Rote Zora talde armatu feministako bi kideri egindako elkarrizketa batean emandako erantzun honek argiki jaso zuen taldearen izpiritua: indarkeriari, indarkeriarekin erantzutea.

Rote Zora (RoZo) 1974ean Mendebaldeko Alemanian sortu zen hiri-gerrilla feminista bat izan zen, bere aktibitatea 1995a arte luzatu zuena. Emakumeak zapaltzen zituen sistema errotik suntsitzeko asmoa izan zuen. Segurtasun indarren azpiegituren, enpresen, epaitegien eta lantegien kontrako 45 eraso egin zituen, patriarkatuaren, inperialismoaren eta militarismoaren aurka. Alta, ez zuten inoiz inor zauritu.

Baina nondik eta nola eratu zen taldea? Zeintzuk ziren bere pentsamoldearen oinarriak? Katakrak argitaletxeak plazaratutako Rote Zora. Hiri-gerrilla feminista piztiaren bihotzean lanean aurkitzen dira galdera hauen erantzunak. Liburuak, izan ere, RoZo-k bere ekintzetan propaganda gisa banatzen zituen testuetako batzuk eta aipatu elkarrizketa biltzen ditu, David Lindermannek itzulita. “Aurretik bazegoen zelula autonomo bat, Zelula Iraultzaileak deitzen zena, alemanez Revolutionäre Zellen (RZ)”, azaldu du Lindemannek. “Hauen barruan sortu zen Rote Zora, eta izen hori hartu zuten, batetik, sigla berdinak mantentzeko; eta bestetik, aberatsei ebatsi eta ebatsitako hura pobreei ematen zioen pertsonaia literario baten izena zelako”.

Gaueko militanteak

Hiri-gerrillak Alemaniako 1967ko gazteen errebolten biharamun luzearen elementuetako bat izan ziren. Guztira, bost gerrilla izan ziren nagusi garai hartan, eta horietako bat zen, hain zuzen ere, Revolutionäre Zellen talde antiinperialista, antisionista eta marxista autonomoa. Taldeak 1973 eta 1993 artean egin zituen 186 erasoetako ezagunenetako bat izan zen 1976an, Air Franceko hegazkin baten bahiketa, Palestinaren Askapenerako Herri Frontearekin batera.

Testuinguru horretan sortu zen RoZo, RZ-ren baitan zeuden emakume batzuek osatuta. “Emakumeen kontrako indarkeria eta abortuaren debekua ziren garai hartan emakumeen mugimenduak zituen borroka nagusiak. Talde mixtoan, gai horiek lantzeko borrokan ibili beharra ziren, soilik emakumeen gaitzat hartzen baizitzuzten, eta horregatik sortu zuten euren talde propioa”. Bi taldeetako militantziek, noski, ezaugarri komunak eta bereziak zituzten, orduko bestelako gerrilla gehienetatik desberdintzen zituztenak.

Horietako bat zen militantzia ez zela egunean 24 ordukoa. Emma aldizkarian egindako elkarrizketan RoZo-ko kideek azaldu zuten moduan, 20 eta 51 urte bitarteko emakumeek osatzen zuten taldea: “Supermerkatu higuingarri horietan egiten ditugu erosketak, etxe itsusietan bizi gara; gogotsu joaten gara osteratxo bat egitera, edo zinemara, antzerkira, diskoteketara, eta jaiak egiten ditugu. Ezer ez egitea ere maite dugu. (...) Baina ekintza bat ondo ateratzen zaigunean, biziki pozten gara”. Eguneroko “normala” zeramaten emakumeak ziren, beraz, eta horrek bilakatu zituen, hain zuzen ere, identifikaezin. “Oraindik ere zeintzuk ziren zehazki ez dakigu”, adierazi du Lindemannek, “soilik horietako bi espetxeratu zituzten, beste guztien izenak inork ditu ezagu-tzen”.

Zapalkuntzaren aurrean, indarkeria

Abortuaren legea eztabaidagai nagusietako bat izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan Alemania Federaleko jendartean, baita garai hartan sortu zen mugimendu feminista indartsuan ere. Legea bertan behera uzteko aldarrikapenak lotura estua zuten emakumearen aurkako indarkeriaren auziarekin, zeinak, abortuaren auziak bezala, modu berean eragiten baitzien klase eta maila desberdinetako emakumeei eta ikasleei. Gizarte-testuinguru guztietako emakumeak, etxekoandreak, adineko emakumeak, langile zein ikasleak, eta, jakina, sindikalistak, aliantza zabala osatu zuten. Rote Zorako kideek ere bat egin zuten borroka horrekin. “1974ean bonba bat jarri genuen Epaitegi Konstituzionalaren aurka. 1977ko Walpurgis edo sorginen gauean, berriz, bonba bat leherrarazi genuen Medikuen Elkargoan; erreforma txiki bat egin nahi zitzaion abortuaren legeari, eta Medikuen Elkargoa aldaketa hori oztopa-tzen ahalegindu zen; beraz, guk gure esku genituen baliabide guztiak erabili genituen”.

Hala ere, abortuarena ez zen euren aldarri eta borroka bakarra izan. Guztira, aipatu bezala, 45 eraso egin zituzten, helburu desberdinekin, betiere kapitalismoaren, industria farmakologikoaren, emakumeen gorputzen eta erreprodukzio gaitasunaren merkantilizazioa sustatu eta bilatzen zuen sistemaren, inperialismo borti-tzaren, manipulazio genetikoaren, kartzela sistemaren edota migrazio-politika arrazisten kontra, besteak beste. Euren ekintzen bitartez, hala, bat egin zuten langile-borrokarekin edota beste herrialdetako emakumeen erresistentzia mugimenduekin, tartean Kurdistango emakumeekin, esaterako.

“Bertute horrengatik guztiagatik”, dio liburuaren argitaletxeak, “Alemaniako Estatuak eskura zuen indar guztiarekin zigortu zituen RoZo, taldekideak eta haien babesleak, feminismotik dena aldatu nahi zutelako, den-dena aztertu nahi zutelako feminismoaren, antikapitalismoaren eta antiinperialismoaren ardatzetik”. Eta guzti hori, legez kanpoko ekintza zuzenen bitartez, “sua erabiliz”, egin zuten. “Legearen araberako borroka ez da nahikoa, ohiko zapalkuntza-moldeak eta indarkeria egiturak legezkoak baitira. (...) Ez gaude prest horrelakoak jasaten jarraitzeko, eta salaketa hutsez ez ditugu desagerraraziko”.

Poliziak zailtasunak izan zituen taldekideak identifikatzeko, baina “eskura zituzten baliabide guztiak erabiliz”, azkenean horietako bi atxilotu eta gartzelaratzea lortu zuen. Beste hiru erbesteratu egin ziren.

1980ko hamarkadan bere ekin-tzekin aurrera jarraitu zuen taldeak, baina 90eko hamarkadan sartu ahala aktibitatea murriztuz joan zen, 1995ean behin betirako desagertu zen arte. “Bihotz oro denbora bonba bat da”, zioten. Emakume hauenak, zalantzarik gabe, eztanda egin zuen zapaltzen zituen munduaren kontra.

ikus-entzun dokumentala, iruñean

lll Katakraken, bihar. Rote Zoraren historia berreskuratu eta kontatzen duen Frauen bildet Banden dokumentala emanen da bihar, Katakraken, 19:00etan. Las Otras alemaniar zinemagile kolektiboko kide batek aurkeztuko duen emanaldia Euskal Herriko hainbat lekutara iritsiko den biraren abiapuntua izanen da: Larrabetzu, Soraluze, Gasteiz, Bilbo (irailan eta urrian), Otxandio eta Donostia izango ditu hurrengo agertoki. Dokumentalean, hainbat lekukoren bidez, Rote Zoraren inguruko historialari eta kide ohien testigantzekin, garai hartako emakume mugimenduaren eta taldearen historia kontatzen du dokumentalak.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak