«El algoritmo paternalista» en la SER
Abenduak 04 Asteazkena
Ibilbide baten amorru eta samurtasun hitzak
'Rote Zora. Hiri-gerrilla feminista piztiaren bihotzean (1974-1995)' liburua plazaratu du Katakrak argitaletxeak. Taldearen testuen eta hari buruz idatzitakoen bidez, haren historia biltzen du lanak
David Lindermannek itzuli ditu euskarara Rote Zoraren testuak eta hari buruz idatzitakoak. MAIALEN ANDRES / FOKU
2023ko uztailak 4 - Donostia 0
Berlingo Unibertsitatera ikastera jo zuenean, 1996an, pankarta batek eman zion arreta David Lindemanni. Emakume baten izena eta hura askatzeko aldarria ageri ziren idatzita. Rote Zora-ko kidea zen andrea, 1974an Mendebaldeko Alemanian emakume feminista autonomoek sortutako hiri gerrillakoa. Hogei urte iraun zuen taldeak, eta pankarta hura zintzilikatu zen urte berean bukatu zen haren jarduna. Ibilbide hori liburu batean jaso du orain Katakrak argitaletxeak: Rote Zora. Hiri-gerrilla feminista piztiaren bihotzean (1974-1995). Taldearen testuekin eta hari buruz beste batzuek idatzitakoekin osatu dute antologia. Lindemannek euskaratu ditu denak, eta berak eta Hedoi Etxarte editoreak aurkeztu dute lana.
1974an, Zelula Iraultzaileen barruan sortu zen taldea, eta 1986tik aurrera bakarka segitu zuen. Editoreak 1960ko hamarkada bukaerako testuingurua ekarri du gogora, eta azaldu, nazismoa militarki garaitu bazen ere, funtsezko zutabeak artean zutik zituela, gazteen protestak bortizki zapaltzen zirela, eta «askatasun falta izugarria» zela Alemania Mendebaldean. «Horrek sortzen ditu gaur egun ulertzen zailak diren erradikalizazio prozesu asko».
Giro horretan jaio zen Rote Zora. «Talde feminista bat zen, baina, feminismotik guztia auzitan jartzeko dinamika horretan, garrantzi handia izan zuten antiinperialismoak eta militarismoarekiko kritikak; zentralitate handia eman zioten ikerketa genetikoaren gaiari, eta, noski, baita gorputzari lotutako guztiari ere». Feminismoa zer-nolako konplexutasunez ulertzen zuten adieraz dezake, Etxarteren ustez, emakumeen erreprodukzioaren auziaz zuten ikuspegiak. «Horren adibide da abortuaren kontra zeuden Alemaniako Errepublika Federaleko estamentuen aurka aritu zirela, eta, aldi berean, salatu zutela medikuntzako multinazionalak antzutze programak egiten ari zirela munduko beste toki batzuetan».
Taldearen ibilbidean, abortuaren auzia «determinantea» izan zen Lindemannen ustez ere, eta andreak sexu objektutzat hartzea ere irmo salatu zuten. «Baina esaten zuten: 'Gu ez gara emakume talde bat emakumeen gaiez arduratzeko; guk analisi eta diskurtso antiinperialista oso bat dugu'». Gogorarazi duenez, genetikaren auziak, esaterako, nazismoarekiko loturak argi erakusten zituen; naziek arlo horretan eginiko ikerketak ezkutuan gordetzen zituen gune bati eraso egin zion taldeak, agiriak lapurtuz eta haiek argitaratuz salaketa egiteko, adibidez.
Hiztegia eta hizkera
Argitaletxearen aitzinsolasaren ondotik, Alemaniako Emma agerkari feministan 1984an bi taldekideri eginiko elkarrizketa jasotzen du liburuak. «Sarrera interesgarria da, hiri gerrillak iraun zuen hogei urteen erdian egina baita; honezkero esperientziak bazeuzkaten, ez zen gerrillaren bukaera, eta Berlingo harresia ez zen oraindik erori», zehaztu du Etxartek.
Segidan, taldeak hainbat eraso bere gain hartzeko idatzitako agiriak datoz: Alemaniako Konstituzio Epaitegiaren aurkakoa (1975), Medikuen Elkargo Federalaren kontrakoa (1977), eta Munsterreko Giza Genetika Institutuaren aurkakoa (1987) daude horien artean. Haietan, estiloa «zuzenagoa eta batzuetan, agian, bortitza» da, itzultzailearen irudiko. Erasoen zerrenda kronologikoa ere badakar liburuak azken orrialdeetan. Segurtasun indarren azpiegituren, enpresen eta epaitegien aurkako 45 eraso egin zituen denera, haietan inor zauritu gabe.
Horren aurretik, taldearen gogoetak jasotzen dituzten bi testu luzeago irakur daitezke, ustez topaketa eta kongresu feministetan zabaldu zituztenak. Boterea zuek duzue, gaua gurea da izenekoa da berriena, 1995ekoa. «Besteak zaharragoak dira, eta nabaritzen da aldaketa terminologikoa 1980ko hamarkada hasieratik horra», Lindemannen ustez. Hain zuzen, 1981ekoa da beste testua, Bihotz oro denbora-bonba bat da izenekoa. Eta, hiztegian ez ezik, taldearen gogoetetan ere ibilbide bat suma daiteke batetik bestera, itzultzailearen irudiko. «Nik uste dut testuen aukeraketa egokia dela lehen liburu bat euskaratzeko». Iaz alemanez kaleratu zen antologia bat baliatu du berak euskarazko itzulpena egiteko, zeinak antzeko hautaketa bat egiten duen.
Jarduteko moduaz gain, Etxarteren ustez, hizkera da hiri gerrilletan garrantzi handia izan duten beste gakoetako bat. «Denek izan dute estilo bat, mundua adierazi edo taldea trinkotu nahi izan dute modu batera, edo bilatu nahi izan dute beren arerioekin harremana izateko modu jakin bat». Eta Rote Zorak ere bazuen berea. «Esango nuke, beren testuak irakurtzean, etortzen ahal zaigula punk mugimenduak ekarritako freskotasuna kasu batzuetan, badagoela baita ere halako samurtasun bat beraien munduari buruz hitz egiteko moduan, eta badagoela baita ere amorru handi bat».
«Gizon militante armatuaren figurari» ere kritika egin zioten, baita alderdiei ere, Lindemannen hitzetan; PKKri buruzko testu batean, adibidez. «Kontraesanak eta arazoak argi azaltzen dituzte, beren aurreko gizonezko militanteek ez bezala. Niri interesgarria eta aktuala iruditzen zait».