Salgaien zerrenda

«Mari-mutil handi baten bluesa»ri iruzkina HIRUKAn

IRAKURRIAN: 'MARI-MUTIL HANDI BATEN BLUESA'

Generoetatik kanporatuen kantua

Iñigo Astiz 2019-11-20 09:00

Genero-egituretan tokirik topatzen ez duen Jess Goldbergen bizitza kontatzen du eleberriak. Orokortua da genero-, arraza- eta klase-errepresioa, baina elkartasun-sareak ere topatuko ditu.

Lehen galdera filosofiko ezagunari (Nor naiz?) erantzun bat eman beharrean den pertsonaia baten bizitza kontatzen du Mari-Mutil Handi Baten Bluesa liburuak (Erandioko Irakurle Klubak abenduaren 19an aztertuko duena), baina fokua apur bat itxiz gero, AEBetan sexu-askapen mugimenduaren indarraldi betean gizarteak ezarritako genero-egituretan tokirik topatzen ez duen Jess Goldberg pertsonaiaren egunerokoa deskribatzen du nobelak. Etengabe errepikatuko diote galdera bera: "Zer zara, gizona ala emakumea?".

Galdera bera zaio mingarri Goldbergi. Baina, hain zuzen ere, min partikular hori erakusteko zintzotasun, zehaztasun eta benetakotasunak bilakatzen dute Goldberg unibertsal. Pertsona bat igarriko du irakurleak pertsonaiarengan, eta benetako norbait ezagutu izanaren sentsazioarekin itxiko du liburua; bere tolestura, kontraesan, zauri eta maitatua sentitzeko grina guztiarekin. Hezur-haragizko norbait, funtsean, fikziozko arropekin jantzita.

"Liburu politiko bat gorputzetik". Izenburu horrekin aurkeztu zuen liburua Maider F. Galardi kazetariak Berria egunkarian, eta bete-betean jo zuen deskribapen hori eginda. Ezinbestean bilakatzen da borrokalari Goldberg, auzo langile batean jaioa eta gizarteak eskaintzen dion genero-rolarekin gatazkan, azkenean, 16 urterekin egiten du alde etxetik, behin gurasoek zoroetxe batera eraman ostean, eta institutuko mutil arrakastatsuenek taldean bortxatu eta gero. Gordintasunaren eta goxotasunaren artean ibiliko da eleberriaren protagonista, erori ez erori, hortik aurrera ere. LGTBI mugimenduaren taberna erdi klandestinoetan topatuko du babesa hasieran, eta une batetik aurrera ia erabateko bakardadera eramango du bere buruaren bilaketa-prozesuak.

Lehen eskuko materialarekin osatutako liburua

Leslie Feinberg idazleak gertutik ezagutu zuen liburuan deskribatzen duen mundua, eta gertutasun horri esker lortzen du aipatutako benetakotasuna. Idazle eta kazetari izateaz gainera, eleberriko pertsonaia bezala, fabrikako langilea, zuri antiarrazista, militante komunista, judu sekularra, transgeneroa eta lesbiana zen bera ere, eta lehen eskuko material hori erabilita lortzen du irakurlea sexu-askapenerako mugimenduaren argi-itzaletan murgiltzea.

Baina ez da hori bakarrik. Idazleak asmatu egiten duelako 70eko hamarkadako debate politiko nagusiak pertsona indibidual baten bizipenetaraino jaisten, eta pertsonaia horren begirada ezin humanoagotik izango du irakurleak gatazka horien guztien berri. Haren gorputzetik. Ahotsetik. Hezur eta haragitik. Eta horregatik F. Galardi kazetariaren esaldiaren egokitasuna: liburu politiko bat gorputzetik.

Egilea: Leslie Feinberg
Itzultzailea: Fermin Zabaltza
Argitaletxea: Katakrak
Urtea: 2018
Orrialde kopurua: 472
Jatorrizko hizkuntza: Ingelesa



Gomendatutako liburua:

Mari-mutil handi baten bluesa

20,00 €

Eskuragarri 4-5 egunetan


Gaiari buruzko artikuluak