Salgaien zerrenda

Jesús Cintora BERRIAn

«Liburua Hitchcocken istorio bat izan zitekeen»

Fikziokoak ez diren liburuen Espainiako hainbat zerrendatako buru da 'Conspiraciones. ¿Por qué no gobernó la izquierda?'. Jesus Cintorak thriller baten gisan jaso du zer gertatu zen PPk Moncloan jarraitzeko.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ 2017-05-28 Urtzi Urkizu

Nerabea zela Nafarroako hegoaldeko herrietan jaiez jai ibiltzen zen Jesus Cintora (Agreda, Espainia, 1977). RRVko taldeen oso zalea izan da beti, eta musika talde batean jo zuen. Nafarroako Unibertsitatean egin zituen kazetaritza ikasketak. Urte askoren ostean, bihar itzuliko da Iruñera: Katakraken aurkeztuko du liburu berria, 20:00etan. «Etxera itzultzea bezala izango da».

Zer da Nafarroako Unibertsitatean ikasi zenuen garrantzitsuena?

Oroitzapen bikaina dut Iruñeaz. Bizitzeko aparta da. Unibertsitatean ikasi nuen idazten, eta irratian eta telebistan hitz egiten. Ordurako tokiko egunkari batean idazten nuen, eta praktikak egiteko aukera izan nuen Iruñean.

2002tik 2006ra Iñaki Gabilondorekin SER irratian aritu zinen. Ez al zen hori unibertsitate baliotsuagoa izan?

Bai, hainbat euskal kazetarirekin lan egin izan dut. Gabilondorekin lehen lana iritzi artikuluen fotopiak ateratzea zen. Joaquin Luqui nafarra topatzen nuen gauetan, eta harekin musikaz hitz egiten nuen. Fotokopiak egiten hasi, eta taldea gidatzen bukatu nuen. Asko ikasi nuen garai hartan.

Telebista ikusleek Las mañanas de Cuatro-rengatik oroitzen zaituzte. 2015ean kargutik kendu zintuzten, eta zabaldu zen PPko agintariak zeudela erabakiaren atzean. Zer duzu esateko?

Egon ziren pertsona interesdun batzuk nik hor jarrai ez nezan. Ez zen bakarrik alderdi politiko bat izan. Zenbaitentzat probetxuzkoa izan zen nik saioan ez jarraitzea. Baina niri jendearen maitasuna gelditzen zait, eta kalean ikusleek esaten didatena. Nahiago dut etorkizunari begiratu. Telebistarako hainbat proiektu ditut esku artean, eta ikusiko dugu nola loratzen diren.

Aste honetan, Bilbon eta Donostian izan zara, Conspiraciones. ¿Por qué no gobernó la izquierda? liburua aurkezten. Prisa taldea konspirazio haietan gertu zebilela diozu liburuan.

Interes politiko, enpresarial eta mediatiko batzuk aipatzen ditut liburuan, boterearekin ezkontzen direnak. Prisa agertzen da, bai, baina ez da komunikazio talde bakarra. Mariano Rajoy mugitu egiten da, eta gobernuko presidente batek erraztasun handiagoa du komunikabide handiengana iristeko. Bestetik, aspaldikoa da Prisak PSOErengan duen eragina. Nabarmendu nahi dut liburua ez dela saiakera bat, istorio bat baizik. Alfred Hitchcocken istorio bat izan zitekeen, baina benetako pertsonaiekin.

Pedro Sanchez da istorio horretako protagonistetako bat. PSOEko militanteek idazkari nagusi hautatu eta gero, ezkerreko balizko koalizioetan aldatu al daiteke zerbait?

Ikusiko dugu. Liburuan jaso dut kanpoko presioak egon zirela PP, Ciudadanos eta PSOE alderdien arteko akordioa egon zedin. Hasteko, PSOEn konbentzitu egin behar dute beren proiektuaz, ondoren proiektu hori sinesgarria bilaka dadin boto emaileentzat. Barne borroketan energia asko xahutu ditu PSOEk.

Mediaset taldearentzat hainbat saio egin dituzu. Telebista munduan Mediaset-Atresmedia duopolioak zer eragina du iritzi publikoan?

Egia da herritarrek telebista asko ikusten dutela. Baina gazteak gero eta gehiago Interneten informatzen dira. Sareko ikus-entzunezko edukiak ere asko kontsumitzen dira. Komunikabide handien eragina ezin da ukatu, baina aldaketa batzuk gertatzen ari direla esango nuke.

Kazetaritza duina egiteko aukerak badaude, edonola ere?

Beti daude kazetaritza duinerako aukerak; beti dago errespetuzko lana egiten duten kazetariak. Ez noa ni agiri bat ematera nork egiten duen lan duina eta nork ez. Baina onena da ahalik eta ahots gehien egotea, eta herritarrek gogoko dutena aukeratzea. Pluraltasuna defendatzen dut.

Zer da kazetaritzan inoiz egingo ez zenukeena?

Gauza dezente. Baina, zintzoki, zer egingo nukeen fasean nago, zer egingo ez nukeen pentsatzen baino gehiago. Minimo batzuk betetzen saiatu izan naiz beti, eta zintzoa izaten. Hori jendeak estimatu egiten du.



Gomendatutako liburua:

Conspiraciones

Conspiraciones

5,95 €

Ez dago eskuragarri


Gaiari buruzko artikuluak