Salgaien zerrenda

Jacques Rancière: FNren inozo erabilgarriak

Jacques Rancière filosofoarentzat «errepublikarrak» direla dioten zenbait filosofok duela zenbait urtetatik hona Fronte Nazionalaren zerbitzura jokatu dute. Erakusten du balio unibertsalistak desbideratu egin direla diskurtso xenofoboak eraikitzeko. 1940an jaio zen Jacques Rancière (Algiers, Aljeria frantsesa) eta Althusser-en ikaslea izan zen 1970eko marxismo tradizionalarekin hautsi aurretik. Atzerrian eragin handia izan zuen, Ameriketako Estatu Batuetan bereziki, norbanakoen berdintasunaren alde borrokatu du eta beti salatu du «herriak» baino gehiago zekien elite gorenaren ideia.

ÉRIC AESCHIMANN: Duela hiru hilabete Frantziak adierazpen askatasunaren eta elkarbizitzaren alde desfilatu zuen. Departamentuetako azken hauteskundeetan Fronte Nazionalak berriro egin du gora. Nola aztertzen duzu kontraesankorrak diruditen bi gertakizun hauen segida azkarra?

JACQUES RANCIÈRE: Ez da segurua kontraesana dagoenik. Jende guztia dago, noski, urtarrileko atentatuak kondenatzearekin ados eta osteko erreakzio herritarrarengatik zoriontzeko prest. Baina «adierazpen askatasunarekin» eskatutako ahobatezkotasunak nahasmena sortu du. Egia da, adierazpen askatasunak norbanakoaren eta estatuaren artean dauden harremanak ezartzen dituela, eta estatua bere kontrakoak diren iritziak debekatzera eragozten duela. Ordea, Charlieri urtarrilak 7an laidoztatu zaiona, oso bestelako printzipio bat da: printzipio horren arabera norbait atsegin ez dugunean ez diogu tirorik egin behar. Printzipio horren arabera, norbanakoak eta taldeak elkarrekin bizitzen eta elkar errespetatzen jakin behar dute.
Baina ez dugu kontu horrekiko interesik izan eta adierazpen askatasunaren printzipioaren inguruan polarizatzea aukeratu dugu. Hori eginda, kapitulu berri bat gehitu diogu duela urte batzuetatik balore unibertsal handiak populazioaren alde bat hobeto deskalifikatzeko erabiltzen zuen kanpainari; «frantses onak», Errepublikaren aldekoak, laikotasunaren eta adierazpen askatasunaren aldekoak etorkinen aurka jartzeko. Etorkina komunitarista, islamista, intolerantea, sexista eta atzeratua gisa irudikatzen da. Sarritan inbokatzen da unibertsaltasuna bizitza komunaren printzipio gisa. Baina hain justu unibertsaltasuna konfiskatu eta manipulatu dute. Talde baten zeinu bereizgarri bihurtu dute, komunitate jakin bat akusatzeko balio du, adibidez beloaren kontrako kanpaina lotsagarriekin. Urtarrilak 11n ezin izan zitzaion desbideratze horri ixkin egin. Manifestazioek bereizketarik gabe batu dituzte bizitza komun bat nahi dutenak eta sentimentu xenofoboak adierazten zituztenak.

Esan nahi duzu eredu errepublikar laikoa defendatzen dutenek, haien despit, Fronte Nazionalari bidea garbitzen diotela?

Fronte Nazionala «des-diabolizatu» dela esaten zaigu. Zer esan nahi du horrek? Argiki arrazistak ziren pertsonak alboratu dituela? Bai. Baina bereziki FNren ideien eta ideia errespetagarri eta ondare errepublikarrekoen arteko ezberdintasuna lurrundu da. Duela hogei bat urtetik, ezker «errepublikarreko» intelektual batzuengandik etorri dira xenofobiaren eta arrazakeriaren zerbitzurako argudioak. Fronte Nazionalak ez du jada esan behar etorkinek gure lana lapurtzen digutela edo gaizkileak direla. Laikoak ez direla aldarrikatzea nahikoa da, ez dituztela gure balioak partekatzen, komunitaristak direla esatea...
Balio unibertsal handiak – laikotasuna, jende guztiarentzako arau berdinak, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna – bereizketa bat egiteko tresnak bihurtu dira: «guk» bat egiten dugu balio horiekin eta «haiek» ez. FNak aurrez ditzake bere argudio xenofoboak: «errepublikarrek» eskaintzen dizkiete izen oneko itxurarekin.

Diozunari jarraiki, laikotasunaren beraren zentzua da perbertitu dena. Zer ordezkatzen du laikotasunak zure arabera?

XIX. mendean laikotasuna errepublikarren tresna politiko bat izan zen Eliza katolikoak eskolaren gainean zuen boterea kentzeko, bereziki 1850ean onartu zen Falloux legearen ostean. Laikotasunaren nozioa Elizaren eragina suntsitzeko neurri zehatzen batuketa da. Ordea, 1980tik aurrera, printzipio unibertsal handi batean bihurtu nahi izan dute. Laikotasuna pentsatu zutenean Estatuaren eta Eliza katolikoaren arteko harremanak arautu nahi zituzten.
Manipulazio handi bat izan da norbanako guztiek obeditu behar duten lege bat bihurtu denean. Orain ez da Estatua izan behar laikoa, baizik eta norbanakoak. Eta nola jabetuko gara pertsona batek laikotasunaren printzipioa hausten duela? Buruan daramanari begiratuta... Haurra nintzenean, jaunartza hotsandikoen garaian, katolikoak ez ziren gure ikaskideen bila joaten ginen eskolara, jaunartza egiten zutenen eskumuturrekoak generamatzan eta irudiak ematen genizkien. Inork ez zuen uste horrek laikotasuna arriskuan jartzen zuenik. Laikotasunarekin jokoan dagoena, beraz, finantziazioa zen: eskola publikoan, funts publikoak; eskola pribatuan, funts pribatuak. Eskola publikoaren eta eskola pribatuaren arteko harremanetan zentratzen zen laikotasun hori lurperatu da, horren ordez norbanakoen jarrerak arautu nahi dira, eta populazioaren zati bat estigmatizatzeko erabiltzen da taldearen itxura fisikoaren bidez. Zenbaiten eldarnioa iritsi da eskatzera haurren aurrean beloa ez dela eramatea debekatu behar dela.

Baina nondik dator estigmatizatzeko borondate hori?

Kausa anitzak daude, zenbait Palestinako aferari lotuak eta hemen sortzen dituen intolerantzei lotuak. Baina «ezkerraren erresumin handi bat» ere badago, 1960-1970eko itxaropen handian jaiota eta alderdi «sozialistak» likidatuta boterera iritsi zenean. Ideal errepublikarrak, sozialistak, iraultzaileak, progresistak euren buruen kontra jo zuten. Izan behar zirenaren kontrakoa bihurtu ziren: ez ziren izan berdintasunaren aldeko armak, baizik eta diskriminazioaren aldeko armak, herria ergel eta atzeratu gisa tratatu zuten mesfidantzaz eta mespretxuz. Ez ziren desberdintasun sozialak txikitzeko gai izan, eta desberdintasunoi zilegitasuna eman zitzaien jasaten zituztenak deskalifikatuz.
Pentsa dezagun nola eraldatu den kritika marxista norbanako demokratikoaren eta kontsumitzaile despotikoaren salaketa elikatzeko –gutxien kontsumitu dezaketenak salatzeko balio du –. Unibertsalismo errepublikarraren eraldaketa pentsamendu erreakzionario batean bihurtu da, pobreenak estigmatizatzen ditu, logika berdinaren bidez.

Ez al da legitimoa beloa eramatearen aurka borrokatzea? Beloa eramatea ez da emakumearen emantzipazioaren aldeko keinu argi bat.

Kontua da jakitea ia eskola publikoaren misioa ote den emakumeak emantzipatzea. Hori baldin bada kasua, ez al lituzke berdin emantzipatu beharko langileak eta Frantziako gizarteko menperatutako guztiak? Menperatze mota asko existitzen dira –sozialak, sexualak, arrazazkoak–. Ideologia erreaktibo baten printzipioa da sumisio jakin bat hautatzea gainontzekoak hobeto mantentzeko. Feminismoa «komunitate-zalea» zela salatu dutenak dira gero deskubritu dutenak feminismoa erabil daitekeela beloaren aurkako legeak justifikatzeko. Noski dela arazo bat gizarte musulmanetan emakumeek duten estatusa, baina haiek gure gizartetik kanporatu nahi izatea da bereziki zapaltzailea. Eta, oro har, zapalkuntza jasaten duten pertsonei dagokie sumisioaren aurka borrokatzea. Ez da jendea askatzen ordezkapenaren bidez.

Itzul gaitezen Fronte Nazionalera. Sarritan kritikatu duzu «herria» naturaz arrazista denaren ideia. Zuretzat, etorkinak ez dira hainbeste «beheko» arrazakeriaren biktima baizik eta «goiko» arrazakeriarena: duzun aurpegiarengatik kontrola egiten dizuten poliziena, baztertzea periferiako auzoetan, etxebizitza edo lana lortzeko zailtasuna atzerriko abizen bat baldin bdaukazu. Baina populazioaren %25ak mezkitak eraikitzeari utzi nahi dion alderdi bat bozkatzen badute, ez al du horrek frogatzen, hala ere, Frantziako populazioan pultsio xenofoboa indartsua dela?

Lehenik eta behin, xenofobiaren zabaltze hauek eskuin muturraren hauteslegoa nabarmen gainditzen dute.
Non dago 1962ko-martxoak-19 kaleari izena kentzen dion FNko alkate baten [Bézierseko Robert Ménard alkateaz ari da, NDLR], eta kolonizazioaren alderdi baikorrak erakustea proposatzen duten UMPkoen artean? Nicolas Sarkozy eskolako kantineatko zerririk gabeko menuen kontra dago edota intelektual «errepublikarrek» beloa duten neska gazteak unibertsitateetatik kanporatu nahi dituzte. Gainera, sinpleegia da FNren botoa ideia arrazistetara edo xenofoboetara mugatzea. Sentimentu herrikoien adierazpide bat izan aurretik, Fronte Nazionala V. Errepublikaren konstituzioaren Frantziako bizitza politikoko egituraren ondorio bat da. Gutxiengo txiki batek populazioaren izenean gobernatzea ahalbideratu da, erregimen honek mekanikoki zabaltzen du eremu bat talde politiko batek esateko «Gu joko honetatik kanpo gaude». Fronte Nazionala leku horretan kokatu da komunismoaren eta ezkertiarren deskonposizioaren ostean. Ordea, sentimentu sakonak nork neurtzen ote ditu? Nabarmendu nahiko nuke Frantzian ez dagoela alemaniako mugimendu xenofoboaren, Pegidaren, parekorik. Eta ez dut sinesten sarritan 1930eko hamarkadarekin egiten den alderaketarekin. Ez dut ezertan ikusten gaur egungo frantziaren eta bi mundu gerren arteko eskuin muturreko milizia handien artean.

Zu entzunda, ez legoke Fronte Nazionalaren aurka borrokatzeko inolako beharrik...

Fronte Nazionala sortzen duen sistemaren kontra borrokatu behar da eta noski, FN salatzea eskuinera lotsarik gabe lerratzeko taktika gisa erabiltzen duten gobernarien eliteen eta klase intelektualaren kontra baita ere.

Ez zaitu larritzen haiek boterera iristearen hipotesiak?

Fronte Nazionala instituzioen logikaren berezko desoreka baten fruitua da, nire hipotesia da sisteman integratuko dela. Antzekotasun handiak daude sistemako indarren eta FNren artean.

FN boterera helduko balitz, horrek oso ondorio zehatzak izango lituzke Frantziako gizarteko ahulenentzat, alegia etorkinentzat...

Bai, noski. Baina ez dut ikusten FN kanporatze masiboak antolatzen, ehunka mila edo miloika pertsona «haien etxera» bidaltzen. Fronte Nazionala ez da txuritxoak etorkinen kontra. Bere bozkatzaileak gizartearen sektore guztietan daude, baita etorkinen artean. Beraz, noski, ekintza sinbolikoak egongo lirateke, baina ez dut uste Errepublikarren-FNren gobernu bat Errepublikarrenaren oso ezberdina izango zenik.

Lehenengo itzuliaren aurretik Manuel Vallsek Frantziako intelektualei egotzi zien «lokartuta» zoreña: «Non daude intelektualak, non daude herrialde honen kontzientzia handiak, kulturako gizonek eta emakumeek ere plazara atera behar dute, non dago ezkerra?» bota zuen. Interpelatuta sentitu zara?

«Non dago ezkerra?» galdetzen dute sozialistek. Erantzuna sinplea da: eraman duten lekuan dago, alegia inon ez. Alderdi Sozialistaren paper historikoa ezkerra hiltzea izan da. Misioa beteta. Manuel Vallsek galdetzen du non ote dauden intelektualak... Benetan, ez dut oso ongi ulertzen bera bezalako pertsonek aurpegira dezaketena. Isiltasuna salatzen dute, baina benetan, duela hamarkada batzuetatik intelektualek egin dutena pila bat hitz egitea izan da. Izar bihurtu dituzte, sakratu. Beloaren eta laikotasunaren gorroto kanpainetan luze eta zabal parte hartu dute. Oso oldarkorrak izan dira. Gehituko nuke intelektualak deitzea dela jende nahiko ergela inteligentziaren bozeramalearen rola jokatzera konbokatzea. Zeren ezin da paper hori onartu, noski, herria ergelen eta atzeratuen talde bat bezala ulertzen ez bada. Eta horrek betikotzen du «dakitenen» eta «ez dakitenen» rola. Eta paradigma hori hautsi beharko litzateke mespretxuaren gizartearen kontra borrokatu nahi badugu. Fronte Nazionala gizarte horren adierazpen partikular bat besterik ez da.

Existitzen dira, ordea intelektualak – zu tartean – eskuineratze horren aurka borroka egiten dutenak Frantziako pentsamenduaren baitan. Ez al duzu sinesten intelektualen hitzaren indarran?

Ez dugu itxaron behar norbanako batzuk egoera desblokeatzea. Desblokeoa masen mugimendu demokratikoetatik etorriko da, pribilegio kulturalaren jabetzaren zilegitasuna ez dutenenen eskutik.

Zure lan filosofikoan, erakusten duzu Platonetik, mendebaldeko pentsamendu politikoak joera izan duela «dakiten» eta «ez dakiten» norbanakoen artean bereizteko. Alde batetik, hezitako klasea egongo litzateke, arrazoizkoa, konpetentea eta gobernatzeko bokazioa daukana; eta bestetik, klase herrikoiak, ezjakinak, pultsioen pairatzaile direnak, haien patua gobernatuak izatea litzateke. Aplika dezakegu analisi eredu hori egungo egoerara?

Luzaroan, gobernariek haien indarra justifikatu dute klase iluminatuaren berezko bertuteak zituztelakoan: zuhurtasuna, moderazioa, zintzotasuna. Egungo gobernuak harrotzen dira zientziaren, ekonomiaren menpe daudela esaten dutelako, lege objektibo eta saihetsezinak besterik ez dituztela aplikatzen; lege horiek klase menperatzaileen interesekin mirakuluz daude lotuta. Baina duela berrogei urtetatik zintzotasun zaharreko gobernuak eta zientzia ekonomiko berriak sortu duen desastre ekonomikoa eta kaos geopolitikoa ikusi dugu. Gaitasuna duen jendearen ezgaitasunaren demostrazioak gobernatuen mespretxua sortzen du mespretxatzen duten gobernariekiko. Oso bestelakoa da ustezko ezgaien gaitasun demokratikoa positiboki azalduko ote den.

Elkarrizketa hau apirilan egin zuten, berriki, 2015eko abenduan, Alain Badiou eta Aude Lancelinekin hitz egin zuen ostera Rancièrek. Hemen solasaldia



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak