«Izuaren osteko gogoeta» DIARIO VASCOn

Islamismoari eta arteari buruzko gogoeta ez oso erosoak

Susan Buck-Morss pentsalari estatubatuarrak 2001eko irailaren 11aren ostean idatzitako zenbait lan biltzen dituen liburua, 'Izuaren osteko gogoeta. Islamismoa eta teoria kritikoa ezkerrean', argitaratu du Katakrakek
NEREA AZURMENDI
Miércoles, 5 junio 2019, 17:59

Biolentzia eta politika horren lotuta egon diren herri honetan, faltan ematen ditu bi gai horiek gurutzatzen diren ildoko lanak Katakrak argitaletxeko editore Hedoi Etxartek. Harrigarria iruditzen zaio alegia gaiaren inguruko gogoetak pizten duen interes eskasa, are eskasagoa inguru hurbiletik aldendu eta kanpora begirako ekarpenak egiteko orduan, edota kanpoan egindakoak gurera ekartzekoan. Iruñeko argitaletxeak urratsa egitea erabaki du, «hutsik dagoen liburutegia» betetzen hastea, eta Susan Buck-Morss pentsalari estatubatuarrak 2001eko irailaren 11n New Yorken eta Pentagonoaren aurkako erasoek akuilatuta -horrela aitortzen du egileak berak- idatzitako hainbat saiakera ekarri ditu euskarara. Jatorrizko liburua, 'Thinking Past Terror: Islamism and Critical Theory on the Left', batez ere 2001 eta 2002 urteetan sortutaklanak biltzen dituena, 2003an argitaratu zen. Euskarazkoa, 'Izuaren osteko gogoeta. Islamismoa eta teoria kritikoa ezkerrean' gaur bertan aurkeztu dute Donostian Hedoi Etxartek eta estilo desberdineko sei atalez osatutako liburua euskaratu duen Pello Agirre Sarasola itzultzaileak.

Islama, mugimendu politikoa

Filosofiaren eta ideien historiaren inguruko prestakuntza akademikoa jaso bazuen ere, diziplina askoren artean mugitu izan da Buck-Morss pentsalari eta unibertsitateko irakasle gisa -Cornell University eta CUNY (City University of New York) unibertsitateetan aritu da batik bat- izan duen 50 urtetik gorako ibilbidean. Horietako arlo askok dute tokia 'Izuaren osteko gogoeta' liburuan. Pisu handia du, esate baterako, arteak, atal horri atariko ohar zabala eskaintzen diolarik itzultzaileak. Ez da liburuaren atariko bakarra. Hiru hitzaurre, aipatutako oharra eta sarrera bat daude aurreneko atalera, liburuko ideia nagusietako bat lantzen duen 'Esfera publiko global bat?'-era, heldu aurretik: argitaletxearena, Garazi Arrularena, itzultzailearena eta egilearen bi. Horietako batean, 2006an sakelako ediziorako idatzi zuenean, azaltzen du Buck-Morssek zein den 'Izuaren osteko gogoeta. Islamismoa eta teoria kritikoa ezkerrean' xedea. «Liburuaren proposamen nagusia da pentsa daitekeela islamismoak, diskurtso politiko gisa, eta teoria kritikoak, biek kritikatzen dutela modernitateak Mendebaldean izan duen forma».

Eta oinarrizko proposamen horrek darama galdetzera, Hedoi Etxartek nabarmendu duen bezala, «zer eskaintzen dien islam politikoak beren buruak zapaldutzat ematen dituztenei» eta zer puntutaraino ez ote dion aurrea hartu, ikuspegi 'askatzaile' horretatik betiere, ezkerretik sustatu den teoria kritikoari. Egileak zalantzan jartzen du, gainera, mendebaldeko ezkerrak bere klabeetan funtzionatzen ez duten munduak ulertzeko eta haiekin solasteko duen gaitasuna. Kostatzen zaiolako, besteak beste, ulertzea dinamika guztiak garaikideak direla, ez batzuk 'aurreratuak' eta beste batzuk 'atzeratuak'.

Islama ulertzeko modu horretan sakondu du Pello Agirrek, azalduz asko ikas daitekeela «islamismo politikotik». Garrantzitsua da halaber argi izatea «islamismoa ez dela fundamentalismoa», baizik eta hainbati «testuinguru post-kolonialean aurre egiteko» balio dion proposamen politikoa, «mundu musulmanean modenizatzeak mendekotasuna» ekarri baitie askori. Mendebaldearekiko mendekotasuna, hain zuzen.

Azken urteotako testuinguruan, Susan Buck-Morssen proposamenak, irakurketa arretatsua eskatzen dutenak, ez dira oso erosoak Mendebaldeko herrialde nagusietako aginteentzat, are gutxiago Amerikako Estatu Batuetakoentzat. Arteari buruz idazten dituenak ere ez dira oso adeitsuak 'artearen mundua' delakoarentzat, Buck-Morssek uste baitu gaur egun ez dela artea baloratzen, ikono bilakatutako artistak baizik, eta horrek ez daramala inora, komisario, museo eta bienalen menpe dagoen 'artearen munduan'«artistek ez dutelako batere balio kritiko edo politikorik».

Libro:

Izuaren osteko gogoeta