«Izuaren osteko gogoeta» BERRIAn

Politikaz eta biolentziaz pentsatzen dena, euskaraz

Susan Buck-Moorsen 'Izuaren osteko gogoeta' saiakera argitaratu du Katakrakek. Pello Agirrek egin du itzulpena
Pello Agirre itzultzailea, Izuaren osteko gogoeta liburuarekin.
2019ko ekainak 29 Miren Garate

Gomendio bat egin du Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak: «Lehenbailehen irakurtzea komeni den testu horietako bat da hau, tamalez atentatu bat gertatzen den aldiro gaurkotasun handia hartzen duten ideiak baitaude bertan». Susan Buck-Morss estatubatuarraren Izuaren osteko gogoeta saiakerari buruz ari da. Pello Agirreren itzulpenari esker argitaratu berri du argitaletxeak, hutsune bat estaltzeko bideari ekiteko asmoz. Izan ere, harrituta dago Etxarte, Euskal Herrian azken bi mendeetan politika eta biolentzia eskuz esku egon diren arren, horiei buruzko bi gogoeta bakarrik argitaratu direlako: Belen Gopeguiren Tiroa kontzertuaren erdian (Txalaparta, 2011) eta Walter Benjaminen Denbora, historia eta artearen inguruko testuak (Sans Soleil, 2015). «Nahi dugu pentsatu horri buruz, nahi ditugu gurera ekarri munduak honi buruz egin dituen gogoetak».

Buck-Morssek berak hitzaurrean aipatzen duenez, gertaera historiko bati erantzuteko idatzi zuen liburua, irailaren 11ko atentatuek bultzatuta. Hortik dator izenburua. Irakurleei eskatzen die beren diskurtsoaren parametroak berrantolatzeko, gainjarrita dauden gaiez jabetzeko. Horretarako, proposatzen du teorialari islamiar garaikideen lanak erabiltzea oraina aztertzeko, eta ez Mendebaldekoen lanak. «Buck-Morssek asko hitz egiten du islamismoari buruz; haren ustez, Mendebaldeko intelektualek asko ikas dezaketelako islamismo politikotik», kontatu du Agirre itzultzaileak. Islamismo hori ez dela terrorismoa zehaztu du, ez dela fundamentalismo dogmatikoa, baizik eta testuinguru postkolonial batean mamitu den islamaren politizazioa dela.

Badu azpititulu bat ere liburuak: Islamismoa eta teoria kritikoa ezkerrean. Hainbat autore irakurri, eta haiek pentsatzen dutena aztertu du egileak, jakiteko zer den islam politikoak beren burua zapalduta sentitzen duten horiei eskaintzen diena, eta zer antzekotasun, muga eta kontraesan egon daitezkeen ezkerra deitu izan zaion horrek eskaintzen duen proiektuaren artean.

Artea da liburuan jorratzen den gai nagusietako bat, besteak beste komisario lanetan ere ibilitakoa baita Buck-Morss. Esaten du artearen munduak artistak baloratzen dituela orain, ez artea bera; alegia, obra artistikoek ez dutela garrantzirik, eta arteari ez zaiola eskatzen funtzio sozial eta politikorik; artistak ikonoak direla. Egilearen arabera, komisarioen erabakiek, museoek eta biurtekoek legitimatzen dute artista.

Bi hitzaurre

Liburuko zati batzuk eta ageri diren irudiak hobeto ulertzeko, hitzaurre bat egin du Agirre itzultzaileak. Beste bat, berriz, Garazi Arrula idazleak, liburua Euskal Herrira ekartzeko. Besteak beste, Buck-Morssen ideietatik gertu egon daitezkeen egileetara jotzen du. Itzulpenari dagokionez, Agirreren esanetan, behin eta berriz aipatzen du Buck-Morssek denok ulertzeko moduko diskurtsoak erabili behar ditugula. «Alde horretatik, banekien itzulpen oso ulergarria egin behar nuela, eta saiatu naiz ideiak lehen irakurraldian erraz ulertzeko moduan ematen». Behin baino gehiagotan irakurtzeko moduko liburua dela gaineratu du, irakurketa bakoitza gogoetarako akuilu delako. «Ni neu zeharo lotu nau historia garaikidearekin».

Egileari buruz, Etxartek esan du Buck-Morss ez dela «batere popularra», ezta Izuaren osteko gogoetan-n jorratzen dituen ideietako batzuk ere. Askotariko gaiei buruz ikertu izan du; hala nola artearen historiaz, Frankfurteko eskolaz, Walter Benjaminez, iraultzaz, arkitekturaz, literatura konparatuaz, filosofiaz eta historiaz. Haren laugarren liburua da Izuaren osteko gogoeta. Beste bi argitaratu ditu ondoren, eta hurrengoa ere idatzita dauka, Iraultza gaur izenekoa. Hizkuntza askotara itzuli izan dira haren lanak, baina euskaratu dioten lehena da Katakrakek argiratu duena.

Libro:

Izuaren osteko gogoeta