Salgaien zerrenda

Hannah Arendt-en «Indarkeriaz» DIARIO DE NOTICIASen

Indarkeria eta boterearen arteko harremana, Hannah Arendten eskutik

KATAKRAK ARGITALETXEAK PENTSALARI ALEMANIARRAREN LAN ERRANGURATSUENETAKO BAT, ‘INDARKERIAZ’, EUSKARARA EKARRI DU
MIREN MINDEGIA / IBAN AGUINAGA 16.04.2021

IRUÑEA – Euskarazko saiakera bildumari jarraipena emanez, Hannah Arendt (1906 -1975) judu jatorriko teorialari politiko eta filosofo alemaniarraren lan erranguratsuenetako bat ekarri du euskarara Katakrak argitaletxeak: Indarkeriaz. Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli duen lana 1970an plazaratu zuen lehenengoz Arendtek, asmo argi batekin: biolentziaren eta boterearen arteko harremana aztertzea, bereziki gatazkatsua izaten ari zen testuinguru historiko batean. Gaurkotasunik kentzen ez dion baldintza, Mario Zubiaga politologoak liburuaren hitzaurrean argi utzi duen bezala: "Benetako lan klasikoek hori dute, abagune jakin batean eta baterako idatziak izanik, baliotsuak gertatzen direla une oro, ordutik hona 50 urte igaro badira ere".

Arendten lanak zerbait eskaintzen badu, "indarkeriaren eta boterearen arteko harreman hori ulertzeko tresnak" direla azpimarratu du Zubiagak, halaber, baita gogoetari eragiteko, itzultzaileak gehitu bezala. Hiru zatitan banatzen da Arendten idatzia. Lehenengoan, pentsalari politikoak gaiaren garrantzia testuinguruan kokatzen du eta ekintza bortitzari buruzko ideia batzuk aurreratzen ditu. Bigarren zatian, Arendtek boterearen eta indarkeriaren arteko erlazioa aztertu eta liburuko tesi nagusia proposatzen du. Bukatzeko, indarkeria boterearekin bat ez badator, Arendtek indarkeriaren izaera eta kausak aztertzeko bidea irekitzen du azken zatian.

"Hainbat dira egileak liburuan azaltzen dituen kezkak", azaldu du Diez de Ultzurrunek. "Azalkeriatik aldenduz" eta garaiko pentsalari eta teorizatzaile desberdinen testuak aztertu eta errealitatearekin alderatuz, hauen irakurketa kritiko bat egiten du bertan. Bertzeak bertze, zien-tziaren eta errealitataren arteko arrakala, helburuekiko hausnarketarik gabeko zientziaren aurrerapenekiko kezkak, jokabide desberdinak azaltzeko azalpen biologikoen arriskuak edo eskuineko nazionalismoaren kutsu eta nolakotasun berriak aztertzen ditu egileak, betiere ikuspegi kritiko batetik.

Zubiagak azpimarratu bezala, Arendtek "boterearen eta biolentziaren nahasketa baino gauza naturalagorik ez dagoela esaten du". "Elkarrekin daude beti, baina horrek ez du esan nahi bat egiten dutenik. Berez, kontrakoak izango lirateke neurri batean. Boterea kolektiboan dago, jendearengan dago, horrek ematen dio legitimotasuna. Eta aldiz, indarkeria, ikuspegi instrumental batetik pertsona bakar batek burutu dezakeen zerbait da, inoren laguntzarik gabe". Indarkeria "justifikatu daitekeen zerbait" bezala azaltzen du egileak liburuan, "askapenetik askatasunera doan bidean".

Arendt, jarduera politikoari, totalitarismoari eta modernitateari buruz idatzi zuen pentsalaria izan zen. Askotan filosofo gisa deskribatu izan da, nahiz eta berak kategoria hori gai-tzetsi. Alemaniatik Frantziara erbesteratu zen Hitler boterean zegoenean, eta handik Ameriketako Estatu Batuetara 1941ean. Arendtek, bere garaia, XX. mendeko historia, eta garaiko egoera landu eta hausnartu zituen, teoria tradizionalak zalantzan jarriz, baita unean-uneko idazle eta pentsalarien teorietako asko ere. Indarkeriaz ere horren adibide bada, Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak argitu bezala, 60ko hamarkadako pentsalari askoren teoriak eta testuak aztertu eta errealitatearekin kontrajartzen baititu. "Arerioa aztertzen horretan, arerioa bera begiratzen du Arendtek".



Gomendatutako liburua:

Indarkeriaz

16,00 €

Badugu


Gaiari buruzko artikuluak