«Arimaren etorkizuna» ARGIAn

Kultura > Literatura > Liburu kritikak

Scorseseren arima

IBAI ATUTXA ORDEÑANA 2019ko abenduaren 15a
Arimaren etorkizuna. Estandar emozionalaren sorrera
Eva Illouz | Danele Sarriugarte (Itzultzailea)
Katakrak, 2019

Martin Scorseseren azken elkarrizketak ekarri du matraka. Marvel-eko super heroien pelikulak ez omen dira zinema. Zuzendari amerikarrak dioenez blockbusterrok sentiarazten dutena hurbilago dago atrakzio-parkeek eskaintzen dutenetik egiazko zinematik baino. Azaldu egin du: zinema bada autore indibidualak taxutu eta errebelazio espiritualera bideratutako arte-forma; Marveleko frankiziak dira merkatu-ikerketaren eta audientzien azterketaren arabera moldatu eta ondoren baietsitako merkantzia. Horratx ezberdintasuna.

Arimaren… irakurri eta Scorseseren eztabaidaren aurrean nagitasun-hasperenka imajinatu dut Eva Illouz autorea. Egia da, Illouzek ez du zinemaz idazten. Haatik, arimadun arteari eta merkatuen emozio-estandarizazioari buruzko eztabaidaz pentsatzen laguntzen du. Arima eta merkatuaren artean lubakia eraikitzen duten argudioak beste kokagune batetik hausnartzea egiten du posible.
Illouzen begirada ez da “arima versus merkatua” banaketaren alde batean ala bestean kokatzen. Aitzitik, banaketa horren eraikuntza bera da zalantzan jartzen duena. Illouzen begiradatik aukeratu beharrekoa ez da zeren alde gauden: benetako zinemaren ala atrakzio-parkearen alde.

Illouzen galdera da zer metafora darabilgun banaketa horren alderdi bakoitza ulertzeko eta metafora bakoitzak zer botere erlazio abiarazten dituen. Errebelazio espiritualaren arima da metafora, ala metafora da psikea eta hari lotutako emozioak. Arimaren hierarkia moralen inposizioa da metafora horrekin lortzen dena ala psikearen merkatu ustiapena da ahalbidetzen duena.
Eta kokagune kritiko pribilegiatu horrek ematen dio aukera irakurleari esateko: ez. Eskerrik asko baina ez inposizio moralaren eta merkatu ustiapenaren artean aukeratu beharrari. Ez, “arima ala merkatua” banaketari berari.

Scorseseren matrakara Illouzen eskutik itzul gaitezke horrela. Super heroien filmak dira, hain justu, gure gaurko arima hipermoderno kapitalistaren, hots, gure psike garaikidearen isla. Arimaren… da bestalde, psike horren eraikuntza zalantzan jartzeko tresna.

Libro: