Ekitaldien zerrenda

Ekainak

26

Osteguna

19:00etan

Gorputz jipoituak genero indarkeriaren sinedoke

Hitzaldia


Hitzaldiari buruz Unibertsitatea.net helbidean irakurritakoa:

Lehenbizi, arreta deitu zigun Gemak bere saioari jartzen zion izenburuak. Bertan “sinedoke” hitza aurkitzen genuen. Ikastaroaren edukia kontuan hartuz eta berak jardun behar zuen gaiari egokituz, gorputz gaizki tratatuak, mutilatuak eta jipoituak azaltzeko erarik egokiena sinedoke bat bezalako figura erretoriko bat erabiltzea pentsatu zuen. Azken finean, genero indarkeria gorputz jipoituak eta hori baino gehiago direla azaldu nahirik.

Emakumeen gorputzak nola irudikatu izan diren izan da ikastaro horretako gai garrantzitsu bat; izan ere, gehienbat gizonezko ahotsetatik deskribatuak izan dira, batik bat euskal literaturan. Gemak azterketa hori burutu ahal izateko ikastaroan bereziki gizonezkoen obrak aztertu ditu, horien artean Anjel Lertxundi, Iñaki Friera eta Xabier Montoia. Helburua biktima hori nola azaltzen zuten aztertzea izan da.

Emakume idazleek subjektu bezala emakumeari buruz normaltasun osoz idatzi izan dutela adierazi digu. Halere, bere tesiaren ondorioetako bat genero indarkeria emakumeek maite ez duten gai bat dela izan da. Gizonezkoak gehiago ausartzen dira genero indarkeria edo tratu txarrak tratatzeko, eta emakumeen artean oso gutxi tratatu izan den gai bat da, beldur asko diotelako gai horri. Aldiz, indarkeria sinbolikoaz gehiago idatzi da, modu inplizitu batean agertzen da gehiago, nahiz emakumeen obretan nahiz gizonezkoenetan. Horren arrazoi bezala indarkeria sinbolikoz betetako gizarte batean bizi garela adierazi du Gema Lasartek, “Baina hori ikusi egin behar da, betaurrekoak jarri behar dira, genero ikuspegitik ikusi behar dira”.

Bukatzeko, Gemarekin izan dugun elkarrizketaren barruan euskal kulturan gorputz jipoituek izandako bilakaeraz hitz egin dugu. Horretarako, Golgota eta Tango urdina eleberriak azpimarratu ditu bere ustez proposamen ezberdinak direnak. Biak gerra garaiari buruzko eleberriak izanik bietan agertzen dira momentu hori pairatu zuten emakumeak, indarkeria egoera hori gainditu duten emakumeak.