Listado de artículos

«Herriaren hezkuntza eta demokrazia» GARAn

2024 MAR. 21
IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Nadezhda Krupskaia estreinakoz euskaraz: «Herriaren hezkuntza eta demokrazia»

Sobietar Batasunak hezkuntza sistema berri bat ezarri zuen 1917ko iraultzaren ostean. Baina aspalditik ari ziren zenbait gogoeta egosten. Horietako batzuk Nadezhda Krupskaiaren eskutik etorri ziren, eta egun euskaraz irakur daitezke «Herriaren hezkuntza eta demokrazia» liburuan, Katakrak argitaletxearen eskutik.

ERRONKAK

Itzultzean bi erronka nagusi izan dituela azaldu zuen Azkargortak: garaiko errusierako terminoak euskarara ekartzea, batetik, eta, bestetik, Krupskaiak erabili zituen erreferentziak, batzuk jatorrizko hizkuntzan zeudenak, egoki itzultzea.

Nadezhda Krupskaia lehen aldiz euskaraz irakurri ahal izango da, “Herriaren hezkuntza eta demokrazia” liburua itzuli baitu errusieratik zuzenean Leire Azkargortak, Katakrak argitaletxearen eskutik. «Ez da oso liburu luzea, baina oso itzal luzea du zentzu askotan», aipatu zuen atzoko aurkezpenean Hedoi Etxartek. Izan ere, autore askoren erreferentziekin osatutako «mosaikoa» da Krupskaiak hezkuntzaren inguruko bere iritzia plazaratzeko erabilitako modua.

1915ean idatzi zuen, iraultza baino lehen, baina 1917ko otsailean argitaratu zen. Iraultza horrek gizateriaren historia aldatu zuela nabarmendu zuen Etxartek, eta aldaketa horietako bat Sobietar Batasunak eraikitako hezkuntza sistema berria izan zela. Katakrakeko editorearen ustez, oso interesgarria da iraultza gertatu aurretik idatzitako liburua izatea, «hezkuntza sistema hori diseinatu zuenetako batek iraultza baino lehen zer ikuspegi zuen jasotzen delako». «Aberatsa» da liburua, Etxarteren ustez, batetik hezkuntzaren historia jasotzen duelako eta, bestetik, «erudizioa» ere badagoelako, izen handiko filosofo eta pedagogoen gogoetak. «Irakurketa politiko bat dago, zentzu partidista batean», zehaztu zuen editoreak.

IRAULTZA GARAIKO GOGOETAK

Aitor Garagarza arduratu da hitzaurrea idazteaz itzultzailearekin batera. Aurkezpenean gaur egungo Euskal Herrira ekarri nahi izan zituen liburuan lantzen diren hainbat gako. Krupskaiak plazaratzen dituen hausnarketa batzuk «gaurkotasun osoa» dutela azaldu zuen: «Adibidez, lan indarraren eta lan intelektualaren arteko dikotomia hori nola hautsi eta nola sortu pertsona askeak, balore askatzaileekin? Gaur egungo eztabaida ere bada ».

Iraultza batek izan ditzakeen kontraesanak ere azaltzen dira liburuan. «Batzuetan iraultza oso modu kristauan ulertzen dugu», kritikatu zuen Garagarzak: «Hezkuntza ere idealizatzen dugu: hezkuntza on bat lortzen badugu, mundua ideala izango da. Ba ez, kontraesanak egongo dira eta kontraesan horietatik jarraituko dugu aurrera».

Krupskaiak zentsurari ere aurre egin behar izan zion 1915ean, eta horren isla ere utzi nahi izan dute itzulpenean: «Langile klasea erabili beharrean, langile demokrazia erabiltzen zuen berak, hori nola itzuli pentsatzerakoan, zentsurarekin itzultzea erabaki genuen, baina oin-oharretan azaltzen dugu».

BAINA NOR ZEN KRUPSKAIA?

«Espero dugu behar duen tokia emango diogula liburu honekin», esan zuen Garagarzak. Sobietar iraultzan eta iraultza ondorenean «erabakigune garrantzitsuetan» egon zen Krupskaia baina, halere, Moskun bertan jende gutxik ezagutzen duela aitortu zuen Azkargortak. Denbora tarte batez bertan bizi izan zen itzultzailea, eta ingurukoei hari buruz zer zekiten galdetzean askok ez zekiten nor zen. «Sobietar hezkuntza jaso zutenek idolotzat dute, baina belaunaldi horretatik behera ezezaguna da. Ezagutzen dutenek, Leninen emazte izan zelako ezagutzen dute, eta hori da injustuena».



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema