Listado de artículos

«Transgresioa irakasgai»ri iruzkina ARGIAn

LIBURU KRITIKAK

Autorrealizazioa irakasgai

Bestiak Liburutegia
2024ko apirilaren 14an

Transgresioa irakasgai /
bell hooks
(itzulpena: Amaia Apalauza Ollo) /
Katakrak, 2023

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko zapalkuntzak ez betikotzeko tresnarik? Amaia Apalauza Ollok euskarara ekarri eta 2023an Katakrakek argitaratutako Transgresioa irakasgai liburuan, bell hooksek galdera horien eta beste hainbaten inguruan hausnarketa egiten du, saiakera eta elkarrizketak tartekatuta.

Hooksen haurtzaroan, Ameriketako Estatu Batuetan hezkuntza segregatua zenean, bere maistra guztiak beltzak ziren. Horrela izendatzen ez zuten arren, pedagogia iraultzaile antikolonialista garatzen zuten eta, testuinguru horretan, eskolara joatea plazera zen hooksentzat. Arraza-integrazioarekin, ordea, ikastetxe zurietan eskolak borrokarako espazioa izateari utzi zion, eta aurreiritzi arrazistak sendotzeko eta obedientzia ikasteko leku bihurtu zen. Hezkuntzak kontrahegemonikoa izateari uko egin zion. Hauxe da liburuak iradokitzen duena: azaleko keinu progresistatik ihes egitea eta, horren ordez, pentsamendu kritiko sakon bat eraikitzea, funtsezkoa baita hezkuntza askatzailea eratzeko.

Hemen ere, askotan, aniztasunaren irudi polita sortzea izaten da helburua, baina ez da erraza erresistentziarako pedagogia askatzailea topatzea. Horretarako, hooksek dioenez, irakasleek pedagogia konprometitua praktikatu beharko lukete. “Praxia” eskatzen du horrek, alegia, praktika eta hausnarketa aldi berean egitea klasean bertan zein klasetik kanpo. Baina, zoritxarrez, garai hartan eta oraindik ere, ez da irakasleak autorrealizatuak izatea eskatzen. Izan ere, hezkuntza sistemak oztopatu egiten du irakasleen autorrealizazioa.

Liburu hau eraldaketa sozialean aritzen den edozein pertsona edo kolektibori gomendatzen diogu. Guri, Bestiak liburutegiko kideoi behintzat, iruzkinak, asanbladak eta harremanak garatzeko gakoak eman dizkigute hooksen hitzek. Animatzen zaituztegu pentsamendu kritiko liluragarria ezagutzera.



Libro recomendado:

Transgresioa irakasgai

Transgresioa irakasgai

21,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema