Listado de artículos

«Nire errepidean galdurik. Digresio bat» Iñigo Roque

Gaur zuen artean egon nahi nuke, baina ezin egon. Beraz, hor eta orduan hemen eta orain bilaka daitezen, zenbait hitz paratzea erabaki dut.
Aurrena esan behar nuke baietz neronek aukeratutako itzulgaia izan zela Errepidean, ohiko galdera izaten baita irakurle taldeetan ea zeinek hautatu duen liburua (arrapostua arras ezohikoa, eskuarki argitaletxeen manua izaten baita). Xabier Queiruga editorearen onespena behar izan zuen, noski, nire aukerak. Lan luzea izan da, eta nekez azkendu dut, egia esatera; ez hainbeste itzulgaiaren ezaugarriengatik nola norberaren bizitzako gorabeherengatik. Hala ere, ez dut itzulpenaz jardun nahi, zeresan interesgarririk egon litekeen arren. Liburu honen hautua hartu nahi nuke hizpide, zergatik euskaratu nahi izan dudan eta, bide batez, zergatik irakurri behar zenuketen.
Hala ere, letrok funtsean digresio handi bat dira (asmoak asmo), ustekabeko lekuetara eramango zaituztetenak. Azken batean, zertarako balio dute liburuek beste leku/liburu batzuetara eramaten ez bagaituzte? Itzulinguru luzexko honetan ikasiko duzue nora eraman nauen ni, bada, errepide honek, nire errepideak.

Beat belaunaldia

Hippien aurrekariak, maitasunaren udaren bidegileak… Jack Kerouacek berak asmatu zuen deitura hori, Beat, baina idatziz lehen aldiz John Clellon Holmes-ek jarri zuen New York Timeseko artikulu batean, «This is the Beat Generation». Izenak badu bi osagaiotatik pizar bat:

Beat zen bera, zafratua: beatifikatuaren erro eta arima. (Errepidean, 246)

Alegia, zafratuak eta landerrak ziren, baina baita bedeinkatuak ere.

Gero ohartu nintzen lekuz kanpo egongo zirela, desgogara. Harrizko ziegako, ilunpeko gizona bezalakoak ziren, lurpetik ateratakoak, amerikar hipster narrasak, beat belaunaldi berria, astiro nire egiten ari nintzena. (Err., 70)

Berrogeiko urteen hondarrean bor-bor ari zen estatubatuar gizarteko beste piztia askoren arteko batzuk ziren beatak:

Beltz basatiak barreka igarotzen ziren, bop-zaleen kapela txikiak buruan eta bixarra kokotsean; hurrena, hipster tximaluze zarpailak, 66. errepidean barna New Yorketik iritsi berriak; gero, desertuko arratoi zaharrak, fardelak herrestan zeramatzatenak Plaza parkerantz jarleku baten xerka; hurrena, mahuka maiztuko apaiz metodistak, eta, noizean behin, izadiko mutil santuren bat, bizarduna eta sandaliaduna. Denak ezagutu nahi nituen, denekin hitz egin, baina Terryk eta biok nahikoa lan genuen dirua eskuratzen. (Err., 109)

Askatasun-haizeak ekarri zituen belaunaldi hark, noraino eta Europaraino ere bai. Eta harekin batera, ezker berri bat, pentsamendu antiautoritario bat. Hala, esaterako, Italian beatak agertuko ziren, maiatz frantsesaren bezperen bezperan, Mondo Beat (1966) izeneko aldizkariarekin batera.

Kerouacen ipuinek, Ginsbergen poesiek, Millerren testuek bazekarten aski bizitasun eta berritasun Italian ere identifikazio indartsu bat eragiteko halako bizimoduekin. […] beat italiarrek aliantza zabalak sortu zituzten intelektual iraultzaile eta demokratikoekin. (L´orda d´oro, 101)

Eta, nik, haizu badut, Il Movimento del ´77ko indiani metropolitani protestari histrionikoen oinarrian ere ikusten ditut (Alemanian, Stadtindianer). Baina hori beste istorio bat da.
Izan ere, bizizaletasun goseti hori eta lanarekiko gorrotoa hain dira nabarmenak Kerouacen pertsonaiengan, eta hain gertu daude, esaterako, Balestriniren Vogliamo tuttoko pertsonaiaren Turineko tabernazuloetako ibilerekin, ezin utzizkoa baita Italiako erreferentzia argigarria. Hain urrun zeuden, batekoak zein bestekoak, marxista ortodoxoek lanaren inguruan eraikitako iruditeria hartatik. Tokitan zeuden langile ona eta moraltasun obreroa haientzat guztientzat. Utz ditzagun, ordea, faktoriak beste baterako.

Sex, drugs and jazz

Bizizaletasun hori da, hain zuzen, gu denok herrestan eramango gaituena airean, Jack Kerouac (Sal) Neal Cassadyren (Dean) eta Allen Ginsbergen (Carlo Marx) atzetik abiatzen denean bezala:

Baina, orduan, kalean barrena zihoazen dantzan, bi ziba ero bezala, eta ni haien atzetik joaten nintzen, dandarrez, jende interesgarriarekin jokatu ohi nuen bezala, zeren axola zaizkidan pertsona bakarrak grinatsuak dira, bizitzarako grina, hizketarako grina, salbatuak izateko grina dutenak, dena aldi berean irrikatzen dutenak, sekula aharrausi egin ez edo klixerik erabiltzen ez dutenak, eta, horren ordez, sutan, sutan, sutan daudenak suziri beilegi miresgarriak bezala, armiarmen tankera hartzen baitute izartegian eztanda egitean: erdiko zapart urdinxka hori ikusten duzu, eta denak hasten dira «Haraaaaa!». (Err., 14)

Eta zurrunbilo horrek (be)bopa jotzen zuen. Musika hori jazza baino gehiago zen.

Eta, ni han eserita nengoen bitartean guretzat guztiontzat bopak zekarren argitasunaren soinu hura entzuten, herrialde osoan barreiaturik neuzkan lagunak zetozkidan gogora, nola haiek ere zerbait eroxka eta bixia egiten ariko ziren patio erraldoi berean. (Err., 22)

Orduko kontrakultura horrek, beltzen etxoletatik aterea bera, denak biltzen zituen, «Amerikako boparen gauaren haurrak» (Err., 302). Ez zen, noski, gure udako jazzaldietako musika mokofin hori; errebaletako musika zen, edanarekin eta bestelakoekin nahasi beharrekoa. Musika-emanaldi horiek liburuaren taupada dira (beat taupada ere bada). Itzultzaileari buruko minik oinazegarrienak eta plazerik gozatsuenak ekarri zizkioten pasarte horiek, baina, esan dugunez, ahaztu gaitezen itzulpenaz. Liburua, bestalde, liburu multisentsorial bilakatzen dute taupada horiek, irakurri ahala belarriak zulatzen baikaituzte doinuok.
Irakurraldia substantziekin nahastea ere norberaren esku legoke. Kuadrilla alegera benzedrinaz lepo ibiliko da (gurean ere hain aspaldi ez dela ikasleak, militante politikoak edo tristurak jotakoak bezala). Belarra ere erreko dute, mexikar eta beltzei esker (ai gure ekialdeko unibertsitario zuriak!). Eta hemen Old Bullen irudia (Burroughs) agertuko zaigu distirant, erraldoi, aitalehen, xixtakoak zaineratzen, opiazeoak esperimentaziorako erabiltzen. Urte asko beharko ziren oraindik zaldi mamarroak belaunaldi osoak tragatu zitzan gure inguruan. Drogaren erabilera buru-irekitzaile bat zen hura, ludikoa ere bai (bistan denez), baina batik bat entelegua zabaltzeko ate bat zen. Pisukide baten lehengusuari ikusi nion lehen aldiz Burroughsen liburu bat eskuetan, jakoa utzi nahian abstinentzia-sindromea pasatzeko gurera etorria zen aldikada batean. Eta askok gogoan izango duzue Nirvanako Kurt Cobainek Burroughsi bisita egin zionekoa, orgon-metagailu eta guzti.

Orgon-metagailua kutxa arrunt bat da, pertsona bat barruan aulki batean jesartzeko adinakoa: egur-geruza bat, metal-geruza bat eta beste egur-geruza bat; geruzok atmosferako orgonak atzematen dituzte, eta behar bezain luze atxikitzen giza gorputzak ohiko dosia baino handiagoa xurga dezan. (Err., 191)

Drogak eta mistika bat-bat baitatoz, liburu osoan. Eta mistika sarri beltz eta amerindiarrei (fellahak) lotuta baitoa. Bidaia horixe da, zerizana, esentzia bilatzea, eta Estatu Batuetatik kanpo bereziki, Mexikoko mugaz haraindi (urte batzuk geroago hantxe hilko zen Neal Cassady, Mexiko Hiriko trengune batean, gaindosi batek gure artetik eramanda) .

Ez zen Carolinan, Texasen, Arizonan edo Illinoisen gidatzea bezala, baizik eta munduan barrena gidatzea bezala, nora eta geure burua ezagutuko genuen tokietara, munduko fellah indiarren artera, haiek baitira jatorrizko leinu esentziala, munduaren sabel ekuatoriala gerriko baten antzera inguratzen duen gizadi erostaria, Malasiatik (Txinaren azazkal luzea) Indiako azpikontinentera, Arabiara, Marokora edo Mexikoko desertu eta jungletara, Polinesiako uhinen gainetik Tunika Horiko Siam mistikora, eta biraka segi, segi biraka, halako moldez non kexu erostari bera aditu baitaiteke Cádizko harresi porrokatuen ondoan, Espainian, eta handik, biraka segituta, 19.000 kilometrora Benaresko zolan, Munduko Hiriburuan. Jende hura, ezbairik gabe, indiarra zen. (Err., 353)

Eta izenburuko sexua…? Hainbeste hitz egin daiteke: Dean eta Salen arteko erakarmenaz, Carloren Salenganako adorazioaz, Dean sexu-makinaz, harreman gurutzatuez.
Emakumeen paperaz are gehiago mintza liteke. Nola diren gizonezkoen kontrapisu antagonikoak. Alde batetik, Deanen andreek hura zentzarazten dute, edo horretan saiatzen dira bederen. Eta, bestetik, Salen izebak (Kerouacen amak) segurtasuna ematen dio ilobari, dirua bidaliz, aterpea eskainiz, hura behin ere estu hartu gabe. Izan ere, izebak (amak) aterako du bera beti errepidetik, edo, hobeto esanda, harenganako erantzukizunak edo (gehitxo esatea izan litekeen arren) erruak, kulpak. Horrek Kerouacen katolikotasunaz hitz egitera ginderamatzake, erruaren zamaz, familiaren garrantziaz, haren kontserbadurismoaz…
Itzul gaitezen, baina, pertsonaia femeninoetara, eta dakartzagun hona kritika feministak emandako aleetako batzuk:

Errepidean irakurtzean, argi dago pertsonaia femeninoak, hala nola Marylou, begirada maskulinoaren mende daudela, objektu eta haur bihurturik; eta «garbiak» edo «otzanak» ez badira, irainduak edo «puta»tzat hartuak dira. (Laura Larkin)
Kerouacen pertsonaia femeninoak, sexu-objektuaren rola betetzen ari ez direlarik, etxeko lanetan aritzen dira maratz. Emakumeak kontent erretratatzen dira etxeko eremuan konfinaturik. (Alice Walsh)
Kerouacen heroi maskulinoak errebeldeen prototipoak dira; aldiz, emakumeek gutxitan parte hartzen dute haien abenturetan, eta beren arauzko roletan konfinaturik geratzen dira. Beatek beste sexuarekin izandako jarreraren erakusgarri da hori. Inoiz emakumeren batek ezohiko jokabiderik agertuz gero, hura drogazale bat izango da, Jane bezala, emakume maskulino bat, Frankie bezala, fellahin bat, Terry bezala, edo putatzat hartua izango da, Marylou bezala; horrek guztiorrek frogatzen du gizonezkoak ez zirela gai edo ez zeudela prest emakumeek haiek bezalaxe joka zezaketela onartzeko. (Magdalena Šedrlová)

Ez dut uste inork kontrakorik esan lezakeenik. Liburua irakurri zuen lagun bat (esan diezaiogun Mila) izugarri koleratu zen liburuko emakumeen irudi deshumanizatu horrekin, baina laster ohartu zen ez ote ziren liburutik onik ateratzen ziren pertsonaia bakarrak. Jar ditzagun denen izenak erreskadan, baina ez haiei omen egiteko banan-banan solasgai hartzeko baizik: Marylou, Camille, Lee Ann, Rita Bettencourt, Terry, Lucille, Jane, Walterren emaztea, Frankie, Inez, Laura, Salen izeba. Jarri taula batean, aukeratu bakoitzak bat, eta emaiezue bolumena, mesedez.

Goxoki ere bai

Azkenik, ahogozo ona utzi nahi dizuet. Liburuan nabaria da gerra amaitu berriaren oihartzuna. Ez da huskeria bat, Clallen Holmes-ek lehen aipaturiko bataio-artikuluan ere nabarmentzen duenez:
Gerraosteko belaunaldi bat da [beat belaunaldia], bere zikloak, nonbait, gerraka markatzen dituen mundu batera etorria; dagoeneko hasiak dira bera konparatzen bere buruari galdu ezizena erantsi zion gerraosteko harako belaunaldi harekin. Hogeiko urte burrunbariak, eta urteoi burrunba eragin zien belaunaldia, arrapizte sentimental betean ari da, eta konparazioa balekoa da. Belaunaldi Galdua kabriolet biplaza batean topatu zuten, histeriak jota barreka ezerk ez zeukalako zentzurik. Europara alde egin zuen, jakin gabe «etorkizun orgiastiko» baten bila zihoan ala «iragan puritano» batetik ihesi.
Gerraren bizipenak lotzen du, bada, belaunaldi berria Belaunaldi Galduarekin (Scott Fitzgerald, Hemingway, Gertrude Stein, Dos Passos…). Oraingoan, ordea, bizi-bilaketak ez ditu Europara eramango (Tangerrera gehienez ere), errepidean barrena baizik. Eman diezaiogun hitza Scott Fitzgeraldi gerrako itzulera kontatzeko:

Gerra amaitu zenean, etxera itzuli zen. Hogeita bat urte zituen, eta prakak labur eta estu geratzen zitzaizkion. Haren botinak luze eta puntadunak ziren. Haren gorbata gorriminezko eta arrosazko anabasa larrigarri bat zen, harrigarriro bildua, eta haren gainean baziren bi begi urdin margul, eguzkitan luzaro egondako oihal dotore xatartu bat bezalakoak. (Plazeraren gau ilunekoak, «Goxoki», 173)

Halaxe itzuli zen gerratik Goxoki ipuin horretako pertsonaia fatalista mottela. Kerouac ere ibili zen gerran itsas armadan (gogoan izan liburuko «beteranoentzako txekeak»), baina irudi du oporraldi baten gisara geratu zela esperientzia hura haren gogoan. Errepara diezaiogun, ordea, Scott Fitzgeralden pasarteko janzkeraren deskribapen malenkoniatsuari. Carlo Marxek esango lukeenez, «Wolfe-ren pinpirinkeria erromantikoa» (Err., 64) nabari da pasarte horretan. Thomas Wolfez ari zen pertsonaia hor, zeinak lorratz sakona utzi baitzuen Scott Fitzgeralden nahiz Kerouacen idaztankeran. Prosa horren ezaugarri dira, besteak beste, izadiaren deskribapen liluragarriak. Scott Fitzgeraldek kontrapuntu gisa tartekatzen zituen kontakizunetan, batik bat amaieretan:

Leihoaren bestaldean, siroko urdinak dardararazten zuen garia, eta neska ilehoriak ibilera sentsualez zebiltzan galsoroen inguruko errepideetan barrena, xalotasunez deika soroetako ildoetan lanean ari ziren gizon gazteei. Almidoitu gabeko kotoizko soineko arinen azpian tankera hartzen zitzaien haien hankei, eta soinekoen eskoteen ertzak epel eta heze zituzten. Bost ordu ziren bizi bero emankorra sutan zegoela arratsaldean. Hiru orduren buruan ilunduko zuen, eta munduko bazter guztietan egonen ziren eskandinaviar neska ilehoriak eta etxaldeetako mutil gazte garaiak elkarrekin etzanda gariaren ondoan, ilargipean. (Plazeraren gau ilunekoak, «Absoluzioa», 299)

Kerouacek kontrapuntu gisa baino gehiago esanahiz betetzen ditu deskribapenok, pertsonaien bizimodu eroari zentzua eman nahirik bezala, lurra nortuz.

Washingtonerako autobusa hartu nuen. Denbora pixka bat galdu nuen inguru-minguru; bidetik aldendu nintzen Mendilerro Urdina ikusteko, Shenandoah-ko txoria aditzeko eta Stonewall Jackson-en hilobiari bisita egiteko; ilunabarrean, tu egin nuen Kanawha ibaira, eta Charleston-go gau basa zeharkatu, Mendebaldeko Virginian; gauerdian, Ashland Kentuckyn, neska bakarti bat ikusi nuen bukatua zen ikuskizun bat iragartzen zuen markesina baten azpian. Ohio ilun eta misteriotsua, eta Cincinnati egunsentian. Gero, Indianako zelaiak berriz, eta Saint Louis, beti bezala, haran osoa arratsaldeko hodeitzarren azpian. Galtzada-harri lokaztuak eta Montanako enborrak, lurrunontzi puskatuak, antzinako aztarnak, belarra eta txikotak ibai ondoan. Poema azkengabea. Gauez, Missouri, Kansasko zelaiak, Kansasko gaueko behiak eremu sekretuetan, kartoi-kaxazko herriak –zeinek kale ororen buruan itsaso bat baitzeukaten–; egunsentian, Abilene. Kansasko ekialdeko belartzetatik Kansasko mendebaldeko larreetara igaro ginen, Mendebaldeko goragunearen tontorreraino. (Err., 322)

Hor, itzultzaileak atsegin hartzen du, eta isildu egiten da. Ni ere bai.



Libro recomendado:

Errepidean

18,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema