Listado de artículos

«Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza» IRUTXULOKO HITZAn

KULTURA

Trantsizioak zizelkatutako oroitzapenen memoria

Hedoi Etxarte, Danele Sarriugarte eta Jokin Azpiazu liburuaren prentsaurrekoan. Olatz Balda

Olatz Balda
2024/05/16

“Hainbat aldiz hurbildu zitzaizkidan gizonak, trenean, geltokian. (…) Nik zera nahi nuen haiengandik: neska baten moduan sentitzea beren arretan. Ez nituen beraiek nahi. Zuri begiratzen zizuten moduan begira ziezadaten nahi nuen. Eta hala begiratzen ninduten, edo ia”. Ibilbide arrakastatsu baten eta hogei urteko ezkonaldi baten ostean, bi seme-alabekin, Makcenzie Wark emakume trans gisa atera zen armairutik. Gorputzaren itxurarekin bat gizarteko rola aldatzen hasi zitzaionenean, bere buruari, senideei eta maitaleei bideratutako eskutitzak idazten hasi zen, egungo Mckenzie zizelkatzerakoan izan duten garrantziaz hausnartzeko.

Oroitzapenenez osatutako bidea josita, liburu autobiografiko batean bildu ditu Warkek, eta Danele Sarriugartek euskaratu du Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza (Katakrak, 2024) izenburupean. Desira, politika, estetika, gorputza, aldarrikapena, komunitatea, eta kapitalismoaren inguruan dihardu liburuak, baita horien arteko intersekzioaz ere. “Emakume trans batek idazten duen liburua da, baina ez da transexualitatearen inguruko liburu bat”, zehaztu du Jokin Azpiazu soziologo eta aktibistak. Azpiazurena da hitzatzea, eta azaldu duenez, liburuan ez da egilearen errealitatea ukatzen, baina transexualitatik harago doa.

Liburu autobiografikoa den arren, “narzizismo maila justua” duela nabarmendu du, eta ez duela “sofistikaziorik”, planteatzen duen teorian aditua den arren, ez delako teoriaz jositako liburu bat: “Nabaritzen da berak badakiela, baina irakurleak ez du nabaritzen. Teoria ezagutzen duen jendearentzat interesgarria da oso zantzu txikiak direlako, eta ez dakienak, berriz, ez duzu teoriaren inguruan zertan jakin behar”.

Askotariko trantsizioak

Transexualitatearen inguruan hitz egiterakoan genero-trantsizio egoera aipatzea saihestezina izan ohi da. Kasu honetan, ordea, transexualitateari lotuta dagoen diskurtso nagusia deseraikitzen du Wakek. Izan ere, transexuala txikitatik bere egoeraren jakitun den pentsamendu hegemonikoarekin apurtzen du: “Unibertsalizatzen den bizipen horren baitan dago, pertsonak beti egin nahi duela trantsizio gorputz batetik bestera, eta pertsonak dituen arazo guztiak konpontzen direla trantsizioarekin”. Mackenzieren trantsizio egoera erabat desberdina da, “trantsizioaren erabakia hartzen duelako suposatzen denean dena eginda duela”.

Era berean, atzera begira egiten duenean, uko egiten dio diskurtso hegemoniko horren barruan dagoen mezuari, Azpiazuren aburuz: “60 urterekin trantsizio bat egiten baduzu atzera begira esan beharko zenukeena da “beti jakin izan dut, beti egin nahi izan dut, baina ez naiz ausartu”. Berak ez du atzera begiratzen orainaldiaren leku horretatik eta horren arabera dena koherente eta perfektu bilakatzen”.

Mckenzie Wark

Mckenzie Wark Australian jaiotako idazle eta ikerlaria da. Giro komunistetan ibili zen gaztaroan. Unibertsitate ikasketak egin zituen, doktoretza barne eta bi dozena liburu baino gehiago argitaratu ditu 1994tik. Internazional Situazionistaren aditurik handienetakoa da eta bideo-jokoez, reaveez eta kapitalismoaz idatzi izan du, saiakera betiere.

2017an agertu zen transgenero gisa, eta horren ostean autofikziozko hiru lan argitaratu ditu. Hau da euskarara ekarrikotako haren estreinako lana.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema