Listado de artículos

«Kartzelako gutunak» BERRIAn

Bizitzaren ederra, borrokarako erregai

Rosa Luxemburgek Sophie Liebknechti kartzelatik igorritako gutunak duela ia 40 urte itzuli zituen Amaia Lasak, eta orain atera ditu argitara Katakrakek. Bizitzako gauza txikiekiko zuen sentsibilitatearen froga dira.
Heldu den urtarrilean beteko dira 100 urte Rosa Luxemburg hil zutenetik.
Itziar Ugarte Irizar 2018ko azaroak 4

Rosa Luxemburgek esana: «Honekin guztiarekin bukatuko dugu eta ez zaigu inoiz ahaztuko gauza eder txikienarekin eta onenarekin ahalik eta gehien gozatzea». Luise Kautskiriri 1918an espetxetik bidali zizkion hitzak dira, zehazki, baina izan zitezkeen, berdin-berdin, Sophie Liebkechti (Rostov on Don, Errusia, 1884 - Mosku, 1964) bidalitako gutunetatik hartutako hitzak. Munduari begiratzeko eta munduan egoteko modu hori jasotzen baitute Liebkechti igorritako eskutitzek, haren adiskide zena, abokatua, eta Karl Liebkechten bigarren emaztea. 1916an sartu zuten preso Luxemburg (Zamosc, Polonia, 1871 - Berlin, 1919), Alemaniako proletarioei Lehen Mundu Gerran parte ez hartzeko eskatzeagatik, eta 1918an askatu. Bitarte horretan, munduan gertatzen ari zenaren berri izateko zuen modurik baliotsuena izan zuen korrespondentzia. Askorekin aritu zen gutun trukean, eta gerora ezagutzera eman diren Luxemburgen gutun denen artean lehenak izan ziren argitara ateratzen Liebkechti igorri zizkionak: 1920an argitaratu ziren aurrenekoz liburu batean apailatuta, eta euskaraz ere irakur daitezke orain, Amaia Lasak aspaldi hala ekarrita, eta Katakrakek berriki argitaratuta. Ignazio Aiestaran filosofoak ere hartu du parte argitalpenean, eta hiztegi tankerako hitzoste bat gehitu dio liburuari.

Luxemburgen hilketa urtetik mendea betetzear denean heldu da gutun sortaren euskarazko edizioa. 1919ko urtarrila zen Alemaniako sozialdemokraten aginduetara zeuden Freikorps paramilitarrek Luxemburg eta beste 32 burkide hil zituztenean, Berlinen. Ordutik, urtero-urtero, manifestazio batek zeharkatzen du hiria haien oroimenaren alde, urtarrileko bigarren igandero —nazien agindupeko Alemanian izan ezik—. Denboran gehien iraun duen manifestazioa dela esaten da, non Luxemburg XX. mendeko iraultzaile ezkertiarrik handienetako baten gisara oroitzen den. Jatorriz poloniarra eta judua zen, eta Alemaniako Alderdi Komunista sortzera heldu zen. Aitzindari bat, pentsamendu askeko emakume bat. Haren biografian itzalpean geratu ohi dira, ordea, iraultza inguratzen zuen horrekiko, bizitzarekiko, izan zuen sentsibilitatea eta jakintza. Horregatik Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko kidearen hitzak: «Ez da Rosa Luxemburg bezalako ikono politiko batengandik espero dena, ez gaiak, ez ikuspuntua, ez sentsibilitatea». Txoriez dakien eta txoriei garrantzia ematen dien Luxemburg bat da gutunetakoa —50etik gora espezie aipatzen ditu—. Txoriez nola, musikaz ari dena, poesiaz, espetxean irakurri ahal izan dituen nobelez, landareez, paseatzeaz. Natur zientzien zalea zela nabarmendu du Lasak, ikasketak egiteraino: «Ezagutza horrek kartzelaldia bizitzen lagundu zion».

Naturarekin eta kultur lanekin lotutako gogoetak gutunetan nagusi diren arren, «ohar politikoak» ere antzeman daitezke Lasaren ustez. Paseatzeaz ari denean, kasurako, ez da zerbait hutsalaz ari. Etxarte: «Bada oso argazki ezagun bat, Rosa Luxemburg eta Clara Zedkinea paseatzen, eta gutun hauek irakurrita ulertzen duzu paseo hori ez dela hemendik hara joatea: paseoa pentsamenduaren ariketa zentral bat da; nora zoaz, zurekin noa».

«Norbaitek uko egin nahi badio Rosa Luxemburgen pentsamenduaren alde honi, uko egiten dio bere ekarpena osotasunean ulertzeari», Etxarteren hitzetan. Ideia hori jasotzen du gutunez gain liburuak dakartzan bi hitzaurreetan lehenak, 1920ko jatorrizko argitalpenari egindako sarrerari dagokionak. Bigarrena, gutunen ondotik datorrena, frantsesezko edizioan bakarrik izan da argitaratua orain arte: Ordena gailendu da Berlinen.

Nikaraguatik ekarria

Orain hartu badute ere liburu forma, Luxemburgen gutunen euskarazko itzulpena ia lau hamarkada atzera ondu zuen Lasak. 1968ko maiatzaren ondorengo giroan iritsi zitzaion frantsesezko edizioa eskuetara, eta Nikaragua sandinistan zebilela erabaki zuen itzultzea. «Maitemindu egin nintzen, liburuarekin, Luxemburgekin». 1983an Euskal Herrira itzuli zenean argitaletxe bat bera ere ez zuen topatu lana publikatzeko prest. Susa aldizkarian bi gutun argitaratzea baino ez zuen lortu. Hitz nahastuak bere bigarren poema liburuan gutun hauen pusketak erabili zituen hitzaurre gisa, baina urte luzez gordea izan du bestela itzulpena. Orduan idatzitakoak «egungo euskarara» moldatzen aritu da orain. «Osatuz eta gozatuz. Hitza hori da».

Luxemburgen bizitzara eta pentsamendura hurbiltzeko badira aurretik ere zenbait lan euskaraz: Federiko Engels Fundazioak argitaratutako Erreforma edo iraultza testu klasikoa eta Lorea Agirreren Rosa Luxemburg biografia, besteak beste. Horiei gehitzeaz batera, Katakrakekoek liburuari gehitu dioten oharrean diotenez, argitalpen hau «Mikel Laboa eta Anariren zoologikoa aberastera dator».



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema