«Abolizioa» BERRIAn
Lunes 28 de Octubre
‘Gizadiaren oren gorenak’ idazlearen lanik ezagunena izan zen. Edorta Mataukok itzuli du alemanetik euskarara, eta Katakrak argitaletxeak argitaratu du.
2023-11-23
Edorta Matauko itzultzailea, Stefan Zweigen liburua esku artean duela.
Amaia Jimenez Larrea
Donostia
2023ko azaroaren 23a
19:00
Idazle sonatua izan zen Stefan Zweig, bereziki 1930 eta 1940 bitartean. Judua zen, Vienan sortua, eta garai hartako artista juduen artean ohikoa ez zen ospea lortu zuen. Denetarik publikatu zuen: antzerkia, poesia, fikzioa, ez-fikzioa, biografia... baita autobiografia ere. Lehen Mundu Gerran ez borrokatzeko modua egin zuen, bakezalea zelako. Bigarren Mundu Gerraren garaian, 1942an, bere buruaz beste egin zuen Brasilen, naziek mundua gobernatuko zuten beldurrez.
Gizadiaren oren gorenak izan zen Zweigen lanik ezagunena. Hogei urte baino gehiago igaro zituen liburu horretan lanean. Orain, hura sortu eta ia ehun urtera, euskaraz irakurri ahal izango da. Edorta Mataukok euskaratu du, eta Katakrak argitaletxeak argitaratu. Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak ondu du hitzatzea. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako liburutegi nagusian.
Hamalau miniatura historikoz osatuta dago, eta munduaren historian garrantzitsuak izan diren pasarteekin lotuta daude: Bizantzioko konkista, Waterlooko guda, Dostoievski fusilatu zuten unea... Hedoi Etxarte Katakrakeko editorearentzat, erronka bat izan da jatorrizko lanak duen estilo «jasoa» euskaraz ere lortzea, eta Mataukok erronka horri erantzutea lortu du.
Lehendik ere badago egilearen lanik euskaratuta. 1999an, Xabier Mendiguren Bereziartuk Xake nobela itzuli zuen. 2005ean, Emakume ezezagun baten gutuna euskaratu zuen Mataukok berak, eta 2007an, 24 ordu emakume baten bizitzan. «Nazioarteko egile bat euskaraz deskubritu, eta pena da gaztelaniaz irakurtzen jarraitu beharra, euskaraz ez dagoelako», aipatu du Etxartek. Horregatik, Katakrakek bere bilduman horrelako lan bat izatea «ohore bat» dela gehitu du.
Prosa baino gehiago
Hamalau ataletatik gehienak prosa soilean idatziak dira, hiru izan ezik. Horietatik bat Marienbad-eko elegia da, zazpigarren atalean ageri dena. Poemaren zortzi hexametro ageri dira liburuan. Orain arte inork ez ditu euskaratu, eta Mataukok aitortu du horrek errespetu apur bat eman diola, batez ere metrika eta bukaera hoskideak errespetatu behar zituelako: «Azkenean, gustura egin dudan zerbait izan da; batek daki, agian noizbait poema osoa itzultzera animatuko naiz».
Izenburuari dagokionez, jatorrizkoa hitzez hitz itzuli izan balu, Gizadiaren izar uneak aterako zitzaion Mataukori. Hala ere, beste zentzu bat ere eman nahi izan zion. Alemanez, izenburuko hitzak hoskideak direla gehitu du –Sternstunden der Menschheit da alemanez–, eta euskaraz ere gauza bera lortu nahi zuela. Horrela sortu zen Gizadiaren oren gorenak. «Begiez gain, belarriak ere erabili behar dira itzultzeko orduan, hitzak hotsak baitira», esan du.
Premonizioa eta nostalgia da Nerea Ibarzabalek egindako hitzatzearen izenburua. Haren ustez, liburua euskaraz 2023ko Europan argitaratzeak badu nolabaiteko kutsu iragarlerik. «Nahiz eta 1919an amaitzen den liburua, irakurleak azken 100 urteetako miniatura historikoen bilduma egin dezake irakurtzean», aipatu du. Testuak XXI. mendean sor ditzakeen galdera batzuk pentsatu eta zerrendatu ditu Ibarzabalek, nahiz eta batzuei ezin izan dien erantzunik eman: nondik idatziko litzatekeen humanismoa gaur egun, zer den europar izatea; jarrera politikoari dagokionez, zer eskatzen zaion artista bati...
«Gaur egun Zweig lehen lerroan balego, ez dakit zer esango lukeen», esan du Ibarzabalek. Hala ere, hitzatzean bere interpretazioa egin du horren inguruan: hasteko, nostalgiari ihes egin behar zaiola aipatuko zuen, berak ezin izan baitzuen halakorik egin; baikortasunean itsu-itsuan sinestea ere bultzatuko zuen, baita desastrearen erdian ere. Azkenik, idazlearentzat gaur egun beharrezkoena izan daitekeena defendatuko zuen, gerraren erabateko aurkakotasuna. «Aldarri horiekin berrirakurri dezakegu liburua».