Listado de artículos

«Erbesteko gutunak Victor Hugori» BERRIAn

Louise Michelen askatasun gurariak

Idazle eta Parisko Komunako protagonistak Victor Hugori idatzitako eskutitzak bildu dituzte 'Erbesteko gutunak Victor Hugori' liburuan
Amaia Lasak ekarri ditu euskarara Louise Michelen gutunak, eta Nora Arbelbidek egin dio hitzatzea liburuari. JON URBE / FOKU
2021eko urtarrilak 7
Mikel Lizarralde

1871ko martxoaren 18an hasi zen Parisko Komuna, langile klasearen lehen gobernutzat jotzen dena, eta bi hilabete pasa besterik ez zuen iraun, maiatzaren 28rako Adolphe Thiers buru zuen Hirugarren Errepublikako gobernuak garaitu eta zapaldu egin baitzuen 60 eguneko jazarpen bortitzaren ondoren. Aurten, gertaera historiko haiek 150 urte beteko dituzte, eta, testuinguru horretan, Katakrak argitaletxeak Louise Michel idazle, militante anarkista eta Parisko Komunako pertsonaia nagusietakoa izan zenak Victor Hugori idatzi zizkion eskutitzak bildu ditu liburu batean: Erbesteko gutunak Victor Hugori. Amaia Lasak euskaratu ditu gutunak, eta hitzaurrea ere idatzi dio, eta Nora Arbelbidek, berriz, Komunaren garaian Euskal Herrian zein egoera zen aztertu du hitzatzean, eta gertakari haien protagonisten arrastoak ere aurkitu ditu hainbat hiri eta herritako (Baiona, Donibane Lohizune, Angelu, Miarritze) karriken izenetan; ez preseski iraultzaileenak, baizik eta komuna erorarazi zutenenak.

Louise Michel (1830-1905) Vroncourt-la-Coten jaio zen, gaztelu batean. Ama zerbitzaria zuen, eta aita, gazteluko nagusien semea. Aitak baztertu egin zituen Michel eta haren ama, baina, garai hartako ohitura burgesei bizkar emanda, gazteluko jabeek, aitona-amonek, bilobatzat hartu zuten, eta haren heziketaz arduratu ziren. Michelek irakasle ikasketak egin zituen, baina ordurako kontzientzia iraultzailea zuen, eta, eskola publikoan lan egiteko inperioari zin egin behar zionez, uko egin zion, eta, 1853an, pedagogia askatzailearen aldeko eskola bat zabaldu zuen.

Ordurako, baina, idazle izan nahi zuen Michelek, poeta. Hori zuen amets, eta, horrek bultzatuta, 1850ean lehen gutuna idatzi zion Victor Hugori, miresten zuen idazle ospetsuari. Lehen gutun horiek —liburuan azaltzen dira batzuk— ez dira ohiko eskutitzak, baizik eta olerkiak, eta haietako batzuek Hugorekiko sentitzen zuen miresmena erakustea dute helburu: «[...] Hugo, esadazu ze aingeruk/ inspiratzen dituen zure doinuak/ ze magia bitxia/ nahasten den zure ahotsera/ ze jainkok diktatzen zure kantuak [...]».

1850tik 1879ra bitartean, Michelek gutunak trukatu zituen Parisko Andre Maria-ren egilearekin, nahiz eta ez dagoen haien erantzun jakinik. Liburuaren beraren izenburuak erbesteari egiten dio erreferentzia, baina gutun guztiak ez dira Parisko Komunaren porrotaren ostean Michel Kaledonia Berrian erbesteratu zutenean idatzitakoak. Ia denek ematen dute, ordea, idazle eta iraultzailearen izaera erreboltariaren berri. Liburuan, atalka sailkatu dituzte, Michel garai bakoitzean non zegoen zehaztuta: Haute-Marneko gazteluko gutunak 1850-1861, Montmartreko gutunak 1862-1870, Gutunak Versaillesko eta Auberiveko kartzeletatik 1871-1873 eta Kaledonia Berriko erbesteko gutunak 1874-1879. «Gutunok emakume sendo, zorrotz, trebe, xalo, iraultzaile eta feminista baten nortasuna erakusten digute», Lasaren iritziz, bere bizitzarekin «guztiz koherentea» izan zena. «Teoria eta praktika bat zetozen bere bizitzan». Hain zuzen ere, Lasak nabarmendu du Michelen izaera feminista, eta XIX. mendean «emakume berria» sortzen ahalegindu zela azpimarratu. «Berak idatzi zuen: 'Mundu berriak elkartuko gaitu gizon eta emakume libreak, non izaki bakoitzak bere lekua izango duen'».

Michel oso emakume aktiboa izan zen komunaren garaian, baina Xaviere Gauthier haren lanen aztertzaileak liburuaren sarreran dioen moduan, beste andere askok ere hartu zuten parte mugimendu hartan. Komuna erori osteko epaiketan, baina, ez bakarrik bera, baina bereziki nabarmendu zen Michel Komunaren oinarriak eta hartutako erabakiak defenditzean. «Oso hitzaldi suharrak egin zituzten, beren gain hartu zituzten salaketa guztiak, eta prest egon ziren egin zutena ondo egin zutela aldarrikatzeko», azaldu du Hedoi Etxarte argitaletxearen arduradunak.

Gaurko eztabaiden jatorria

Frantzian bezala, Euskal Herrian ere izan zuten eraginik XIX. mendeko oldarraldiek, eta, hain zuzen, haiei erreparatu die Arbelbidek liburuaren hitzatzean. «Ez zehazki 1871n, baina horren aurretik, 1848an oldarraldiak izan ziren Baxenabarren eta Zuberoan». Gainera, Michel Kaledonia Berrian erbesteratu zuten, eta han kanak herriaren alde egin zuen eta baita haren kultura ezagutarazteko ahaleginak egin ere. «Gaur egun Frantzian diren eztabaidek, baita ezkerraren barruan ere, han dute jatorria. Michelek kanaken alde egin zuen, baina Komunako bere lagunek ez. Frantziak gaur egun ere ez du asumitzen gatazka hori».

Gutunez gain, liburuan sartu dute 1871ko martxoaren 30ean Jules Valles kazetari, idazle eta Komunako kideak Le Cri du Peuple egunkarian argitaratutako aldarria (Komuna aldarrikatu dugu), eta baita Komuna erori osteko gerra kontseiluan, Michelen kontrako epaiketan, hark egindako adierazpen ugari ere. Eta badira liburuan zazpi poema ere. Michelek produkzio poetiko handia izan zuen bere bizitza osoan, baina zazpi horiek hautatu dituzte, «erbestearen ideiak» inportantzia handia duelako haietan, Etxarteren arabera. Hain zuzen ere, Parisko Komunaren porrotak ere garrantzi handia du poema horietan, eta Euskal Herriarekiko lotura ere azaltzen da, Michele Angiolillo Bergaran (Gipuzkoa) hil zutenean, Michelek poema bat idatzi zuelako: «[...] Michele Angiolillo igo da/ Kopeta altu eta pauso gisakoarekin/ Bere epaileak lotsaz zurbil/ Beldur dira epaimahaiaren itzalean/ Zigortua bere kabuz eseri da/ Sentitzen ereiten den hazia bezala/ Ahots goran esan du 'Germinal! [...]».

Poesia ez da ageri bakarrik olerkietan, Hugori idatzi zizkion lehen gutunak ere «poesia hutsa» direlako Etxarteren iritziz: «Idazle izan nahi duen neska gazte batek oso ezaguna den idazle bati idazten dio, eta bere lehenengo lanak erakusten dizkio».



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema