Listado de artículos

«Den-dena nahi dugu»ri iruzkina BERRIAn

'Den-dena nahi dugu'

Den-dena irabazteke

Idazlea: Nanni Balestrini.
Itzultzailea: Fernando Rey.
Argitaletxea: Katakrak.
2020ko apirilak 12

Ez du alferrik Franco Berardi Bifo-k hitzaurrean esaten: Balestriniren lanaren muina erritmoa da. Ez pausarik, ez komarik, atsedenerako ez du tarterik uzten, Italiako 1960ko hamarkadako langile-borroken historia manifestazio pausora azalduko balu bezala. Hala egiten dute bat eleberri honetan konpromiso politikoak eta hizkuntzaren esperimentazioak, ideiek eta arnasestuak, lilurak eta desengainuak. Azpimarragarria, zinez, Fernando Reyren lana, erritmo eta jario bizia euskaratzen asmatzeagatik.

1960ko eta 1970eko hamarkadetan herrialdeko milaka langilek beren azalean bizi izandako esperientzia komuna biltzen du idazle italiarrak liburu bakarrean, pertsonaia bakarrean. Hegoaldeko langabezia eta miseria induzitutik ihesi, beste askoren antzera Iparraldera lekualdatzen den gizon baten biziera kontatzen du, bere pentsamendu, amets, neke eta haserreak azalaraziz. Balestrinik, hortaz, behargin anonimo eta isilduari ematen dio ahotsa eleberri honetan. Anonimo, izan ere, ez protagonistak, ez langile gehienek ez dute izenik kontakizunean. Are, nahiz eta langilearen topikoei uko egin eta pentsaera eta jokamolde desberdinak erakusten dituen kontakizunean zehar, sarri langileen ahotsa bat eta bakarra dela ere irudi lezake. Azken-aurreko atalean, adibidez, greba batzar bat irudikatzen du Balestrinik, non ez dakigun nork hitz egiten duen noiz, denek bata bestearen segidan egiten baitituzte diskurtsoak. Igual dio kateko langileak diren, orgazainak zein fundiziokoak, ahots denei garrantzi bera ematen die idazleak. Batasuna da eleberrian defendatzen den ideia nagusietako bat, eta lengoaiaren esperimentazioaren bidez ere eutsi nahi izan zion aldarri horri.

Den-dena nahi dugu ahots eta irudien konbinazioa da, denborak eta ekintzak etengabe nahasten diren monologoa. Kapitulu bakoitzak gertaera edo garai bat azaldu arren, kronologia ez da bere horretan mantentzen, eta zaila da ekintza bat noiz hasi eta noiz bukatzen den jakitea, hurrengo kapituluarekin lotura zehazki non egiten duen asmatzea. Hala ere, liburuak garapen argi bat du narratzailearengan, azken finean, istorioaren muina langile baten kontzientzia hartzea baita. Hortaz, fase desberdinek geruza bat baino gehiago erakusten dute, eta langilearen irudi homogeneoa hausten da: gaztetxotako inozentzia aurki daiteke («Eta orduan segituan gauza funtsezko batez jabetu nintzen. Ongi janzteko ongi jateko ongi bizitzeko dirua behar zela».), baita alderdi bizizale eta alproja ere. Lanean hasi, baina langileen borrokaz, eta bereziki antolakuntzaz, deus gutxi dakien eta jakin nahi duen gaztea ageri da, baina baita Fiateko greba indartsuen bultzatzailea ere. Aipagarria da, batez ere, greba etengabeen osteko matxinada eta langile altxamendua azaltzen dituen azken atala.

Arnasa hartzeko aukerarik gabe, greba orokorren erritmora jarriko gaitu eleberriak. Hala, bada, egin dezake ispilu-jokorik egungo egoerarekin ere, bizi dugun baretasun ezegonkorrari kontrajarririk, etorkizunerako zenbait abisu luzatzen baitizkigu. Eta ororen gainetik: batasuna, berdintasuna eta borroka.

Irati Majuelo



Libro recomendado:

Den-dena nahi dugu

Den-dena nahi dugu

17,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema