Listado de artículos

Biharamun goizean: Edward Said

London Review of Books, 15 lib., 20. zk. 1993ko urriak 21

Biharamun goizean

Edward Said
Itzulpena: Iñigo Roque
Jatorrizkoa: https://www.lrb.co.uk/the-paper/v15/n20/edward-said/the-morning-after

Orain euforia apaldu dela, beharrezko patxadaz berrazter daiteke Israel-PAE akordioa. Azterraldi horretatik ateratzen den ondorioa da hasieran askok uste zuten baino arrakala gehiago dituela itunak, eta, palestinar gehienentzat, kaltegarriagoa dela. Etxe Zuriko gustu txarreko moda-desfilea, Yasser Arafat bere herrikide gehienen eskubideak eteteagatik denei eskerrak ematen ikustearen espektakulu umiliagarria, eta Bill Clintonen antzezpenaren ponperia buruiritzia ―XX. mendeko erromatar enperadore baten pare bi errege basailu gidatzen berradiskidetze- eta obedientzia-erritualetan barrena―, horrek guztiak pixka batez baizik ez du estaltzen palestinar kapitulazioaren tamaina txundigarria.

Aurrena eman diezaiogun akordioari dagokion izena: palestinar errendiziorako tresna, Palestinaren Versailles. Are itsusiagoa da kontua, zeren gutxienik azken hamabost urteetan PAEk akordio hobeak negoziatu ahalko baitzituen Allon plan moldatu hau baino, Israeli aldebakarreko hainbeste kontzesio egin beharrik izan gabe. Buruzagiek dakikete zergatik errefusatu dituzten aurreko eskaintza guztiak. Har dezagun, konparaziorako, nik neuk ezagutu dudan adibide bat: 1970eko hamarkadaren amaieran, Cyrus Vance estatu-idazkariak eskatu zidan Arafatekin hitz egiteko 242. Ebazpena onar zezan PAEren zuzenketa bat erantsirik (AEBren oniritziz); zuzenketak palestinar herriaren nazio-eskubideak eta Palestinaren autodeterminazioa jasoko zituen. Vancek esan zuen AEBk berehala aitortuko zuela PAE eta Israelen eta erakundearen arteko negoziazioak abiaraziko zituela. Arafatek erabat baztertu zuen eskaintza hura, tankerako beste batzuk bezala. Gero Golkoko Gerra piztu zen, eta PAE are posizio traketsagoan gertatu zen, gerran agertutako jarrera negargarriagatik. Palestinako Kontseilu Nazionalaren ebazpenak alde batera utzita, intifadaren irabaziak alferrik xahutu ziren, eta gaur egun dokumentu berriaren babesleek zera diote: «Ez geneukan beste aukerarik». Honela birformulatu behar litzateke esana: «Ez geneukan beste aukerarik, beste asko galdu edo errefusatu ditugulako aukera bakar hau geratu arte».

Palestinaren autodeterminaziorako bidean aurrera egingo badugu –eta horrek bakarrik zentzua izango du askatasuna, subiranotasuna eta berdintasuna badira helburuak, eta ez Israelekiko betiereko menderakuntza– zintzoki jakin behar dugu zer egoeratan gauden, orain behin-behineko akordioa negoziatzeko atarian gaudela. Benetan txundigarria da nola hainbeste palestinar buruzagi eta intelektualek, oraindik ere setaz, «garaipen»tzat hartzen duten akordioa. Nabil Shaath-en hitzetan, israeldar eta palestinarren arteko «erabateko parekidetasuna» jasotzen du. Egiaz, Israelek ez du ezertan amore eman, James Baker estatu-idatzi ohiak telebistako elkarrizketa batean esan zuenez, salbu eta, hein batean, «PAE palestinar herriaren ordezkari» gisa onetsita. Edo Amos Oz israeldar «uso»ak BBCri emaniko elkarrizketa batean adierazi bide zuenez, «hauxe da zionismoaren historiako bigarren garaipenik handiena».

Aldiz, Arafatek Israeli existitzeko eskubidea aitortuta, bazter utzi ditu Palestinar Nazioaren Gutuna; indarkeria eta terrorismoa; Nazio Batuen ebazpen adierazgarri guztiak, 242.a eta 338.a izan ezik, horiek ez baitiote deus palestinarrez, haien eskubide edo nahiez. Ondorioz, PAEk Nazio Batuen hainbat ebazpen alboratu ditu (eta orain, itxura batean, horiek moldatzekotan edo indargetzekotan da Israelekin eta AEBrekin batera), nahiz, 1948az geroztik, palestinar iheslariei zenbait eskubide aitortu dizkieten, erreparazioa jasotzearena edo aberriratzearena barne. Palestinarren aldeko nazioarteko ebazpen ugarik –besteak beste, Europar Erkidegoarenek, lerrokatu gabekoen mugimenduarenek, Islamiar Konferentziarenek eta Arabiar Ligarenek, bai eta NBErenek ere– kritikatu edo gaitzetsi dituzte israeldarren kokaguneak, anexioak eta okupatutako lurraldeetako biztanleen kontrako krimenak.

Badirudi, beraz, PAEk amaitutzat eman duela intifada, zeinak ez baitzuen terrorismoa edo indarkeria pertsonifikatzen ezpada palestinarren erresistentziarako eskubidea, nahiz eta Israelek Zisjordania eta Gaza okupatzen jarraitzen duen. Dokumentuaren kontsiderazio nagusiak Israelen segurtasunari buruzkoak dira, eta ez da batere aintzat hartzen palestinarrek Israelen erasoaldien aurrean behar duten segurtasuna. Irailaren 13ko prentsaurrekoan Rabin-ek argi esan zuen subiranotasunak Israelen esku segituko zuela; eta erantsi zuen Israelek bere mende atxikiko zituela Jordan ibaia, Egiptoko eta Jordaniako mugak, itsasoa, Gaza eta Jeriko arteko lurraldea, Jerusalem, kokaguneak eta errepideak. Dokumentuan ia ezerk ez du iradokitzen Israelek palestinarren aurka indarkeria erabiltzeari uko egingo dionik edo azken 45 urteetan haren politiken biktima izan direnei erreparazioa emango dienik (Irak, ordea, zortzi hilabeteko okupazio baten ondoren hartara behartu zuten Kuwaitetik erretiratzean).

Ez Arafatek ez israeldarrekin Oslon elkartu diren haren kideek ez dute sekula ikusi israeldar kokagune bat. Gaur egun badira berrehundik gora, batik bat muino, gain eta gune estrategikoetan Zisjordanian eta Gazan barrena. Asko baliteke zimeltzea eta desagertzea, baina handienak irauteko daude diseinatuta. Errepide-sistema independente batek lotzen ditu Israelekin, eta palestinar bizigune nagusien artean eten gaindiezin bat sortzen dute. Kokagune horiek gaur egun hartutako azalerak gehi desjabetzeko esleitutako (ustezko) azalerak Lurralde Okupatuetako lurraren % 55 baino gehiago osatzen dute. Jerusalem Handiak berak bakarrik, Israelek anexionatua bera, lur lapurtuaren puska handi bat biltzen du, kopuru osoaren % 25 gutxienik. Gazako kokaguneek iparraldean (hiru), erdialdean (bi) eta hegoaldean, Egiptoko mugatik kostaldean barrena Khan Yunis-ez gaindi (12), Zerrendaren % 30 osatzen dute gutxienik. Gainera, Israelek Zisjordaniako akuifero guztiak ustiatzen ditu, eta gaur egun hango uraren % 80 erabiltzen du kokaguneak eta Israel bera hornitzeko. (Ba omen dira antzeko ur-azpiegiturak Libanon Israelen mendeko «segurtasun-eremu»an.) Beraz, Osloko akordioan lur- eta ur-baliabideen kontrolari (edo lapurreta gordinari) ez ikusiarena egin zaio, urari dagokionez, edo auzia geroko utzi da, lurrari dagokionez.

Kontua are okerragoa da kokaguneei, lurrari eta urari buruzko informazio guztia Israelek daukalako, eta datu gehienak ez ditu partekatu palestinarrekin, partekatu ez dituen bezala palestinarrei 26 urtez ezarritako zerga ohi baino altuagoen bidez bildutako diru-sailen zenbatekoak. PAEk orotariko batzorde teknikoak sortu ditu lurraldeetan gaiok lantzeko (horietan palestinar ez-egoiliarrek parte hartu dute), baina itxura guztien arabera Oslon palestinarren aldeak ez ditu erabili batzorde horien emaitzak (halakorik izan baldin bada). Beraz, Israelek lortu duenaren eta palestinarrek eman edo pasatzen utzi dutenaren arteko desfase ikaragarriak bere horretan dirau.

Ez dut uste Etxe Zuriko zeremonia ikusi zuen palestinar bakar batek ere pentsatu ez zuenik mende bateko sakrifizioak, desjabetzeak eta borroka heroikoak ez dutela mozkinik eman. Izan ere, mingarriena zera izan zen: Rabinek praktikan palestinarren hitzaldia eman zuela, eta Arafaten esandakoek, aldiz, errenta-kontratu baten kutsua zutela. Hala, bada, inondik ere zionismoaren biktima gisa agertu beharrean, palestinarrak orain erasotzaile damutu gisa azaltzen dira munduaren begietara: balirudike Israelek Libanon bonbardatutako iheslari-esparru, ospitale eta eskoletan hildako milaka horiek; Israelek 1948an kanporatutako 800 mila lagunak (zeinen ondorengoak gaur egun hiru milioi inguru baitira, asko estatugabeak); haien lur eta ondasunen konkista; laurehundik gora palestinar herriren suntsiketa; Libanoren inbasioa; 26 urteko okupazio militarraren hondamena… balirudike sufrimendu horiek guztiak terrorismo eta indarkeria soil izan direla azkenean, atzeraeraginez horiek gaitzetsi beharra dagoela edo isilik ez ikusiarena egin behar zaiela. Israelek terrorismotzat eta indarkeriatzat jo izan du beti palestinar erresistentzia, eta, hortaz, izendatzeari dagokionez ere opari moral eta historiko bat egin zaio.

Zehazki zeren ordainetan? Israelek PAE aitortzea: zalantzarik gabe aurrerapauso bat. Horretaz kanpo, lurraren eta subiranotasunaren auziak «azken estatusari buruzko elkarrizketetara» arte geroraturik, palestinarrek praktikan albo batera utzi dute Zisjordaniaren eta Gazaren gaineko aldarrikapen aldebakar eta nazioartean onetsia: orain gehienez ere «lurralde eztabaidatuak» bilakatu dira. Hortaz, palestinarren laguntzaz Israelek lortu du lurralde horien gaineko aldarrikapen gutxienik parekoa. Israeldarren jokaldia da, nonbait, Gazaren kontrola utzita –duela hamabost urte Begin-ek Sadat-i eman nahi izan zion lana– PAE liskartuko dela hango lehiakideekin, Hamas horietako bat besterik ez dela. Are gehiago, trantsizioko aldian palestinarrak, indartu beharrean, ahuldu egin daitezke, israeldarren uztarpean areago etorri, eta hala gaitasun gutxiago eduki israeldarren aldarrikapenei aurre egiteko negoziazioen azken fasea hastean. Baina trantsizioko estatusetik azkenekora igarotzeko mekanismo espezifikoari dagokionez, dokumentuak, berariaz, ez dio ezer. Horrek esan nahi al du, itzalgaizka, trantsizioko fasea azkenekoa izan daitekeela?

Israeldar analistek iradoki dutenez, sei hilabete barru PAEk eta Rabinen gobernuak beste akordio bat negoziatuko dute hauteskundeak atzeratuz eta, hala, PAEri agintean segitzeko modua emanez. Aipatzekoa da Arafatek lehengo udan gutxienik bitan esan zuela beraren gobernu-esperientzia bakarra dela Libano kontrolatu zuen hamar urteko aldia; horrek nekez lasaituko ditu aldi negargarri hura gogoratzen duten libanoar eta palestinar ugariak. Ez dago gaur egun hauteskundeak egiteko bide zehatzik, ezta aztarrenik ere. Agintearen goitik beherako inposaketa eta okupazioaren soka luzea ez dira oso lagungarri izan erakunde demokratiko herritarrak sortzeko. Arabiar prentsan kaleratutako egiaztatu gabeko albisteek seinalatu dute PAEk dagoeneko bere ministroak izendatu dituela Tunisiako bere taldetxokoen artetik, eta ministrordeak Zisjordaniako eta Gazako konfiantzazko egoiliarren artetik (Haidar Abdel Shafi doktoreak uko egin dio eskaintzari). Irekiko al da inoiz kanpora, zinezko erakunde ordezkatzailea bihurtzeko? Ezin oso baikorra izan, kontuan izanik Arafatek erabat uko egiten diola boterea banatu edo eskuordetzeari, eta hobe ez aipatu berak bakarrik ezagutzen eta kontrolatzen dituen diru-baliabideak.

Barne-segurtasunari zein garapenari dagokienez, orain Israelek eta PAEk elkarlanean aritu beharko dute, nonbait. Lehengo urritik PAEko kide eta aholkulariak Mossadeko ofizialekin elkartu izan dira segurtasun-kontuak eztabaidatzeko, baita Arafaten segurtasuna bera ere. Noiz eta sekula baino gogorragoa zenean israeldarrek okupazio militarraren mendean dauden palestinarren aurka erabilitako errepresioa. Kolaborazioaren oinarrian dagoen logika da palestinarrei okupazioaren aurka ekiteko asmoa kenduko diela burutik; armada ez da erretiratuko, birkokatuko baino. Gainera, israeldar kolonoek beste jurisdikzio baten mende bizitzen jarraituko dute, beti bezala. PAE, hartara, Israelen eskumakila bihurtuko da, palestinar gehienek aukera horri gaizki iritzi arren. Ohargarria da Hegoafrikan Afrikar Kongresu Nazionalak behin eta berriro uko egin diola gobernua polizia-agentez hornitzeari harik eta boterea banatzen den arte, hain zuzen ere, gobernu zuriaren eskumakila gisa ez agertzeko. Duela egun gutxi batzuk Amman-etik iritsi zen berria Gazan polizia-lanak egiteko Jordanian entrenatzen ari diren Palestinako Askapen Armadako 170 kidek uko egin diotela kolaboratzeari, hain zuzen, arrazoi beragatik. Israelgo kartzeletan 14 mila palestinar preso inguru egonik –Israelek dioenez, baliteke horietako batzuk askatzea– berezko kontraesan bat dago, inkoherentzia bat ere bai, segurtasun-plan berrietan. Toki gehiago egingo al zaie horietan palestinarren segurtasunari?

Garapena da palestinar gehienak bat datozen auzi bakarra, zeina daitekeen eta modurik xaloenean deskribatzen baita. Espero izatekoa da nazioarteko komunitateak diruz lagunduko diela ausarki lurralde ia autonomoei; espero da (horretan ari da) palestinar diasporak beste horrenbeste egitea. Nolanahi ere, Palestinarako garapen orok Palestina-Israel Lankidetza Ekonomikorako Batzordearen iragazkitik pasatu behar du, nahiz eta, dokumentuaren arabera, «bi aldeek elkar hartuta nahiz aldebakarrez lankidetzan jardungo dute[n] eskualdeko eta nazioarteko aldeekin helburu horiek betetzeko». Israel botere ekonomiko eta politiko nagusia da eskualdean… eta Estatu Batuekin duen aliantzak areago handitzen du botere hori. Zisjordaniako eta Gazako ekonomiaren % 80tik gora Israelen mende dago, eta etorkizun posiblean ere kontrolatuko ditu, seguruenez, palestinarren esportazioak, industria eta eskulana. Enpresaburuz osaturiko erdiko klase txikiaz landa, palestinar gehienak pobre eta lurgabeak dira, eta Israelgo industria- eta merkatari-jendearen apeten pekora daude, palestinarrak eskulan merke gisa enplegatzen baititu. Palestinar gehienen egoera ekonomikoak orain arte bezala segituko du, nahiz eta orain espero den sektore pribatuan lan egingo dutela, aldez palestinarren esku dauden zerbitzuetan, besteak beste, oporleku, muntatze-planta txiki, etxalde eta halakoetan.

Israeldar kazetari Asher Davidi-k berriki argitaraturiko azterlan batek Dov Lautman Israelgo Enpresaburuen Elkarteko presidentearen hitzok jaso zituen: «Ez zaio axola palestinar estatu, autonomia edo palestinar-jordaniar estatu bat egongo den. Israelen eta lurraldeen arteko muga ekonomikoek zabalik segitu behar dute». Israelek, bere erakunde garatuak, AEBrekiko harreman estuak eta bere ekonomiaren oldarkortasuna eta bultzada direla medio, praktikan ekonomikoki anexionatuko ditu lurraldeak, betiereko mendekotasun-egoera batean utziz. Gero, Israel arabiar mundu zabalera begira jarriko da, Palestinako akordioaren onura politikoak tranpolin gisa erabiliz arabiar merkatuetan indarrez sartzeko, eta horiek ere esplotatuko ditu eta, seguruenez, nagusituko da haietan.

Horren guztiaren bultzagile Estatu Batuak ditugu, potentzia global bakarra. Haren Mundu Ordena Berriaren ideia korporazio erraldoi gutxi batzuen eskutik etorritako menderakuntza ekonomikoan oinarritzen da, bai eta jende xehe asko (baita herrialde metropolitanoetakoa) pauperizatzean ere. AEBk ikuskatzen eta kontrolatzen du Palestinarako laguntza ekonomikoa, Nazio Batuak baztertuta, nahiz NBEko agentziak, hala nola UNRWA eta UNDP, askoz ere posizio hobean leudekeen laguntza hori kudeatzeko. Har ditzagun Nikaragua eta Vietnam. Biak ere AEBren etsai izandakoak; Vietnamek garaitu egin zituen Estatu Batuak, baina haien laguntza ekonomikoaren premian dago. Vietnamen aurkako boikota indarrean dago oraindik, eta historia-liburuak berridazten ari dira erakusteko nola vietnamdarrek estatubatuarrak iraindu eta «gaizki tratatu» zituzten herrialdea inbaditzeko, bonbardatzeko eta suntsitzeko ausardia idealistagatik. AEBk finantzatutako Contra gerrillak eraso egin zion Nikaraguako gobernu sandinistari; herrialdeko portuak minatu zituzten; goseteak, boikotek eta era guztietako subertsio moldeek txikitu zuten hango biztanleria. 1991ko hauteskundeetan AEBk babestutako hautagaia, Chamorro andrea, boterera iritsi ondoren, AEBk miloi askoko laguntza agindu zuen, baina 30 miloi baizik ez dira iritsi. Irailaren erdialdean eten egin zen laguntza oro. Gaur egun gosetea eta gerra zibila dituzte Nikaraguan. El Salvadorrek eta Haitik ez dute paradero hoberik izan. Estatu Batuen gerizpera biltzeak, Arafatentzat ere bai, berekin zera dakar ia salbuespenik gabe: AEBri gehiago aurre ez egitea agindu ondoren AEBk berak Hirugarren Munduko errebelde edo «terrorista» horiei emandako patu bera.

AEBk ezinbesteko dituen baliabideak, hala nola petrolioa, hurbil edo bere lurraldean bertan dauzkaten Hirugarren Munduko herrialdeen kontrol ekonomiko eta estrategikoarekin eskuz esku lanean, hedabide-sistema dugu, zeinaren helmena eta pentsamenduaren gaineko kontrola miresgarriak baitira. Gutxienik hogei urtez, Yasser Arafat munduko gizonik zantarrena eta moralki higuingarriena izan da harentzat. Bera hedabideetan agertu edo hartaz hitz egiten zen aldiro, buruan pentsu bakarra baleuka bezala aurkezten zuten: juduak hiltzea, bereziki emakume eta haur errugabeak. Egun gutxiren buruan, «hedabide independente»ek erabat errehabilitatu dute Arafat. Orain pertsonaia onetsi eta are maitekorra da, eta haren kuraiak eta errealismoak aitorrarazi diote Israeli dagokion legitimitatea. Damu agertu da, «adiskide» bihurtu, eta bera eta beratarrak «gure» aldean daude orain. Berak egindakoa gaitzesten edo kritikatzen duena edo fundamentalista da, Likudeko kolonoak bezala, edo terrorista, Hamaseko kideak bezala. Ia ezin zen besterik esan, ez bazen Israel-Palestina akordioa –neurri handi batean irakurri edo aztertu ez den arren, eta, nolanahi ere, argia izan ez eta dozenaka xehetasun giltzarri falta dituen arren– Palestinaren independentziarako lehen urratsa zela.
Hedabideen arazoa da, kritikari edo analista egiaz independenteei dagokienez, ea nola askatu akordioak eta CNNk orain zerbitzatzen duten sistema ideologikotik. Ezinbestekoak dira memoria eta eszeptizismoa (edo beharbada benetako fidagaiztasuna). Nahiz eta agerikoa den palestinarren askatasuna ez dela inolaz ere lortu, eta ez dagoela inondik ere horretarako egitasmorik, Israelek eta AEBk inposaturiko muga estuez haraindi, espero da munduko bazter guztietara zabalduriko esku-emate ospetsuak a) arrakasta handi bat sinbolizatzea eta b) iraganeko eta gaurko errealitateak estaltzea.

Zintzotasun pixar bat izanez gero, palestinarrek gai izan behar lukete ohartzeko PAEk ustez ordezkatzen duen jende gehienarentzat ez dela mesedegarria izango akordioa, maila kosmetikoan ez bada. Egia da Zisjordaniako eta Gazako biztanleak, jakina, pozik daudela israeldar tropa batzuk erretiratuko direlako eta diru-sailak ausarki iristen has daitekeelako. Baina zintzotasun falta ikaragarria da zorrozki kontuan ez izatea zer xedatzen duen akordioak etorkizuneko okupazioaz, ekonomiaren kontrolaz edo erabateko segurtasun faltaz. Bestalde, badago Jordanian bizi diren palestinarren arazo ezin potologoa, eta zer esan Libanoko eta Siriako milaka iheslari estatugabeez. Arabiar estatu «adiskide»ek beti izan dute lege bat palestinarrentzat eta beste bat natiboentzat. Jokabide bikoitz hori larriagotu egin da: akordioa iragarri zenetik Al-Karameh-ko zubian gertaturiko jende-pilaketa eta jazarpen beldurgarriak ikustea besterik ez dago.

Zer egin, ordea, alferrik bada erostaka hastea? Aurren-aurrena, ez aipatu Israelek aitortua izatearen eta Etxe Zurian onartua izatearen bertuteak bakarrik, eragozpen nagusiak ere aletu behar baitira. Aurrena adimenaren ezkortasuna, hurrena borondatearen baikortasuna. Ez dago zuzentzerik PAEren trakeskeria teknikoari hein handi batean zor zaion egoera txar hau –ingelesez negoziatu zuten, nahiz eta Arafatek edo Osloko ordezkariak ingelesez ez jakin, legezko aholkularitzarik gabe–, non eta bederen maila tekniko batean inplikatzen duzun jendea bere kabuz pentsatzeko gai ez den, gaur-gaurkoz palestinar agintari bakarra den horren tresna huts izan beharrean. Arras etsigarria da ikustea nola hainbeste arabiar eta palestinar intelektualek, astebete lehenago arte deitoreka eta zalapartaka ibiliak eurak Arafaten manera diktatorialengatik, diruaren gaineko beraren kontrol irmoagatik, azkenaldian Tunisen inguratu duen lausengari- eta gortesau-kofradiagatik, gutxienik Golkoko Gerraz geroztiko gardentasun eta gogoeta ezagatik, nola intelektual horiek, bat-batean 180 graduko ziaboga eginik, txaloka hasi zaizkion bere jeinu taktikoagatik eta azken garaipenagatik. Aspirazio eta xede demokratikoak dauzkan jendeak bakarrik urra dezake autodeterminaziorako bidea. Bestela ez du merezi saiatzea ere.
«Palestinar estaturako lehen urratsa» iji-aja ospatu ondoren, geure buruari gogorarazi behar genioke estatu bat edukitzea baino hagitzez garrantzizkoagoa dela zer estatu mota izango den hori. Mundu postkolonialaren historian ugari dira alderdi bakarreko tiraniak, oligarkia diru-goseak, Mendebaldearen «inbertsio»ek eragindako gizarte-hausturak, eta pauperizazio ikaragarria (goseteen, gerra zibilen edo lapurreta orokorraren ondorioz). Fundamentalismo erlijiosoa bezala, nazionalismo hutsa ere ezin izan daiteke, inolaz ere, gizarte laiko berrien arazoetarako «erantzuna». Tamalez palestinar estatu izan litekeen horretan dagoeneko sumatzen dira Libanoko kaosaren eta Irakeko tiraniaren arteko uztardura desatseginaren aieruak.

Hala izango ez bada, hainbat auzi espezifikori heldu beharko zaie. Bata palestinarren diaspora dugu, zeina, Arafat eta PAE agintera eraman eta hantxe eduki dituen arren, orain zokoratuta baitago betiereko erbestean edo iheslari gisa. Gutxienez palestinar biztanleriaren erdia osatzen dutenez, ezin zaie ez ikusiarena egin haien nahi eta aspirazioei. Siriak «aterpetutako» erakunde politikoek ordezkatzen dute erbesteko komunitatearen zati txiki bat. Independente kopuru handi samar batek (horietako batzuek, hala nola Shafik al-Hout-ek eta Mahmoud Darwish-ek, PAE utzi dute protesta gisa) oraindik ere eginkizun garrantzitsua dute, ez bakarrik bazterretik txalo eginez edo desadostasuna erakutsiz, baita ere PAEko egituran aldaketa espezifikoak eskatuz, uneko garaipen-giroa bere neurrira ekarriz, babesa mobilizatuz eta mundu osoko palestinar komunitateen barrutik erakunde bat eraikiz autodeterminaziorako bidean aurrera egiteko. Madrilgo prozesua hasi zenetik, komunitate horiek aparteko atxikimendu, lidergo eta inplikazio berezia agertu dute.
Lehen eginkizunetako bat palestinar errolda osatzea da, baina ez ariketa burokratiko gisa, baizik eta palestinar guztiei, nonahi daudela ere, boto-eskubidea aitortzeko. Israel, AEB, arabiar estatuak –guztiak– erroldaren kontra azaldu dira: palestinarrei profil altuegia emango lieke eurak ikusezin omen diren herrialde batzuetan. Eta, Golkoko Gerraz geroztik, Golkoko gobernuak ohartu dira zenbaterainoko mendetasuna duten «gonbidatu»-komunitate behar baino handiago eta sarri esplotatu horrekiko. Oroz gain, erroldaren aurkako jarrera dator ohartzetik palestinar guzti-guztiak zenbatuz gero, sakabanaketa eta desjabetzea kontuan izan gabe, ariketa horren bidez gertuago leudekeela nazio bat eratzetik gizatalde huts bat izateari utzita. Gaur egun inoiz baino gehiago, errolda ―eta beharbada, gerora, mundu mailako hauteskunde batzuk― egiteko prozesuak puntu nagusietako bat izan behar luke toki guztietako palestinarren agendan. Autorrealizazio historiko eta politikoko ekintza bat litzateke, subiranotasunik ezak ezarritako mugez haraindikoa. Eta parte-hartze demokratikorako nahi unibertsala gorpuztuko luke, orain Israelek eta PAEk beren arteko aliantza goiztiarraren bidez hura nabarmenki mugatu ondoren.

Erroldak, noski, Zisjordaniakoak edo Gazakoak ez diren palestinarren itzuleraren auzia azaleratuko luke atzera ere. Afera hori, «iheslari» izendapen orokorrean bildua, azken estatusari buruzko elkarrizketetara arte atzeratu den arren etorkizun zehaztugabe batean, oraintxe atera behar da mahai gainera. Libanoko gobernuak, esaterako, Libanoko 350-400 mila palestinarren herritartasun eta naturalizazioaren kontrako erretorika biziagotu du adierazpen publikoetan. Palestinar horietako gehienak estatugabeak eta pobreak dira, eta konfinatuta daude. Jordanian eta Egipton antzekoa da egoera. Jende hori, palestinarren artean preziorik handiena ordaindu duena, ezin da usteltzen utzi edo bertan behera laga bere borondatearen kontra. Israelek badauka munduko judu guztiei itzultzeko eskubidea ematea: gizabanako juduak Israelgo herritar bihurtu eta Israelen bizitzen jar daitezke nahieran. Bidegabekeria izugarri hori, ia mende erdiz palestinar gutxientzat jasanezina izan dena, zuzendu beharra dago. Ezin pentsatuzkoa da 1948ko iheslariek itzuli nahi edo ahal izango dutela palestinar estatuarena bezalako lurralde txiki batera: bestalde, haientzat guztientzat onartezina da beste inon kokaraztea edo aberriratzeaz eta erreparazioaz izan lezaketen edozein ideia alboraraztea.

Beraz, PAEk eta palestinar independenteek, besteak beste, Osloko akordioek jaso ez duten auzi bat bistaratu beharko dute, horrenbestez azken estatusari buruzko elkarrizketak aurreratuz; alegia, gatazka latz honen biktima izan diren palestinarrentzat erreparazioa eskatu beharko dute. Nahiz eta Israelgo gobernuak nahi lukeen (Rabinek aski argi adierazi zuenez Washingtongo prentsaurrekoan) PAEk bere «enbaxadak» ixtea, bulego horiek irekirik eduki behar lirateke aberriratze- eta erreparazio-eskabideak bideratu ahal izateko.
Labur esanda, Osloko akordioak negoziatzean erakutsitako erabateko alprojakeria gainditu beharra daukagu («gure aitortzaren ordainez edozer onartzeko prest gaude»), eta akordio paraleloak bilatu Israelekin eta arabiarrekin palestinar aspirazio nazionalez, ezen ez munizipalez. Horrek, ordea, ez dakar israeldar okupazioaren aurkako erresistentzia alboratzea, erresistentziak epemugarik gabe iraungo baitu. Okupazioa eta kokaguneak hor dauden artean, PAEk horiek legitimatu zein ez, palestinarrek eta beste batzuek horien aurka hitz egin behar dute. Bada beste auzi bat Osloko akordioek, PAE-Israel gutun-trukeek edo Washingtongo hitzaldiek aipatu ez dutena: ea PAE, indarkeriari eta terrorismoari uko egitean, erresistentzia ez-biolentoaz, desobedientzia zibilaz eta bestez ere ari ote zen. Subiranotasun osoa eta independentzia ukatzen zaion edozein herriren eskubide besterenezinak dira horiek, eta defendatu egin behar dira.

Hainbeste arabiar gobernu ez-herritar eta ez-demokratikoren ildotik, PAE aurkariei «terrorista» edo «fundamentalista» deituz beretzen hasia da agintea. Demagogia. Hamas eta Jihad Islamiarra Osloko akordioaren aurka daude, baina behin baino sarriagotan esana dute ez dutela indarkeriarik erabiliko gainerako palestinarren kontra. Gainera, bien artean Zisjordaniako eta Gazako biztanleen heren baten baino gutxiagoren babesa dute. Damaskon egoitza duten taldeez den bezainbatean, irudi du geldirik daudela edo desakreditaturik (bistako arrazoiengatik). Horiek ez dira, inondik ere, palestinar oposizio bakarra, tartean laiko ezagunak baitaude, Palestina-Israel gatazkarako irtenbide baketsu batekin engaiatua den jendea, errealista eta demokrata. Neure burua sartzen dute azken talde horretan, zeina, nire iritziz, gaur egun uste baino hagitzez zabalagoa baita.

Oposizioaren pentsamoldearen muinean dugu PAE kosta ahala kosta eraberritzeko asmoa. Erakundea oraintxe ohartu da «batasun nazional»erako dei agorrek ez dutela jadanik balio baldarkeria, ustelkeria eta autokrazia zuritzeko. Palestinaren historian lehen aldiz ezin da oposizioa parekatu traizioarekin edo etoikeriarekin, logika burugabe edo maltzur batetik ez bada. Izan ere, palestinartasun sektarioaren eta liderrarenganako leialtasun itsuaren aurka gaude: gardentasunaren eta betebeharraren printzipio demokratiko eta sozial zabalekin gaude engaiatuta, nazionalismo triunfalista halakoak beti zokoratzen saiatu den arren. Espero dut diasporan oposizio zabal bat ernatuko dela PAEren baldarkeria-historiaren aurka, baina Lurralde Okupatuetako jendea eta alderdiak ere tartean izanik.
Azkenik, baditugu bi herrien elkarrekiko eta eskubide bereko autodeterminazioaren alde dauden israeldar eta palestinarren arteko harreman nahasiak. Goiz da ospakizunetarako; bide errazegia da, israeldar eta ez-israeldar judu gehiegirentzat, oraindik indarrean dirauten desberdinkeria izugarriak gainditutzat emateko. Gure herriak dagoeneko lotuegi daude bata bestearekin gatazkan eta jazarpen-historia partekatu batean, zerk eta estatubatuar estiloko jaialdi batek zauriak senda ditzan eta etorkizunerako bidea ireki dezan. Oraindik badira biktima bat eta biktimario bat. Baina desberdinkeriak amaitzeko borrokan elkartasuna egon daiteke, eta israeldarrek beren gobernua presiona dezakete okupazioa, desjabetzeak eta kokaguneak bertan behera uzteko. Palestinarrei, azken batean, ezer gutxi utzi zaie emateko. Orain, batu behar dugu, gogotik, pobreziaren, bidegabekeriaren eta militarismoaren aurkako borrokara, israeldarren segurtasun psikologikorako eskari erritualik egin gabe (orain ez badaukate halakorik, ez dute sekula edukiko). Oroz gain horrek erakutsiko du esku-emate sinboliko hori lehen urratsa ote den adiskidetzeko eta egiazko bakerako.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema