Salgaien zerrenda

«Rote Zora»ri iruzkina ARGIAn

Liburu kritikak

Borrokentzako brebiarioa

Ibai Atutxa Ordeñana
2024ko otsailaren 04a

ROTE ZORA
Rote Zora (Itzulpena: David Lindemann)
Katakrak, 2023

Les Damnés de la terre izan zen 1960 eta 70eko hamarkadetako ezkerreko euskal gazteriaren klandestinitateko brebiarioa. Horixe gogoratu zuen Joxe Azurmendik. Euskal Herriko askapen borrokek zeuzkaten oinarrizko ideia partekatuak biltzen zituen testua izan zen Franz Fanonen lana. Ordutik, brebiario batek baino gehiagok jarraitu dio Fanonenari. Bada, Rote Zorak, Katakrakek 2023an argitaratutakoak, antzera funtziona dezake.

Irakurtzean behin eta berriro pentsatu dut honek guri ere balio digula. Horratx nire proposamena, beraz. 1974 eta 1995 urte artean iraun zuen emakumeen hiri gerrilla armatu feminista alemaniarrak idatzi zituen testuetan daude egungo Euskal Herriko borrokentzako oinarrizko ideia partekatu zenbait. Jarraian, adibide sorta.

1. “Legearen araberako borroka ez da nahikoa, ohiko zapalkuntza-moldeak […] legezkoak baitira”. Legearen barnean ekin daiteke eta eskatu ditzakegu dagozkigun eskubideak, baina borrokek legea bera jarri behar dute zalantzan.

2. “Erresistentzia da zapalkuntza nabarmentzen duena”. Ez ahaztu erresistentziarik gabe zapalkuntza naturalizatu egiten dela. Betikotu.

3. “Guk ekintzen bidez beste emakume batzuei zirrara bera eragitea espero dugu”. Utzi erakargarri izaten saiatzeari eta geure buruak saltzeari. Erresistentziak berak dakar zirrara eta atxikimendua.

4. “Zure autoa erreko dugu, zure lorategia suntsitu eta zure txaleta eraitsi. […] Agur eta muxu”. Ez demonizatu ekintza zuzena. Berreskuratu, eguneratu, praktikatu.

5. “Emakumeon aurkako indarkeria gizonen menderatze-printzipio iraunkor[ra] da eta ez salbuespen[a] […] Indarkeria matxistaren aurkako borroka ezin [da] bereizi sistemaren indarkeria guztien aurkako borrokatik”. Bortxak ez dira isolaturik gertatzen, zapalkuntza ezberdin oro gertatzen da besteekin txirikordatuta eta horregatik: “Suntsitu eta baztertu[ekin], elkartasuna!”.

Hauxe izango da, denbora baterako behintzat, nire azken liburu iruzkina. Kalean elkartuko gara Rote Zora besapean. Eskerrik asko irakurtzeagatik, agur eta muxuak.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak