Listado de artículos

«Shakespearek ez zuen inoiz egin» GARAn

«Shakespearek ez zuen inoiz egin», Jone Gartziaren itzulpena

Charles Bukowskiren “Shakespeare Never Did This” euskarara ekarri du Jone Gartziak Katakrak argitaletxearen eskutik. 1978an Linda Lee bikotekidearekin batera Europan barna egindako bidaiaren kronika jasotzen du. Egunerokotasuna literatura bihurtuta.

Zalantzan egon zen Jone Gartzia (Bilbo, 1996) Katakrak argitaletxearen enkargua onartu ala ez. Horrela aitortu zuen aurkezpenean. «Deserosotasuna pizten dit. Hori baliatzea erabaki nuen». «Kostatu egin zait nire itzulpena estimatzea, ez dakit posible den inoiz gustura sentitzea. Charles Bukowskiren figurarekin jarraitzen dut deserosotasuna izaten. Deserosotasuna piztea ere bada bere ekarpena», aitortu zuek lanak amaituta sentipen bera duen galdetuta.

Itzulpen prozesuan aurkitu du zailtasunik. «Erronka handiena hizkuntza maila ez goratzea izan da. Obsesionatuta egon naiz beste egileek aurreko itzulpenetan erabilitako hizkera eta lexikoa mantentzearekin. Gero konturatu naiz lan hau ez dela nobela, kronika baizik, eta horrek ere ematen zidan beste aukera bat. Izan ere, 2026ko itzulpen bat ezin da aurrekoen berdina izan».

«Euskara batutik kalekoa den hizkuntza sentiaraztea izan da erronka. Ahalegin handia egin du Jonek alde horretatik», esan zuen Hedoi Etxarte editoreak. 1990eko hamarkadatik ekarri da euskarara idazle alemaniar-estatubatuarra, batez ere aldizkarietan, baita liburuetan ere. Susak, Txalapartak eta Elkarrek atera dituzte itzulpenak.

Puntuazioak ere eman dio buruko minik Gartziari. «Beste erronka bat izan da. Bi hizkuntzek, ingelesak eta euskarak, desberdin egiten dute puntuazioa, eta, horrez gain, Bukowskik berea du. Gehiegi ez katramilatzea izan da nire helburua», argitu zuen. «Irakurle asko haurtzarotik helduarorako jauzian zaletzen dira irakurketara Bukowski bezalako egileekin. Bizirik zela, bere testuinguruan eta gizartean, oro har bere burua kanpo ikusi zuen idazleak. Nerabezaroan sartzean izaten da momentu hori ez duguna zeharo bat egiten eta gizarteak bazterreratu egiten gaituena. Bukowskiri bizitza osoan zehar gertatu zitzaion. Inork ezagutzen ez zuenean eta oso idazle ezaguna zenean ere, gatazkatsua eta erakargarria egiten zitzaion jendeari aldi berean. Bere obra guztian ikus daiteke, estilo eta gaiengatik, baita munduarekin harremantzeko moduarengatik ere», azaldu zuen.

Langileekin eta kaleko jendearekin zuen harremana islatzen du “Shakespearek ez zuen inoiz egin” liburuak. «‘Behe klaseko pertsona deitoragarri’ esaten dio bere buruari. Behe klasekoa da, baina ukatuak zaizkion maila kultural jakin bateko egileak -garaiko pertsonaia politiko ezagunak, gaitzesten zein gustukoak zituenak, musika klasikoko egileak...- etengabe daude bere liburuetan. Bera mito bihurtu zen eta berak ere etengabe sortzen ditu mitoak», esan zuen. Izenburura eraman zuen Shakespearek horra mugatzen du bere presentzia, orrietan ez baita agertzen.

«Zintzoa eta egiazkoa da» liburua Gartziarentzat. «Haurtzaroan debekatuta dauden gaietako asko jorratzen ditu: desira, maitasuna, mendekotasuna, alkohola, autoritatearekin arazoak... Sarri esaten da irakurtzen ez zuen jendearentzat idazten zuela. Estilo laua du eta hortik gai konplexuak planteatzen ditu. Estilo eskuragarria daukanez idaztera ere gonbidatzen zaitu, egunerokoari lotuta eta estilo soilean. Literatur genero asko landu zituen eta idazle, artista eta ahots gisa egin zitzaion harrera, eta ez da beti gertatzen».

«Bukowskik landu zituen aurpegi guztiak elkartzen dituen liburua da», nabarmendu zuen Etxartek. 1978an Linda Lee bikotekidearekin batera Europan barna egindako bidaiaren kronika jasotzen du liburuak. «Bere bizitzari buruz hitz egiten du. Oso narratiboa da, baina epilogoa poema sorta du, asko landu izan zuen generoa. Denetarik du: jipoiak, mozkorraldiak, maitasun keinuak, polizia, barkuak, zaldiak, apustuak, kazetariak, zaleak... Ohiko eszenatokietan ezohiko moduan gertatzen direnak agertzen ditu», azaldu zuen.

Eguneroko bizitza zuen inspirazio iturri. «Kasik iritsi zen sinestera XX. mendeko amets hura, bere bizitza, literatura zela. Pertsonaiarekin dugun distantziatik oso liburu dibertigarria da», jarraitu zuen. Testuez gain irudiak aurkituko ditu irakurleak. «Hasieran argazki albuma izan zen; formatu handian atera zen eta zentroan argazkiak zeuden. Testuak hain dauka potentzia handia, ia argazkirik gabe ateratzera iritsi zirela beste hizkuntza batzuetan. Guk luxuzko edizioa ez dugu egin, baina irudi denak mantendu ditugu».



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema