Ekitaldien zerrenda

Martxoak

06

Asteazkena

19:00etan

‘Berria FM’-ren aurrez aurreko emanaldia, estudiotik jendaurrera

Irratsaioa


Urtebeteko bidea egin du Berria FM-ren bigarren aldiak; hain justu ere, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ingurumarietan. Bi motibo horien karietara, ohiko estudiotik aterako da BERRIAren podcast feminista, eta hizlariak jendaurrean mintzatuko zaizkie mikrofonoei. Izan ere, martxoaren 6an saio berezia grabatuko da Iruñeko Katakrakeko egongelan, eta BERRIAlagunek aukera izanen dute hura zuzenean ikusteko eta aditzeko. Ondotik, emaitza martxoaren 8an sareratuko da, ohiko plataformetan.

Historikoki, eta are azken urteotako olatu feministan, aldarrikapenak kalera ateratzeko eta indar erakustaldia egiteko eguna da Martxoaren 8a; ez bakarra, ordea. 2023ko azaroaren 30eko Euskal Herriko lehenbiziko greba feminista orokorrak beste mugarri bat ezarri du borrokan, eta eman nahi diren pausoen bidea seinalatu, batik bat zaintzari buruzko eztabaidari helduz. Hain justu ere, horiei guztiei buruzko hausnarketak bilduko ditu Berria FM-ren saio bereziak, bi gonbidaturekin: Uzuri Castelo soziologoa eta Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kidea.

BERRIA ekonomikoki sostengatzen dutenengandik hurbilago aritzeko anbizioz antolatu du saioa Berria FM-k. Irakurle eta entzule ez ezik, partaide ere nahi dugulako BERRIAlaguna; eta galdera egile, eta iritzi emaile. Feminismoari loturiko gaietan, are eta gehiago.

BERRIAlagunentzako antolatu dugun esperientzia hau martxoaren 6an izanen da, 19:00etan. Hogei lagunentzako tokia izanen denez, aurrez izena eman beharko da, eta BERRIAlagun bakoitzak gehienez bi toki erreserba ditzake. Joateko aukera baduzu soilik eman izena.