Listado de artículos

«Sorginak, emaginak eta erizainak» DIARIO DE NAVARRAn

Nafar hizkuntza
Sorgin-ehizak, emakumeen bazterketa medikuntzan eta osasun sistemaren ikuspegi kritikoa uztartzen dira Sorginak, emaginak eta erizainak liburuan.

Sorginak, herriaren sendalariak

NEREA ALEJOS Iruñea

Barbara Ehrenreich eta Deirdre English gazte-gazteak ziren Sorginak, emaginak eta erizainak argitaratu zutenean, duela 46 urte, Estatu Batuetan. Panfleto bat izan zen hasieran, hipotesi ausartak islatzen zituena. Bi egileek aldatu zuten sorgin-ehitza ulertzkeo modua, eta azaldu zuten botere ekonomikoen,e rlijiosoen eta politikoen aliantza jende xeheak bere gorputzen gain zuen jabetza gal zezan.
Orain, Katakrak argitaletxe nafarrak liburuxka hau euskarara ekarri du Maria Colera Intxaustiren itzulpenarekin. Silvia Federicik idatzitako hitzaurrean azpimarratzen den den bezala, Sorginak, emaginak eta erizainak liburu garrantzitsua da, «emakume sendalarien historia berreskuratzen duelako eta perspektiba ematen digulako medikuntza ofizialaren emakumeen bazterketaz».
Emakumeen historiaren berreraikuntza feministarentzako lan aitzindari bat izan zen. Feminismoaren bigarren olatuari bideratuta, «bere garaiko Estatu Batuetako medikuntza ereduarekiko kritika bat zabaldu zuen», esaten du Hedoi Etxarte Katakrakeko editorieak.
Emakumeen papera osasungintzan aztertzeko helburuarekin, liburu honek Europako Erdi Arotik Estatu Batuetako XX. menderainoko bidea egiten du. Egileek sorgin-ehitzaren fenomenoari erreparatzen diote, klase agintariak antolatutako «terrore-kanpaina» izendatuz, hain zuzen. «Elizak eta Estatuak abian jarri, diruz lagundu eta gauzatutako kanpaina ondo antolatuak izan ziren sorgin-ehizak, emakumezko nekazarien aurka», esaten dute liburuaren kapitulu batean.
Sorgin-ehitzak lau mende luze iraun zuten, XIV. mendetik XVII. mendera. «Ez ziren bakarrik emakumeak izan Inkisizioak zigortu zituenak, baina orohar haiek izan ziren. Sorginak aipatzen direnean, beti aipatzen dira izpirituak, deabruarekin lotura, akelarreak eta abar. Difamazio kanpaina bat izan zen», esaten du Hedoi Etxartek. Horren adibide garbiak liburuarne ilustrazio batzuetan iksu daitezke: deabrua sorgin bat limurtzen, sorginak eta deabruak biribilean dantzan... «Baina sorgin horien atzean jende arrunta zegoen», esaten du Etxartek.
Sorginak herriarne sendaliariak ziren: senda-belarrak hazten zituzten eta bere jakintzak belaunaldiz belaunaldi transmititzen zituzten. Bestalde, klase agintaria bere sendalari sekular propioak sortzen hasi zen: unibertsitatean ikasitako medikuak. Medikuntza-fakultateak zabalduz zirenean, familia aberatsetako mutil gazteak hara joaten hasi ziren. «Badago ekaitz perfektu bat sorginen kontra. Orohar jende xeheak bazuen bizitzeko modu bat, sendagintzaren bitartez, baina sortu berriko burgesiak ikusi zuen negozioa egin zezakeela osasungintzaren inguruan», azaltzen du Etxartek.
Elizaren, Estatuaren eta medikuntza profesionalaren arteko aliantzak sorgin-epaiketetan jo zuen gailurra. Horrela jarri zen martxan beste osasun sistema berri bat. Ondoren, XIX. mendean, Estatu Batuetan, lehenengo mugimendu sozialak sortu ziren sistema horren aurka, hau da, osasunaren aldeko herri-mugimendua, «gizon bakoitza bere buruaren mediku» lelopean.
Bestalde, medikuntzaren ateak itxita zeuden emakumeentzat. Beraz, gelditzen zitzaien aukera bakarra erizaintza zen. Gaur egun ere, erizaintza ogibide femeninotzat hartzen da.
Hedoi Etxarteren ustez, liburu honek gure munduaren eboluzioa berplanteatzera gonbidatzen du. «Sarritan izaten dugu historiaren ikuspegi bat, pentsatzearena denbora joan ahala orduan eta hobe biziko dela jendea, askeagoa izango dela... Nik uste dut sorgin-ehizen inguruko ikerketek erakusten dutela ezetz, batzuetan denborak aurrera egiteak eszenario okerragoak ekartzen dituela», esaten du Etxartek.

SORGINAK, EMAGINAK ETA ERIZAINAK
Egileak: Barbara Ehrenreich eta Deirdre English
Itzultzailea: Maria Colera Intxausti
Argitaletxea: Katakrak
Orrialde kopurua: 112
Salneurria: 10€



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema