Sindicat de Llogaters NAFARROAKO HITZAn

Espekulazioaren aurkako errentariak

2018, martxoak 02
Edurne Elizondo

Bat egiten badugu, eragiteko indar handiagoa izanen dugu”. Horixe nabarmendu dute Bartzelonako Maizterren Sindikatuko kideek, Iruñean. Nafarroako hiriburuan aurkeztu dute iazko maiatzean Katalunian sortutako elkarte hori, eta “hagitz larritzat” jo dute etxebizitzaren arloan gertatzen ari dena: “Espekulazioa da nagusi; legeak ez dio inolako mesederik egiten alokairuan bizi denari. Bigarren mailako herritarra da”.

Bartzelonako maizterrak hiriz hiri ari dira sortu duten sindikatua aurkezten. Tokian tokiko elkarteak martxan jartzea dute helburu. “Gu laguntzeko prest gara”, erran die Lourdes Garcia kideak, Iruñeko aurkezpenean bat egin dutenei. “Beharrak” eraginda jarri dute sindikatua martxan. “Gure eskubideen defentsan eraginkorrago izateko asmoz”, erantsi du. “Zenbaitetan, nahikoa da eskaera zehatz bat nola bideratu jakitea; bertze anitzetan, bat egiteak eta anitz izateak emanen digun indarra dugu helburu, denon interesak defendatu ahal izateko”.

Bartzelonako egoera “beltz” ikusten dute sindikatuko kideek, eta han gertatzen ari dena “zabaltzen” joanen dela uste dute. “Turistentzat bideratutako etxebizitzak; ezkutuan gertatzen ari diren etxegabetzeak; kontratuak berritzeko zailtasunak… Maizterrak dena du kontra”, nabarmendu du sindikatuko kide Enrique Lahozek.

Espainiako Konstituzioa jarri du Lahozek mahai gainean: “Denok dugu gogoan etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea jasotzen duela; ez gara oroitzen, ordea, bigarren zatiaz, konstituzioak aipatzen baitu espekulazioaren aurka eginen dutela botere publikoek. Gaur egun, ordea, kontrakoa gertatzen da. Etxebizitza duin bat izateko eskubidea ez da bermatzen, eta sistemak espekulazioaren bidetik jotzen duenaren alde egiten du”, nabarmendu du sindikatuko ordezkariak.

2013ko Hiri Alokairuen Legea jarri dute mahai gainean Bartzelonako Maizterren Sindikatuko kideek. “Etxebizitza baten alokairuan bi alde daude; lege horrek, ordea, bietako baten interesak baino ez ditu kontuan hartzen, jabearenak alegia”.

“Gure helburua argia da: maizterren eskubideak defendatu nahi ditugu, jabeen gehiegikerien aurrean”, berretsi du Garciak. Zehaztu du legeak, bereziki, “jabe handiei” egiten diela mesede; inbertsio funtsen atzean bat egiten dutenei, bertzeak bertze. “Horien atzean, azken finean, bankuak daude”. Erantsi du “jabe txikiek” handiek ezarritako “arauak aprobetxatzen” dituztela.

“Jabeek ezarritako arau horiek ekarri dute, adibidez, kontratuak hiru urtekoak izatea, eta berritu ahal izateko dirutza ordaindu behar izatea”, azaldu du Garciak. Sindikatuan artatu duten pertsona baten kasua jarri du mahai gainean. “Hiru urte pasatuta, 800 euroko alokairua 900 eurora igo nahi diote. Okerrena da berritzeko 6.000 euro baino gehiagoko bermea eskatzen diotela”, salatu du, gogor. Anitzetan kontratuak sinatzeko sei hilabeteko bermea eskatzen dutela erantsi du. “Nork ordaintzen ahal du hori?”.

Bartzelonan, alokairuan bizi direnek, batez beste, beren diru sarreren %40-45 erabiltzen dute etxebizitza ordaintzeko. “Gazteen artean, %65. Ez da bidezkoa”, nabarmendu du Lourdes Garciak. “Ez genuke kobratzen dugunaren %30 baino gehiago bideratu beharko alokairua ordaintzeko”.

Etxebizitza publikoak

Etxebizitza publikoak behar dira. Mezu hori nabarmendu nahi izan dute Bartzelonako Maizterren Sindikatuko kideek, Iruñean. Egoera ez da “batere ona” Kataluniako hiri horretan, azaldu dutenez: “%2 baino ez dira”. Europako bertze hainbat herritan egoera hagitz bertzelakoa dela gaineratu du Lahozek: “Alemanian, adibidez, etxebizitza publikoak dira %40. Horrek erran nahi du etxebizitza horien alokairu prezioak ez dituela merkatuak kontrolatzen, administrazioak baizik”. Bidea hori dela argi dute sindikatuko ordezkariek.

Administrazioarekin, hain zuzen ere, zer egin badela uste dute sindikatuko kideek. Administrazioarekin eta jabeekin batera egon nahi dute maizterrek etxebizitzari buruz erabakitzeko eta negoziatzeko mahaietan. “Eragile izan nahi dugu etxebizitzaren esparruan”, zehaztu du Garciak.

Eragile, errentarien alde egiteko. Bide horretan bertzelako neurriak hartzeko aukera ez dute bazter utzi nahi, bertzeak bertze, grebarena. Hau da, alokairua ez ordaintzeko grebarena. “AEBetan eta Italian egin dituzte gisakoak. Bat egitea da halakoetan gakoa. Aukera hor dago”. Iruindarrekin bat egitera etorri dira sindikatuko kideak Nafarroara. Sarea zabaltzera.