Listado de artículos

Rita Segato BERRIAn

RITA SEGATO. ANTROPOLOGOA ETA IRAKASLEA

«Feminizidioek ez dute loturarik sexuarekin, boterearekin baizik»

Antropologia eta Bioetika irakaslea da Segato, Brasiliako Unibertsitatean. Ipar Irlanda, Kanada, Frantzia, Argentina eta AEBetan eman ditu eskolak, generoa, arraza eta giza eskubideak ardatz hartuta.
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA2017-03-23 Ion Orzaiz

«Ez dira kasu solteak. Ez dute sexu grinarekin zer ikustekorik. Gerra bat da». Rita Segato (Buenos Aires, 1951) antropologo eta irakasle argentinarraren ustez, ikuspegi orokorrago batetik heldu behar zaio feminizidioen auziari, boterearen eta klase borrokaren faktoreak ere ekuazioan sartuta. Berriki, Donostian eta Iruñean izan da Segato, bere azken liburua aurkezten: La guerra contra las mujeres (Emakumeen kontrako gerra).

Izenburuan bertan azaltzen da gerra hitza. Zergatik nabarmendu nahi izan duzu hori?

Izenburu egokia dela deritzot, indar handia duelako, baina aitortu behar dizut horrekin ere eztabaidatxoa izan genuela, izenburu batean zaila delako ñabardura guztiak azaltzea. Nire tesia da emakumeen kontrako indarkeria kasuak ez direla, askotan esaten den bezala, kasu solteak edo sexu eraso hutsak. Gerra bat da. Hori esanda, biktimak emakumeak badira ere, auzia harago doa. Feminizidioak boterearen manifestazioak dira, patriarkatua horixe delako: agintea, boterea. Eta botere horrek emakumeak zauritzen edo hiltzen ditu, baina gizarte osoaren kontrako gerra da.

Dimentsio politikoa ematen diozu emakumeen kontrako indarkeriaren auziari...

Bai, jakina, auzia politikoa delako. Honako hau ez da gizonen eta emakumeen arteko gatazka bat, kapitalismoaren eta gizartearen artekoa baizik, emakumeen gorputzak gudu zelai bihurtuta. Milaka kasu daude, eta bakoitzak ezaugarri propioak ditu, baina, oro har, esan dezakegu botereak krudelkeria normalizatu egiten duela, emakumeen kontrako indarkeriaren bitartez. Kapitalismoaren ikuspegitik, emakumea ez litzateke soldadu etsaia izanen.

Ez?

Ez, patriarkatuak erabili egiten du emakumeen kontrako indarkeria. Herri edo kolektibitate oso baten animoa birrintzen da, emakumeon gorputza suntsituz, eta hori oso argi ikus dezakegu azken hamarkadetako gerretan. Emakumeen kontrako krudelkeria areagotu egin da: torturak, mutilazioak, hil arteko bortxaketak... Muturreko bortizkeria horren atzean ez dago helburu militar edo estrategikorik, emakumeak oso gutxitan direlako soldaduak. ISIS Sirian eta Iraken, Boko Haram Nigerian... Aditu askoren arabera, gerrak feminizatu egin dira, haien aurkako bortizkeria muturrera eramanda. Zergatik? Bada, emakumeak ikur bihurtuta, hilketa eta tortura horiek ere balio sinbolikoa dutelako, boterea adierazten dutelako.

Halakoak gerretan soilik gertatzen dira?

Gerretan ikus ditzakegu adibiderik argienak, baina baita beste testuinguru batzuetan ere. Euskal Herrian, Poliziak emakumeak atxilotu eta bost egunez inkomunikatuta mantentzen dituenean, oso ohikoak dira sexu abusuak eta bortxaketak. Eta horien zergatia ez da polizien sexu grina kontrolaezin bat. Sexua tresna bat da, baina eraso horiek morala birrintzea dute helburutzat. Biktimaren morala, baina baita komunitate osoarena ere.

Zure tesia azaltzeko, Ciudad Juarezko (Mexiko) feminizidioak izan dituzu hizpide...

Bai. Berez, aspaldi eginiko ikerlan baten laburpena azaltzen da liburuan. Unibertsitateko ikasle talde batekin elkarlanean, urtebete eman nuen bortxaketagatik preso zeuden gizonak elkarrizketatzen, eta gure ondorio nagusia izan zen bortxaketa gehienak ez zirela sexu krimen soilak edo libidoa asetzeko ekintza bortitzak, boterearen adierazleak baizik. Gizon horiek esplizitu bihurtu nahi zuten euren boterea, euren indarra, talde bereko kideen aurrean. Bortizkeria, adierazpide bihurtuta.

Eta zer lortu nahi zuten indar erakustaldi horren bitartez?

Onespena. Talde horren barruan duten posizio edo mailaren berrestea eta gainontzeko kideen oniritzia. Ciudad Juarezen, gainera, mafien arteko hizkuntza da emakumeak bortxatzea eta hiltzea. Agerian utzi nahi diote gizarteari nahiz beste taldeetako kideei inpunitate osoa dutela nahi dutena egiteko.

Emakumeen gorputzetan idatzitako mezuak direla diozu.

Bai, mafia batek besteei bidaltzen dizkien mezuak dira krudelkeria kasu horiek. Eta talde horietako kideek badakite mezua interpretatzen. Ez pentsa, dena den, mafien arteko dialektika hori lau edo bost gaizkileren kontua denik. Enpresaburu handiek kontrolatzen dituzte mafia horiek, eta euren interesen arabera maneiatzen dituzte. Herritarrek badakite, baina inork ez du ezer esaten. Hortaz, indarkeria mota horrek badu beste dimentsio bat ere: klasearena. Boteredunek goitik behera ezartzen dutelako. Finean, krimenek adierazten dute lurralde horrek jabe bat duela.

Nola egin behar zaio aurre bortizkeria mota horri?

Komunitateen indartzea funtsezkoa dela uste dut. Indibidualismoa sustatzen da egungo nazio-estatuetan. Herritarrak hiritargo bihurtu nahi dituzte. Eta zer da hiritargoa? Norbanako multzo bat besterik ez, estatuaren eta botere handien aurrean. Hiritarren sozietatea deritzona. Bada, gizarte indibidualista horrek ahuldu egiten du emakumea. Egunero ikus dezakegu estatu eredu honek huts egiten duela emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko tenorean. Aldiz, herriek eta komunitateek berdintasun sareak indartzen dituzte, eta eraginkorragoak izan daitezke pertsonen ongizatea bermatzean.

Hizkuntza eta indarkeria matxista oso lotuta daude zure lanean. Garrantzi handia al du diskurtsoaren borroka irabazteak?

Erabatekoa. Izenak ezabatzea eta errealitateak ukatzea da zentsura metodorik eraginkorrenetako bat, eta horretan dihardu fundamentalismoak. Guk kontrako bidea hartu behar dugu, gauzak izendatuta, auziak politizatzen eta mahai gainean jartzen ari garelako. Genero izena bera konkista itzela izan zen mugimendu feministarentzat, norberaren posizioaz eta botere harremanez hitz egitea ahalbidetzen duelako, tartean gorputzak eta genitalak sartu gabe. Fundamentalistak eta eskuin muturra, «genero ideologia» kritikatzen dutenean, nahi gabe ere, terminologia horren garrantzia ari dira aitortzen; finean, generoa aipatzeak auzia politizatzea eta ideologizatzea dakarrelako. Eta fundamentalistek ez dute pentsamendu kritikoa maite; nahiago lukete esentzialismora itzuli.

Indar handia hartzen ari al dira halako jarrera atzerakoiak?

Fundamentalismo sutsu bat ezartzen ari da gure gizartean, eta boterearentzat oso baliagarria da. Ekialde Hurbilean, esate baterako, fundamentalismo erlijioso islamikoa sutatu izanak fruitu handiak eman dizkie Mendebaldeko botere ekonomiko eta politikoei, gerraren bidez. Eta, une honetan, agenda fundamentalista ultrakatoliko bat ezartzeko asmoa igar liteke Mendebaldeko herrialdeetan ere. Generoaren esparruan, katastrofikoa izanen litzateke.



Más artículos sobre este tema