«Emakume gehienak edozein unetan krisi bat izateko zorian bizi dira» Silvia Federici

2012ko ekainaren 28an Ràdio Web Macba (RWM) irratian eskaini zuen elkarrizketa hau Silvia Federicik, Amaia Astobiza Uriartek ekarri digu euskarara.

«Emakume gehienak edozein unetan krisi bat izateko zorian bizi dira»

Nigeriatik ekarritakoak

1984-1986 bitartean Nigerian bizi izan nintzen. Esperientzia hura oso garrantzitsua izan zen niretzat, ez bakarrik Afrikako herrialde batekin eta Afrikako kulturarekin izan nuen lehen harremana izan zelako, baita hamarkadetako kolonizazioak Nigerian utzitako ondarea eta ondorioak ezagutu nituelako ere.

Nigeriara iritsi nintzenean, bai herrialdeko bai kontinenteko egoera politikoa une erabakigarrian zegoen, eta hala zen, baita ere, munduko politika ekonomikoarentzat. Une hartan, Nigerian murrizketa latzak egiten hasi ziren, eta nire begiz ikusi ahal izan nuen politika edo programa sorta zabal bat zeina, gero ohartuko ginenez, globalizazioaren bizkarrezurra izango baitzen.

Funtsean, programa haiek herritarren bizibideak hondatzen ari ziren: murrizketa izugarriak zeuden gastu publikoan; konstituzioan jasotako legeak aldatu zituzten, atzerriko enpresek herrialdean zeukaten boterea areagotu ahal izateko; diruaren debaluazio basatia inposatu zuten, hartara ekonomia suspertuko zelakoan. Gerora, programa haiei ‘egiturazko doikuntza’ deituko zitzaien. Funtsean, suntsitzen ari ziren herritarrek lana izateko zeuzkaten baliabideak, diru-sarrera bat izateko zeuzkaten aukerak, lurra erabiltzeko aukera…

Nik oso modu berezian bizi izan nuen aldaketa hura, garai hartan landa-eremuan bainenbilen irakasle. Ikusi nuen egiturazko doikuntza haien ondorioz murrizketa ikaragarriak egiten ari zirela. Murrizketak zeuden osasungintzan, hezkuntzan, garraio publikoan… Ni iritsi eta denbora gutxira, programa haien guztien kontra protesta egiteko borrokak, grebak eta era guztietako gatazkak egon ziren unibertsitateetan. Hala, bat-batean neure burua gertaera haien guztien erdian aurkitu nuen.
Orain Europan gertatzen ari dena eta garai hartan Nigerian gertatu zena oso antzekoak dira: goitik beherako egokitzapen ekonomikoa egiten ari dira. Hori gertatzen ari da Grezian, Italian, Espainian. Hori da programa nagusia, eta ondorioak ere garai hartan Nigerian eta Afrikako beste herrialde batzuetan ikusi genituen berak dira, kasu askotan. Beraz, atzera begiratuta asko ikas dezakegu.

Nigeriatik oinarrizko irakaspen bat ekarri nuen; oso sinplea, eta, aldi berean, funtsezkoa. Hasiak gara konturatzen gure sistema ekonomiko honek, sistema kapitalista moderno honek, ezinbestekoa duela herritarren bizibideak etengabe suntsitzea; sistemak ezin dio bermatu jende guztiari oparotasun maila jakin bat, sistemari berari ezinezkoa zaiolako horrela bizirautea. Etengabe jardun behar du herritarrei kentzen bizirauteko dauzkaten baliabideak, horrela bakarrik lortuko baitu diziplina-eredu jakin bat ezartzea, ustiaketa maila jakin bat bermatzea; horrela bakarrik lortuko baitu lurra, itsasoa eta basoa erabiltzea halako moldez non ondasun-metaketa bermatua egongo den. Eta, hori lortzeko, toki horiek —lurra, itsasoa eta basoa— jendez hustu behar dira.

Horrek guztiak oso eragin sakona dauka. Eta, nire ustez, gaur eguneko gizarte-mugimenduak hasiak dira hori adierazten; hau da, esaten hasi dira bizitzeko era berri bat asmatu behar dugula, gizarte-sistema erabat ezberdina eraiki behar dugula. Zernahi borrokatan engaiatuak gaudelarik ere, borroka horrek gizarte-eredu ezberdin bat, gizarte-eredu alternatibo bat eraikitzeko helburua izan behar du ostertzean.

Komuna berrien eraikuntza

Nola eraiki komuna berriak? Oso gai garrantzitsua da. Azken bi hamarkadetako mintzagai, diskurtso eta praktika bihurtu da; nazioarte mailan, gainera. Zati batean, komunekiko interesa berpiztu da konturatu garelako bizitzako eremuak galtzen ari garela, neurri batean ala bestean eskura geneuzkan eremuak. Ez bakarrik lurra, itsasoa, basoa… espaloiak berak ere pribatizatzen ari dira; gizarte-eskubide haiek guztiak, gure bizitzan hain presente zeudenak eta hain ziurtzat jotzen genituenak, hainbeste non komuntzat jotzen hasiak baikinen, esate batera pentsioak, osasungintza, eta abar.

Era berean, komunen ideiak erakusten digu ohartu garela erreproduzitzeko beste modu bat bilatu behar dugula. Orain hainbat ekimen daude martxan, baita hiri-eremuetan ere. Adibidez, hiri-baratzek gero eta ugariagoak dira AEBetan. Hau da, AEBak bezalako herrialde industrializatzu batean ikusten ari gara pertsonak taldeetan elkartzen direla, lur zati bat hartzen dutela hiri barruan, garbitu egiten dutela, eta barazkiak ereiten hasten direla, nekazaritza-eredu berriak bilatzeko. Ez daukate funtzio ekonomikoa bakarrik, ez da bakarrik modu bat elikagai freskoak edo barazki freskoak eskaintzeko bestela horretarako aukerarik izango ez luketen komunitateei, taldeei edo auzokoei. Horrekin batera, soziabilizaziorako guneak eskaintzen ari dira. Adibidez, ikusi dugu Afrika, AEB eta Karibeetako jendea elkartzen eta gizarte-eredu berriak sortzen baratzeen inguruan. Baratze batzuetan, eskola-umeei irakasten ari dira nola bereizi haziak, nola landatu eta hazi izaki bizidunak.

Horrekin batera, ikusten ari gara ‘ekonomia solidarioa’ deritzoguna ugaritzen ari dela. Ekonomia solidario diogunean, esan nahi dugu era askotako ekintzak, aukera ematen dutenak merkatutik kanpo dauden beste erreprodukzio-eredu batzuk garatzeko. Esate batera, denboraren bankuak sortu dira —non elkarri zerbitzuak eskain diezazkiokegun—, Argentinan gertatu bezala hango krisi ekonomiko ezagunaren ondoren.

Ikusten ari gara ere ezagutza-komunak sortzeko saiakerak egiten ari direla, hau da, ezagutza sortzen duten eta guk zuzenean kudea ditzakegun ekintzak. Eta hori sortu da jendeak beharra daukalako bizitzak berarekin dakartzan esperientziei buruzko kontuak ezagutzeko, jendea ohartua dagoelako hezkuntza-erakundeak —berdin bigarren hezkuntzakoek zein unibertsitateak— ez direla gai beren funtzioak betetzeko eta egoera hori okerrera doala, hain justu ere erakunde horiek merkataritza-ikuspegia daukatelako, gero eta gehiagotan enpresa-ikuspegiarekin lan egiten duten erakundeak dauzkagulako. Beraz, espazio autonomoak sortu behar ditugu, eremu autonomoak, non ezagutza sortuko dugun, oso irizpide ezberdinak erabilita eta aintzat hartuta zer behar dugun ikastea gure bizitzarako, erreproduzitzeko, berriz ere gure historiarekin konektatzeko.

Occupy mugimendua eta komunen eraikuntza

Esperientza hau oso garrantzitsua da; baina, jakina, hasi baino ez da egin. Gure ustez, galdera hau da: nola konektatuko ditugu ekintza hauek guztiak, nola hasiko gara gauzak elkarrekin hausnartzen, elkar ahaldundu ahal izateko. Esan behar da, funtsean, azken urtean [2011-2012] garatu den occupy mugimendua plazetako mugimenduan oinarrituta dagoela, Espainiakoan, Egiptokoan, Tunisiakoan… Mugimendu hori esperimentu garrantzitsua izan da komunen eraikuntzarako. Zergatik?
Lehenik eta behin, jendea elkartu duelako; jende asko jarri du harremanetan, zeinak hasiak baitziren pentsatzen lan politikoa egitea egun osoa ordenagailuaren aurrean igarotzea zela, gutxi goiti-beheiti, birtualki komunikatuz, elektronikoki… Ostera, occupy mugimenduak ageri-agerian jarri ditu berriro gorputzak, eta agerian jarri du orobat gorputzak aurrez aurre jartzeak daukan garrantzia, aurrez aurreko komunikazioak, eta baita gorputzen plazaratze horrek berekin ekar ditzakeen hartu-emanek ere.
Horrekin batera, occupy mugimendua hasia dago jada erreprodukzioa lan politikoaren eta komunen eraikuntzaren erdigunean jartzen. Izan ere, erreprodukzioa da ikastea nola egingo diogun aurre gure egunerokoari; izan daiteke elikagaiak produzitzen, ezagutza produzitzen, ikasten nola garbitu gure ingurumena eta nola sortu ingurumen bat non denok eroso sentituko garen eta ez den egongo suntsituta.... Erreprodukzioa, azken finean, beste edozein gizarte sortzeko oinarria da, baita geure burua nola gobernatu ikasteko prozesuaren oinarria ere.

Soldata-sistematik harago

Uste dut gaur egun oraindik ere sistema monetarioaren mende gaudela, argi eta garbi, oraino ere ez daukagulako gure burua mantentzeko modurik eta, beraz, ezin dugulako esan “bost axola niri soldata maila” eta horrelakoak. Baina, era berean, uste dut luzera begira soldata-sistematik harago pentsatu behar dugula; izan ere, soldata-sistema gizartea antolatzeko baliabide bat da, gizartea modu erabat diskriminatzailean antolatzeko tresna bat.

Feminista gisa garatu dudan jardun politikoan egin behar izan dudan lanetako bat —baita jaso dudan irakaspen handietako bat ere— izan da, justuki, ulertzea soldata-sistemak daukan funtzio politikoa, hots, bazterketa- eta bereizkeria-mekanismoak antolatzeko, adibidez, edo soldatapekoen eta soldatarik gabekoen arteko harremana arautzeko. Prozesu horretan, esplotazio-eremu ikaragarriak daude ezkutatuta; esaterako, soldatarik jaso gabe beren etxeetan lan egiten duten emakumeen esplotazioa. Soldata dirua baino askoz gehiago da: erosotasun-maila jakin bat adierazten du, besteak beste, eta gizartea antolatzeko modu jakin bat da, modu erabat diskriminatzailea.

Horregatik, uste dut luzera begira soldatatik harago joan behar dugula. Dena den, gaur egun ere oso garrantzitsua da soldatei eta soldaten arteko harremanei buruzko borroketan perspektibarekin lan egitea eta lehen aipatu dudan ostertz horrekin mugitzea, soldata-sistemak jada eragin duen bereizketa hori ez areagotzeko.

Soldatak Etxeko Lanentzat (WFH)

Kanpaina hura garai hartan emakumeen esplotazioari, emakumeen zapalkuntzari, sexuagatiko diskriminazioari eta abarri buruz egiten ari ginen hausnarketaren ondorioa izan zen. Feminista askok uste zuten, tradizio sozialistari jarraikiz beharbada, kapitalismoan emakumeek gizonek baino botere gutxiago daukatela hain justu ere baztertuak izan direlako botere hori lortzeko sozialki ezinbestekoa den lanetik, gizonek beren lana egiten dutelako, lan produktiboa… eta abar.

Ostera, guk erabat bestelakoa zen posizioa hartu genuen. Gure argudioa zen ‘emakumeen lana’ deritzon hori gizarte kapitalistaren zutoina dela, erreproduzitu egiten duelako lan-boterea, lan-indarra, egunez egun eta belaunaldiz belaunaldi. Eta emakumeak diskriminatuta daude hain justu ere beren lana ez delako ikusi lan gisa eta beren lana debaluatua eta soldatarik gabea izan delako. Eta, noski, lan erreproduktiboa debaluatzen duzunean, langilea debaluatzen duzu eta erreprodukzioaren kostua txikitzen duzu. Eta lan hori ikusezin bihurtzen ari diren emakumeek, lan hori zerbitzu pertsonal gisa aurkezten dutenek, lan erreproduktiboaren merkatzea justifikatzen dute.

Beraz, gure ustez, etxeko lanentzat soldatak aldarrikatzeak hainbat eta hainbat funtzio zeuzkan. Lehenik eta behin, aipatu dugun esplotazio-bide hori azaleratzea, desestaltzea; argi uztea etxean, sukaldean eta lan erreproduktiboaren inguruan, etxeko lanetan… gertatzen ari zena produkzioa dela, produkzio-prozesu bat, eta produkzio-prozesu hori gizartea ekoizteaz arduratzen den lantokia alde batetik bestera zeharkatzen duen muntaketa-katearen hasiera dela. Izan ere, ez badituzu langileak produzitzen, ez duzu beste ezein produktu produzitzen. Beraz, ez zen iraganetik jasotako ondarea, baizik eta sistema kapitalistaren zutoina bera. Hortaz, esan bezala, gure ustez soldata aldarrikatzea zen modu bat lana bera argitara ateratzeko, agerian uzteko izebergaren parterik beherena osatzen duen lan hori.

Bigarrenik, WFH mugimendua bazen ere modu bat aurre egiteko ia naturalizatua zegoen lan-banaketari, lan hori ez baitzen lan gisa ikusten, ezpada funtzio natural bat bezala; hasteko, lan horren truke ez zelako soldatarik jasotzen, non eta gizarte batean zeinean soldata eta dirua baitiren zehazten dutenak zer den soziala, zer den naturala, zer den lana eta zer ez den lana. Beraz, era batean, etxeko lanentzat soldatak aldarrikatuz lortu genuena ez zen izan soilik etxe barruko lan hori agerian jartzea; eremu bat zabaldu genuen, non erlazio politiko bat ezartzen baitzen estatuarekin, kapitalarekin, agerian uzten zuena gu jada kapitala produzitzen ari ginela. Feminista askok esaten zuten: “Lana lortzearen alde borrokatu behar gara”. Guk, ostera, esaten genuen lanean ari ginela harrezkero. Eta ez badiogu aurre egiten ordaindu gabeko lan horri, nahiz eta etxetik kanpora joan lan egitera, beti ahultasun-egoera batean egongo gara.

Jakina, hori oso garrantzitsua zen autonomia aldarrikatzeko. Izan ere, soldatarik gabeko lana izateaz gain, emakume askorentzat ezinbestekoa zen gizonarekiko mendeko izatea, bizirauteko. Eta, hain zuzen ere, hori zen aldarrikapen feministaren funtsa: ezkontza, askotan, prostituzio-mota bat dela, akordio ekonomiko baten arabera ezkontzen zarelako, edo, askotan, irtenbide ekonomiko bat lortzearren.

Lan erreproduktiboaren balioa handitzeko beharra

Arrazoi askorengatik, garrantzitsua da oraindik ere borroka horretan jarraitzea. Izan ere, azken hiru hamarkadetan —emakumeen mugimenduaren une gorenetik hona— ikusi dugu emakume ugarik, behintzat Europan eta AEBetan, ordaindutako lan bat hartu dutela; baina, zer eratako lana? Askotan, etxeko lanen luzapen bat diren lanak hartu dituzte, eta lan horiek berekin dakartzate arazo asko, lan hori egiten duten emakumeak lehen ahultasun-egoera batean zeudelako eta enplegatzaileek badakitelako lehen ezeren truke egiten zutela lan hori bera.

Are gehiago, ikusten ari gara etxetik kanpoko lanak ez duela emakumea liberatu etxe barruko lanak egitetik. Izan ere, nahiz eta etxeko lan horien zati bat etxetik kanpora joan den eta merkatuan sartu den, nahiz eta emakumeek orain lan hobeak eskura ditzaketen eta pertsona bat har dezaketen etxeko lanak egiteko —eta, jakina, hori bera arazo bat da—, emakumeek bi lan dauzkate kasu gehienetan.

Gaur egun, emakume gehienak edozein unetan krisi bat izateko zorian bizi dira, beren buruentzat denborarik gabe, beren egoera hobetzen lagundu lezakeen lan politikoa egiteko denborarik gabe. Gaur eguneko emakumeek, eta AEBetako emakumeez ari naiz, depresio-mailarik handiena daukate; depresioa, antsietatea, beldurra… Antidepresiboen kontsumitzailerik handienak dira, eta era guztietako pilulenak; milioika eta milioika pilula. Eta hori guzti hori gertatzen da ez daukagulako denborarik, ez daukagulako denborarik gure buruei eskaintzeko.

Krisiarekin, egoera hori okerrera egiten ari da. Izan ere, erakunde publiko guztietan murrizketak egiten ari dira, eta ordainik gabeko langile asko eta asko etxera itzularazten ari dira. Adibidez, ospitaleetako lan-erreforma, 1990eko hamarkadaren hasieratik eta urte luzez AEBetan gertatzen ari dena. Erreforma horren ondorioz, lan asko etxera itzularazi dira. Ebakuntza bat egin, eta ia jarraian etxera bidaltzen zaituzte, eta suposatzen da familiako kideek —hau da, batez ere emakumeek— egin behar dituztela lehenago erizainek egiten zituzten era guztietako lanak. Suposatzen da emakumeek era guztietako ordainik gabeko lanak egingo dituztela eta gizarte-zerbitzuetan egiten ari diren murrizketak beren gain hartuko dituztela. Murrizketak egiten ari dira umeen zaintzan, pertsona nagusien zaintzan edo osasunarekin zerikusia daukaten bestelako alorretan.

Estatuak uko egin behar dio guri kendutako aberastasunari, eta diru hori erreprodukzioaren zerbitzura jarri behar du; ez gerren zerbitzura, ez kartzelen zerbitzura, gaur egun egiten ari diren bezala. Eskola bat ixten duten bakoitzean, beste espetxe bat eraikitzen dute, diru hori espetxe bat eraikitzera bideratzen dute. Ezetz esan behar dugu. Ezetz esan behar dugu.

Revolution at point zero

Izenburuak, lehenik eta behin, erreferentzia zuzena egiten dio Nawal El Saadawi feminista egiptoarrari, eta hura ekarri nahi du gogora. El Saadawik Emakumea zero puntuan liburua argitaratu zuen, liburu zoragarria benetan. Baldin eta ez baduzue irakurri, biziki gomendatzen dizuet; gaztelaniara itzuli da, baita beste hainbat eta hainbat hizkuntzatara ere. Nik eskola askotan erabili izan dut, eta beti gauza bera esaten diet ikasleei: “Ikusiko duzue, ezin izango diozue utzi irakurtzeari”.

Liburuan, El Saadawik Egiptoko emakume nekazari baten istorioa kontatzen du, zeinak hainbat bizipen izango dituen, gizarte patriarkalarekin eta patriarkatuak ezarritako kaiola horretan aurrera egiteko zailtasunekin aurrez aurre jarriko dutenak. Liskar bat dauka bera esplotatu nahian dabilen proxenetarekin, eta emakumeak gizona hiltzen du. Azken ekintza iraultzaile gisa, erabakitzen du errukirik ez eskatzea, ez agertzea bere burua defendatzeko argudiorik, eta exekuzio-tokira joatea. Eta, jakina, oso istorio sinbolikoa da, oso keinu sinbolikoa, kontuan hartzen badugu nola kontatzen duen El Saadawik hori guztia. Hain justu ere, gizartea aldatu egin behar dela baieztatzen duen ekintza sinboliko bat da; lehen begiratuan porrota agerian uzten duen ekintza bat dirudien arren, egiazki errefusatze-ekintza bat da, konpromisoari uko egitea, onartzeari uko egitea.

Izenburu hori erabili dut zeren eta El Saadawiren Emakumea zero puntuan izenburuak adierazten du une hori non hutsetik hasita eraiki behar duzun, hutsetik hasita berreraiki behar duzun. Eta, hain zuzen ere, liburu hau osatzen duten artikuluetan hainbat gatazkatan eta hainbat mugimendurekin izandako harremanetan urteetan zehar erreprodukzioari buruz egin ditudan hausnarketa horiek guztiak jasotzen dira. Horiek guztiek ikusarazi didate erreprodukzioaren gaia ‘zero puntua’ dela. Hortik hasi behar dugu berreraikitzen.

Amaitzeko…

Mugimendu politikoak ezin dira egon beti gauza bera errepikatzen, beren burua ahitzen… Ezinbestekoa da lehenbailehen honako arazo hauei aurre egitea: zer harreman daukagu bizitzarekin, nola erreproduzitzen gara, zer harreman dauzkagu beste pertsona batzuekin —haurrak, familia, lagunak…—, nola zainduko dugu jaten duguna geure burua ez pozoitzeko, nola bizi gara, nola antolatzen ditugu gure etxeak eta bizitzeko erabiltzen ditugun espazioak ez dakizkigun kaiola bihurtu eta egon daitezen irekiak auzokoekin komunikatu ahal izateko modu askotarikoetan, nola antolatzen ditugu gure gizarte-harreman gertukoenak, gure sexualitatea, zer eratako sexu-harremanak dauzkagu jendearekin, ez dezagun elkar esplotatu hain justu ere noiz eta babes emozionalaren bila ari garen une horretan…
Beraz, nire bizitzan izan ditudan esperientziei erreparatuz gero, bai eta beste emakume eta gizon batzuekin izan ditudan harremanei ere, konturatzen naiz ezagutzarik sakonenak beti etorri zaizkidala eremu horretan egindako hausnarketaren eta praktikaren bidez. Horregatik, uste dut erreprodukzioak iraultzaren zero puntua izan behar duela.

Silvia Federici
Itzulpena: Amaia Astobiza Uriarte

Libro: