Listado de artículos

Edizioa Etzi GARAn

Editoreen ustez, saiatuz argitaratuko da pentsamendua eta saiakera
Saiakerari buruz hitz egiteko batu ziren mahai-inguruan Jakin, Katakrak eta Eskafandran liburuak argitaratzeaz arduratzen diren hiru lagun. Beste zeregin batzuekin batera, liburuak plazaratzen ahalegintzen dira.

Patxi GAZTELUMENDI

Aspaldian sortu zen “Jakin” aldizkaria Arantzazun, eta Jakin Irakurgaiak pentsamendu liburuak plazaratzeko ardura hartu zuen Joxe Azurmendi pentsalariak 1996. urtean. Urtero 3 liburu plazaratzeko laguntzak mantendu bitartean horrela aritu ziren. Orain nekez plazaratzen dute bakarra urtean, «Jakinen egiturak ahalbidetzen duelako maila batean», Xabier Eizagirre Jakineko arduradunaren iritziz. Katakrak liburu-denda taberna eta jatetxea delako liburuak argitaratzeko aukera ere zabaldu dela gogoraraziz abiatu zuen mintzaldia Nerea Fillat bertako kideak. Anjela Davis ekarri zuten euskaraz iazko udazkenean, eta euskaraz eta gaztelaniaz pentsamendu liburuak plazaratzeko aukera zabaldu da orain. Zazpi lagunen bazkaloste batean pentsatu zuten Davis euskaraz behar zutela gerora Eskafandra sortu zutenek ere. Auzolanean dirua batu, eta itzulpena ordaintzeko aukera ikusi zuten; Jakin eta Elkar argitaletxearekin koedizioan pentsamendu feminista euskaraz argitaratzen jarraitzeko liburu zerrenda dute orain jomuga Lorea Agirre eta bere adiskideek.

Kezkak sortzen eta pentsamendua plazaratzen jarraitzeko gogoa nagusitu zen bigarren solasaldi honetan ere. Jende aldetik aurreko astekoa baino motelagoa izanagatik, eduki aldetik interesgarria suertatu zen. Pentsamenduaren alorrean ari diren publikazioak izan zituzten hizpide hasieratik, eta mahaiko hiru kideek beren burua editoretzat ez izan arren, liburuak plazaratzen dituzte Jakin, Katakrak eta Eskafandrak. «Gure helburua ez da liburuak egitea soilik, liburu eta ideia batzuk argitaratzea baizik» esanez abiatu zen Agirre. Eta Davisen liburua zelan plazaratu zuten kontatu zuen. ‘‘Emakumeak, arraza eta klasea’’ plazaratu aurretik, itzulpena ordaintzeko saioa egin zuten. «Kontzertua antolatu genuen Bilboko Kafe Antzokian, eta errezital bat prestatu Eako poesia egunetarako».

Duela urtebete Fillat eta Katakrak kooperatibakoak maketatzen ikasten hasi ziren, eta orain liburuak ere plazaratzen dituzte. «Gure ekonomiak beste sustrai batzuk ditu, baina guretzat liburuak argitaratzea estrategikoa da». Duela 10 urte liburudenda txiki bat atondu zuten Iruñean. Orain menuak eskaini, kantinan edariak zerbitzatu eta %70 saiakera-liburuak dituen denda handia kudeatzen dute. Hori guztia ere «ekonomia dela» gehitu zuen. Eta emaitzak ere harritu egin ditu maila batean: «Oso bide ona izan dute gure liburuek eta oraindik ere bizitza egin behar dutelako pozik gaude».

Davisen bi liburu plazaratu ziren iaz euskaraz, Lisipe bilduma sortu eta pentsamendu feminista plazaratzen eta argitaratzen ari da, Eskafandra eta Katakrak liburuak plazaratzen ari dira, eta mahaiaren bueltan iritzi baikorrak eta ezkorrak agertu ziren. Eizagirrek arduraz ikusi du Lomce eta Heziberrik batxilergotik Filosofia kendu izana: «Ezkorra naiz horregatik, baina pentsamenduak gero eta oihartzun gehiago duela ohartzen naiz». Agirreren ustez, «une honetan feminismoaren gainean sortzen den pentsamendu interesgarriena euskaraz dator, eta horrek espazio bat zabaldu du Eskafandra, Katakrak eta Lisiperentzat». Taberna bakarra duen kalean baino, hobeto moldatzen dira taberna asko dituzten kaleetan. Saiakeraren kalean ere, argitalpen ugari dago, eta egonen da.



Más artículos sobre este tema