Listado de artículos

Edizioa Etzi BERRIAn

Gaur mintzo etziko literaturaz

Liburugintzaren orainaren zailtasunez eta etorkizuneko erronkez mintzatu dira Gorka Arrese, Xabier Mendiguren, Xabier Olarra eta Mikel Soto editoreak Iruñeko Katakraken
Txalapartako Soto, Susako Arrese, Hedoi Etxarte moderatzailea, Igelako Olarra eta Elkarreko Mendiguren, herenegungo eztabaidan. Txalapartako Soto, Susako Arrese, Hedoi Etxarte moderatzailea, Igelako Olarra eta Elkarreko Mendiguren, herenegungo eztabaidan. IÑIGO URIZ
2017-05-11 Naiara Elola

Euskal literaturaren etorkizunaz eztabaidatzeko, honako hauek bildu ziren herenegun, Iruñeko Katakrak liburu dendan, Edizioa etzi: narratiba izenburupean egindako mahai inguruan: Gorka Arrese, Xabier Mendiguren, Xabier Olarra eta Mikel Soto; hurrenez hurren, Susa, Elkar, Igela eta Txalaparta argitaletxeetako editoreak dira. Orainaren zailtasunek etziko perspektiba lausotzen dietela uste dute. Dena den, Arresek azaldu du euskal edizioak eredu propioa behar duela, «Espainiako eta Frantziako ereduak nolakoak diren begiratu gabe».

Lanbidea «mitifikatu» arren hortik gutxi duela irizten dio Txalapartako Mikel Sotok. 2005ean hasi zen editore moduan lanean. Liburuak zuzentzen ez ezik, promozioan, bitartekariak bilatzen eta beste zeregin andanatan ere aritzen da. Euskal Herriko argitaletxeak «txikiak» direnez, aurrera egiteko ahalik eta gastu gutxien eragiten saiatzen dira. Lau hizlarien artean, ofizioan denbora gutxien berak darama, baina badaki zer lortu nahi duen: «Liburu bat argitaratzean gastuei dagokienez gutxienez kito egitea, dirurik ez galtzea». Bideragarritasuna oso faktore garrantzitsua da guztientzat. «Gu liburuak argitaratzen dituen enpresa bateko kideak gara. Kontuak ez balira aterako, hondoa joko genuke», azaldu du Arresek. Arrazoi horrengatik hasierako asmoak aldatu behar izan zituztela onartu du Olarrak: «Hasiera batean, urtean hamar liburu kaleratzea zen gure asmoa; lau bakarrik kaleratzen ditugu».

Orokorrean, euskal literaturan liburu gutxi saltzen dela uste dute lau editoreek. Elkarren, esaterako, urtean euskaraz 50 liburu kaleratzen dituzte; gutxi gorabehera, erdiak helduentzat eta beste erdiak haurrentzat. Helduen literaturako lan gehienak editatzeaz arduratzen da Mendiguren. Argitu duenez, euskarazko literaturan lehen edizioa kaleratzean 1.000 ale baino gutxiago saltzen dira. Ziurrenik, 20.000 ale saltzea lortuko balute errealitatea «oso bestelakoa» izango litzatekeela onartu du Arresek.

Bestalde, sarritan egozten zaie euskal argitaletxeei Durangoko Azokara begira «gehiegitxo» egoten direla. Igelaren kasuan, abenduko azoka horretan urteko irabazien %20 erdiesten dituztela dio Olarrak. Elkar, Susa eta Txalapartako editoreek jakinarazi dutenez, euren irabaziak %10 ingururenak izan ohi dira. «Lehen baino askoz ere gutxiago saltzen da», azaldu du Sotok. Europako beste herrialdeetan ere Gabonetan izaten dela liburu salmenta gehien nabarmendu du Arresek.

Mendigurenen aburuz, zenbait idazlerentzat ez da egokia Durangoko plaza. «Idazle handietan jartzen da gehienbat atentzioa. Lehen lana argitaratuko duen idazle bati Durangotik kanpo aurkezteko gomendatzen diot. Horrela arreta gehiago lortuko duelako».

Hizkuntzaren zilegitasunaz

Euskal Herrian badira euskaraz soilik, gaztelaniaz edo frantsesez soilik eta bi hizkuntzatan argitaratzen dituzten argitaletxeak. «Susak, esaterako, erdaraz ez du libururik argitaratzen; zer zilegitasun ematen digu horrek? Horren ordaina da guri horrek norbait izatea ahalbidetzen digula», azaldu du Arresek. «Zenbait esparrutan, badago jendea pentsatzen duena euskaraz eta gaztelaniaz jarduteak zilegitasuna kentzen digula», erantzun dio Sotok. Mendigurenek eztabaidan beste errealitate bat plazaratu du. Lanean euskaraz aritzen den arren, Elkarrek baditu erdarazko liburuak kaleratzen dituzten argitaletxeak. «Hemen gaztelaniaz pentsatzen duen jendeak ez du hemen argitaratzeko plataformarik sortu, eta, alde horretatik, neure buruari egiten diodan galdera hau da: ona da hemen bertako gaztelaniazko edo frantsesezko plataformarik ez egotea?». Berehala erantzun dio Arresek: «Galdera hori erretorikoa da, plataforma hori Elkarrek eskaintzen duelako». Horren harira, gazteleraz pentsatzen duten idazleen plataforma Txalaparta ere badela gogorarazi du Sotok.

Etorkizunari begira, Arresek adierazi du euskarazko liburuek ISBN zenbaki propioa izateko beharra, baina horren aurretik euskal errepublika erdiestea ezinbestekoa dela irizten dio, «gure idazleak munduari erakusteko, beti itzulpenean edo menpekotasunean ibili gabe». Hala ere, Mendigurenen arabera, munduko nazio gehienetako editorialek itzulpenak argitaratzen dituzte, errentagarriak direlako.

Argitaletxeek epe motzean zer-nolako etorkizuna izango duten galdetuta, kezkatuta azaldu dira lau editoreak. Batez ere, euskarri aldetik dago zalantza. Horrez gain, nabarmendu dute ezinbestekoak direla egun administrazio publikoak euskarazko zein gaztelaniazko liburuak argitaratzeko ematen dituen diru laguntzak, horiek gabe ezingo luketelako libururik argitaratu.



Más artículos sobre este tema