Listado de artículos

David Beorlegi BERRIAn

«Nostalgia borroken akuilu izan daiteke»

Historia garaikidean doktore da Beorlegi, eta trantsizioari lotutako hainbat gai ikertzen ari da: emozioak, feminismoa... Historiaren ikerketan sentimenduek duten garrantzia aldarrikatu du.

2017-10-20 / Ane Eslava / Iñigo Uriz

Trantsizio garaian militantzia antifrankistan aritu ziren pertsonen testigantzak biltzen aritu da azken urteetan David Beorlegi historialaria (Iruñea, 1984). Memoriaren analisiaren bitartez garai hartako gizarteak zituen itxaropenen eta bizitako esperientzien arteko arrakala ikertu du. Nostalgiak, porrotak eta tristurak etorkizuneko gertakarietan eta memoria historikoan eragin zuzena dutela proposatu du. Transición y melancolía. La experiencia del desencanto en el País Vasco (Trantsizioa eta malenkonia. Desilusioaren esperientzia Euskal Herrian) liburua aurkeztu du, Iruñean.

Zergatik aukeratu duzu trantsizio garaia zure ikerketarako?

Gaur egun bizi dugun errealitateak garai horretan duelako oinarria. Momentu honetan Kataluniako auziarekin agerian geratu da: trantsizioa presente dagoen iragan bat da. Iragana, orainaldia eta etorkizuna elkarren artean zerikusirik ez duten garaiak balira bezala aurkezten dizkigute. Nik lerro hori apurtu nahi izan dut. Horretarako, memoriaren denbora erabili dut, iragana eta orainaldia lotzen dituelako. Emozioek, bereziki tristurak, ondorengo belaunaldiengan nola eragiten duten ikertu dut.

Zein gertakarik sortu zuten itxaropena garai hartako gizartean?

1973 eta 1976 artean, jendearen askapen sentipenak eta esperientziak biziagotu egin ziren. 1976ko Gasteizko grebak azpimarratuko nituzke; beste batzuk ere izan ziren, Nafarroan adibidez, Potasasen inguruko gatazka. Hala ere, nik esaten dut denbora ez duela erlojuak zehazten, une jakin batzuek memorian eragin izugarria dutelako.

Francoren heriotzak sentipen horiek areagotu zituen?

Hala da. Jendearen pertzepzioa oso baikorra zen, Franco hil zelako eta egoera oraindik ez zegoelako zehaztua. Une hori historikoki irekirik zegoen, eskua sartzeko aukera zegoen.

Zein gertakarik ekarri zuten desilusioa?

Urte horietan, kaleetan edo lantegietan, paralisi sentsazioa zabaltzen hasi zen: ordura arte funtsezkoak izan ziren prozesu politikoan, eta galtzen ari ziren. Zenbait gertakari nabarmen ere izan ziren: 1976an, urte amaierako grebetan ahultasuna nabaritzen hasi zen, eta abenduan erreferendum antidemokratikoa egin zuten. Bestalde, PSOEk hauteskundeetan izandako garaipenak erakutsi zuen aldaketa ezinezkoa izango zela, eta Tejeroren estatu kolpeak gogorarazi zuen iraganak hor jarraitzen zuela. Eta gertakari garrantzitsu horien segidaz gain, memoriak une oro gogorarazten zuen aukerak hor egon zirela, baina jada ez zeudela. Horregatik sortu zen desilusioa.

Desilusio prozesua ezberdina izan zen Euskal Herrian eta beste tokietan?

Euskal Herriko testuingurua bereziki lagungarria zen indar erradikalentzat. 1970eko hamarkadaren hasieran, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak betetzen zituzten Espainiako Estatuko probintzia gatazkatsuenen lehen bost postuetatik hiru. Euskal Herria frankismoaren aurkako ekintzen epizentroa zen. Horregatik, hemen bereziki nabaria izan da tristura hori, itxaropenak oso handiak zirelako.

Zein eragin izan zuten Europan gertatzen ari ziren prozesuek?

Egun ikertzen ari naizen galdera bat da hori. Hemen gertatzen ari zena ez zen zerbait bakartua; Frantzia oso gertu zegoen, eta muga iragazkorra zen. Europan hainbat gertakari esanguratsu izan ziren, 1968ko maiatzarekin eta Italiako 1969ko udazken beroarekin hasi zirenak. Ondoren, olatu hori iraungitzen joan zen, hil arte. Eta data bat azpimarratuko nuke: 1980ko hamarkadaren erdialdean, Ingalaterrako meatzarien greba: azkenean, Thatcherrek garaitu zuen. Edo muturreko adibide bat: Frantzian, 1968aren ostean, suizidio bolada bat izan omen zen.

Hemen, zer ondorio izan zituen porrot horrek hurrengo hamarkadetako gizartean?

Nik proposatzen dut oinordetzan jasotako porrotak eragina izan zuela gerora sortu ziren zenbait fenomenotan, batik bat 1980ko hamarkadakoetan: heroinaren kontsumoa, punka, komuna askoren sorrera, mugimendu sozialak...

Gaur egungo belaunaldien borroketan eragina izan dezake?

Bai, baina nik ez nuke ukatuko ezkortasun puntu bat. Nostalgia ez da beti geldiarazlea, borroken akuilu izan daiteke. Pilatutako porrotetan bilatu behar ditugu geure garaia eraldatzeko giltzak.

Zergatik dira garrantzitsuak sentimenduak historia ikertzeko?

Hala historian, nola politikan, emozioak gaizki ikusiak izan dira, arrazoiaren aurkakoak balira bezala. Prozesu historikoak pertsonengandik urrun gertatzen direla dirudi; nik, ordea, erdian jarri nahi izan ditut ilusioak, frustrazioak, desengainuak. Emozioak zerbait politiko, sozial, kultural gisa ikusten ditudalako. Historia subjektuak dira.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema