«Askatasuna, etengabeko borroka bat» GARAn

Angela Davis, gaurkotasun osoko pentsalaria euskarara ekarria

Azken garaiotan protagonismo berezia hartu du Euskal Herrian erreferentzia intelektual gisa 70eko hamarkadan ezaguna egin zen Angela Davis egile eta aktibista estatubatuarrak. Otsailean Euskal Herrira egin zuen bisitaldiak bereganaturiko arreta izan liteke horren lekuko. Urte bukaera honetan, aldiz, bere idazkera sakon, irmo eta pausatuaz disfrutatzeko aukera edukiko du euskal irakurleak Katakrak, Gite-Ipes eta «Jakin»-ek kaleratutako liburu banatan.

RUBEN NIETO | BILBO

Angela Davis ekintzaile politiko, iraultzaile eta feminista afroamerikarraren teorizazio ezberdinak gure herriko liburu dendetara heldu dira, euskaraz. Izan ere, egun Kaliforniako Santa Cruz Unibertsitateko irakaslea eta espetxeen abolizioaren aldeko militante aktiboa den ekintzailearen bi liburuk eta Euskal Herrian egindako hitzartzeak argia ikusi dute berriki.

Duela bi urte abiaturiko lan kolektibo baten lehen fruitua da “Emakumeak, arraza eta klasea” liburua. Kulturgintzan eta euskalgintzan ezagunak diren Eider Rodriguez, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Anari Alberdi, Maialen Lujanbio eta Lorea Agirre feminismoaz aritzeko biltzen hasi ziren. Azken horrek azaldu bezala, «Angela Davisen liburu honek bereziki ukitu gintuen, feminismoan eta ezkerrean kokatzen gaituelako nazio askapen prozesu baten testuinguruan. Guk ikusten genuen Angelak esaten zituen gauza batzuk guretzako ere baliagarriak zirela. Zer pentsatua ematen ziguten».

Emakumea, beltza eta klase sozial apalekoa izateak dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen aurreneko aldiz Davisek Women, Race and Class liburuan, Danele Sarriugartek euskarara itzuli duena. Agirreren aburuz, «azken finean honakoa esaten ari da: ‘matxismoa, arrazakeria eta kapitalismoa’. Sistema horiek guztiok menperatzen gaituzte». Hiru aldiz zapaldua denak hiru aldiz errebelde eta hiru aldiz aliatu izateko aukera eta beharra dituela aldarrikatzen du Davisek bere tesi doktorala biltzen duen saiakera honetan. Modu dibulgatiboan eta ulerterrazean, iragan mendeko erdira arte zer borroka ideologiko eta praktiko eman ziren aztertzen da. Elkarrek eta “Jakin”-ek argitaratu duten liburua bilduma berri baten lehena izango da. Izan ere, pentsamendu feministako liburu mugarriak euskarara ekartzeko “Eskafandra” izeneko atala jarri dute martxan.

Askatasuna, etengabeko borroka bat. Ferguson, Palestina eta mugimendu baterako oinarriak titulua du Angela Davisen azkeneko saiakerak. Katakrakek argitaletxe gisa kaleratzen duen lehena da. Horregatik, Nerea Fillat Katrakeko kideak azaltzen duenez, «zoriontasun momentu bat bizitzen ari gara, ildo berri bati eutsi diogulako. Guk hasieratik nahi genuen argitaratzen hasi. Duela hamar urte, lehen liburu denda sortu genuen: La Hormiga Atómica’. Duela hiru urte, Katakrak ireki genuen. Gune horrekin, ikasketa guztiak metatuta, aukera izan dugu behingoz argitaratzen hasteko».

Argitaletxearen asmoa, euskarazko eta gaztelaniazko saiakerekin batera, beste hizkuntzetatik euskarara ekarritako lanak ere argitaratzea izango da. «Davis aspaldi ezagutzen genuen autorea da, planteatzen dituen eztabaidak eta ildoen jarraitzaileak gara», azaldu digu Fillatek. Aukera eduki dutenean, «erlojuaren kontra» lan eginez, bere azken saiakera plazaratu dute. Ingelesetik egindako itzulpenak Amaia Apalauza, Iñigo Roque eta Garazi Ugalderenak dira. Puri-purian dauden konfliktoak eta gatazkak lantzen ditu lanak, «ekarpen garrantzitsu eta inportantea da, egun baliagarriak izan daitezkeen teoria politikoak proposatzen dituelako».

Liburuari Katakrakek egindako sarrera gehitu zaio. Fillatek argitu duenez, «duela hilabete eskas gertatutako Elhadji Ndiayr senegaldarraren kasua hartu dugu, Iruñeko Polizia Nazionalaren egoitzan ‘berez’ hil zen gaztearena. Davisek liburuan garatzen dituen ideiak gurean kokatzeko erabili dugu. Osotasunean ulertzeko. Azken finean, liburuak guretzako tresnak direlako».

Azkenik, Gite-Ipes elkarteak aurtengo otsailean Davisek Euskal Herrira egindako bisitaren testigantza jarri du irakurleen esku. Bilboko Bidebarrieta Liburutegian “Kartzela kalera! Emakumeak eta kartzela” izenburupean egindako jardunaldiaren edukia jasotzen duen liburuan, Angelak Davisen hitzartzea aurkituko dugu, baita DVD formatuan ere. Azken urteetan nagusiki jorratu duen abolizionismoaz irakurketa sakona eskaintzen du. Kartzelaz aritzen da eta mozkinak ateratzeko zigorraren kultura hedatzen duten korporazioez irakurketa zorrotza egiten du. Baina, batez ere, euskal gizartean eztabaida berriak pizten dituen hausnarketa integral bat partekatzen du. Kaleratutako liburuan, Davis berarekin batera aritu ziren gainerako hizlarien ekarpenak ere jasotzen dira.

Menderakuntza hirukoitza, intersekzionalitatea eta aliantzak

Ez da ez erraza Angela Davisek azken hamarkadotan bildutako esperientziak eta egindako ekarpen ideologikoa laburtzea. Menperakuntza hirukoitzaren teoria landu zuen, eta, Lorea Agirrek azpimarratzen duenez, «oraindik intersekzionalitatea aipatu ere egiten ez zen garai batean, Angelak menderakuntzak elkar elikatzen direla esaten zuen. Aliantzatik egin behar dela borroka dio. Ez dela posible feminista izatea eta arrazista izatea. Ez dela posible feminista izatea eta ez izatea sozialista. Ez dela posible arrazakeriaren kontra jardutea eta ez izatea feminista eta sozialista. Izan ere, sistemaren lerroak berdinak dira».

Nera Fillatek ere azpimarratu du Angela Davisen intersekzionalitatearen ideiak duen garrantzia, bere azken liburuan jorratzen dituen gaiak gogora ekarriz. «Intersekzionalitatearen kontzeptua behin eta berriz lantzen du, esanez, adibidez bai Palestinan eta bai Ameriketako Estatu Batuetan bizi dituzten gatazkek eta mugimenduek harremana dutela». R.N

Libro: